«Donostian bizi zen Iosuneri zor nion liburua da hau». Iosune Goñi Garcia idazlearenak dira hitzak. Filosofia ikasketak egin zituen Donostian, eta graduko azken urteak latzak izan ziren harentzat. Orain, urte haietan sentitutako min eta sufrimendu guztia aztertu, eta horri tiraka poema liburu bat idatzi du, Balea Zuria argitaletxearen laguntzarekin: Ahizpa beltza. Mina ulertzeko, aztertzeko eta onartzeko pausoak irudikatu ditu liburuan.
Idazlearen bosgarren poema liburua da, laugarrena euskaraz. Aurrekoak hogei bat orriko lanak izan ziren, eta, berria luzeagoa denez, idazleak sentitu du bere lehen lana izan dela; «aurrekoei meriturik kendu gabe». Lehen hiru euskarazko poema liburuak sariak irabaziz argitaratu zituen Goñik, eta azkena ere sariketa bati esker heldu da kalera, Aritz Gorrotxategi Balea Zuria argitaletxeko editoreak azaldu duenez. «Ahizpa beltza Donostia Kultura Poesia Lehiaketako finalista izan zen, eta, irabazi ez zuen arren, hain ona izanda, argitaratzeko erabakia hartu genuen».
Goñik zehaztu duenez, 2017. urtean hasi zen orain aurkeztu berri duen liburua idazten. «Ahizpa beltza Donostian jaio zen, hemen bizi nintzenean. Garai hartan osasun arazoak izan nituen, eta horrek krisi psikologiko batera eraman ninduen. Hor hasi nintzen ahizpa beltza adierazpena erabiltzen, gertatzen zitzaidanari izena jartzeko». Ahizpa beltza deitu zuen min hura handituz joan zen denborarekin, eta, azkenean, idazleak min hura beste pertsona bat balitz bezala ulertzen zuen. Horregatik, liburuan ere hainbat modu darabiltza idazleak hura izendatzeko: «bestea», «beste Iosune bat» eta «ahizpa beltza».
Minaren eta sufrimenduaren barnean hainbat gai jorratzen ditu idazleak. «Liburu deserosoa eta mingarria da, eta era berean ederra eta berezia», azaldu du Gorrotxategik, eta gehitu du «minaren inguruko katalogo bat» dela. Sexu indarkeria, suizidioa, eskola jazarpena, substantzien abusua eta autolesioak dira liburuan aipatzen diren gaietako batzuk. «Gai horiek denak modu poetikoan tratatzea lortu du Iosunek».
Minetik ihesi
«Nik ez ditut poemak idazten, liburuak idazten ditut», esan du Goñik. Liburua poema luze baten moduan uler daitekeela adierazi du, eta bidaia baten itxura duela, kronologikoki egindako bidaia batena. Hiru ataletan zatitu du liburua. Lehenengoa poemaz osaturik dago, eta desertu bat irudikatzen du, lehen itsasoa zen desertu bat. «Lehen atalean sufrimendu emozionalaren gaineko ikuspegi hegemonikoa islatzen da. Ahizpa beltzak beldurra eragiten digula ulertzen dugu bertan, hark gu akabatu nahi gaituela. Horren aurka, beldurra eta mina isiltzea izaten da gure erantzuna, alde batera utzi eta aurrera jarraitzea».
«Ez gara konturatzen ahizpa beltza ez dela akabatu nahi gaituen zerbait. Gure beharra duen zerbait da, guk entzutea behar duena»IOSUNE GOÑIIdazlea
Bigarren atala prosan idatzita dago, eta minaren inguruko ikuspegiak ere aldaketa bat jasaten du. Goñi: «Iluntasuna zerk eragiten duen aztertzen da bigarren atalean. Ikuspegia dagoeneko ez da nigan zerbait gaizki dagoela, baizik eta naizen bezalakoa naizela gizarteak horrela eragin didalako». Irakurtzeko arinagoa dela adierazi du idazleak, eta bertan agertzen den testu bakoitzak egoera traumatiko bat irudikatzen duela. Horrez gain, gehitu du traumak eta beldurrak azaltzea askotan konplexua dela, gizarte kapitalistak ez duelako denborarik uzten sufrimendua prozesatzeko.
Azkenik, hirugarren atala «iluntasunaren apologia» bat dela esan du idazleak. «Minetik ihes egin beharrean hura entzun beharko genukeela adierazi nahi izan dut azken atalean. Ez dugu hori egiten; beti aldentzen gara, sufrimendua isilaraziz, baina ez gara konturatzen ahizpa beltza ez dela gu akabatu nahi gaituen zerbait. Gure beharra duen zerbait da, entzun dezagun behar duena». Ahizpa beltzarekin bakea egitea bilatzen du liburuaren azken atalean, iluntasunean dagoen balioa aldarrikatuz.