Durangoko 56. Azoka. Oihana Arana eta Ainara Azpiazu 'Axpi'. Idazlea eta marrazkilaria

«Min ematen du entzuteak emakume gazteak direla gehien saltzen dutenak»

Belaunaldi berriak «hegemonia pikatzen» ari direla uste dute Aranak eta Azpiazuk. Presente dituzte azokaren dirdiraren atzean dauden gabeziak.

GORKA JULIO / FOKU.
itziar ugarte irizar
Durango
2021eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Egiteko ezberdinetan aritu dira azoka egunetan Oihana Arana (Eskoriatza, Gipuzkoa, 2001) eta Ainara Azpiazu Axpi(Hernani, Gipuzkoa, 1980). Horien artean, Lazunak azazkaletan (Susa) poema liburua eta Tupust! Zu(Tupust) komikia aurkeztu zituzten atzo. Duela gutxi ezagutu zuten elkar. «Feministaldian, komunetan!». «Biharamunean, bertso saio batean ere egon ginen!».

Zer harreman izan duzue orain arte azokarekin?

OIHANA ARANA: Familian urtero etortzen ginen gu; gero lagunekin, eta aurten, lehendabizikoz, beste aldera igaro naiz.

AINARA AZPIAZU: Ni 18-20 urtetatik ia urtero etorri izan naiz. Ikustera etortzen hasi, eta ekitaldietan parte hartzen amaitu. Galtzea gustatzen ez zaidan zita bat da.

Zerrenda eginda zatozte ala ikusi ahala aukeratzen duzue?

A.A.: Buruan idazten dut zerrenda, baina gero gustatzen zait irekita ibiltzea ere, eta ezusteko zera horrekin zerbait berria erostea. Beti gainditzen dut pentsatua ekartzen dudan diru muga. Urteroko gezur txikia [barreak].

O.A.: Nik nahiko pazientzia gutxi izaten dut, eta askotan ez dut itxaroten azokara heldu arte; atera ahala erosten dut. Baina, bai, nik ere beti amaitzen dut pentsatu gabekoak erosten hemen.

Baina bat azokari?

A.A.: Lehendabizikoz ikusi dut aurten Da! Projardunaldiak egin direla, eta, batzuetan, izaten dut sentsazioa sormenaz eta kulturaz aritzean marrazki, komiki eta ilustrazioaren mundua bazterrean gelditzen dela. Egitasmo horretan, irudigileekin lotutako zerbaiten falta sumatu dut. Beti pentsatzen dut «ai, gogoratuko dira gurekin ere», eta gero pena txikiak hartzen ditut.

O.A.:Baina handi bat botako dut nik... uste dut azokak daukan karga sinbolikoa gehiegizkoa dela akaso, eta pentsatzen dugula Durangoko Azokak salbatuko duela euskal literatura eta diskogintza, eta ez da batere erreala hori. Erreferentzia gisa hartzen dugu azoka, eta hari begiratuta pentsatzen dugu dena doala topera, baina urteko beste egun denetan errealitatea oso ezberdina da. Itzal horren luzera jarriko nuke nik baina modura.

Zertan egin dugu aurrera kultur komunitate modura?

A.A.: Ni pozik nago belaunaldi berri kañeroak ikusten ditudalako, eta emakumeen presentzia ari delako bere tokia pixka bat hartzen, bidea gelditzen zaigun arren. Nire susmoa da ugaritu egin dela panorama orokorra, eta lehen lekurik ez zuten ahots batzuk eta interesgarriagoak zaizkidan diskurtsoak errazago iristen direla plazara.

O.A.: Bai, oso ados. Uste dut belaunaldi berriak ari direla hegemonia pikatzen. Entzun ditutgizon batzuk inguruan esaten neska gazteena dela kasik hegemonia orain, haiek direla gehien saltzen dutenak, eta min ematen du, zeren badakigu gezurra dela. Baina esan nahiko du zerbait ondo ere egiten ari garela. Eta egia da ugaritu dela eskaintza; musikari asko stand erdi batekin egon dira, baina beste prekaritate batzuen isla ere bada.

Horretan gaude trabatuta?

A.A.: Bai, honetan ari garenon baldintzak oraindik oso-oso prekarioak dira. Jende asko ikaratuko litzateke ikusita nola bizi garen honetan profesionalizatzea erabaki dugunak. Herri gisa, ikaragarri falta da sortzaileak eta ogibidea zaintzera heltzeko.

O.A.: Bai, eta uste dut lehen aipatu ditugun belaunaldi berri horien kezketako bat ere badela ikustea sekula ez direla helduko profesionalizatzera honetan.

Aurtengo uztatik bi ale?

A.A.: Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala erosi berri dut, eta kuriositatea daukat [Joseba] Tapiaren azken lanarekin.

O.A.: Nik Gaztelumenditarren Bidea da borroka komikia erosi dut, eta egunean bertan irakurri; eta erosiko dut Leire Bilbaok eta Maite Mutuberriak Pamielarekin atera dutena ere...

A.A.: Ai, bai! Barruko hotsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.