Milioi laurden dokumenturen bila

Eresbil musikaren artxiboak 243.475 dokumenturen inbentarioa egin zuen 2016an. Pablo Solozabali buruzko webgunea martxan jarriko du aurten

Jon Bagues Eresbileko zuzendaria, atzo, Donostian, 2016ko balantzea aurkeztu aurretik. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2017ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Ikus-entzunezko 109.945 dokumenturen, 89.655 partituraren, liburutegiko 19.008 dokumenturen —liburu eta aldizkari— eta bestelako 24.864 erregistroren —gutunak, argazkiak, programak, kartelak, dosierrak...— inbentarioa egin zuen Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak 2016an. Orotara, 243.475 dokumentu ditu bilduak eta katalogatuak, 2015ean baino 9.424 gehiago.

Jon Bagues Eresbileko zuzendariak aurkeztu zuen 2016. urtearen balantzea, atzo, Donostian, eta, nabarmendu zuenez, «Euskal Herriko autoreekin eta musikarekin erlazionatutako ia 34.000 partitura ditu bilduak erakundeak».

Dokumentazio lanari dagokionez, Baguesen hitzetan, «2016a funtsezko urtea izan da Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak sustatzen duen dantza artxiboa sendotzeko». Dantza tradizionalaren inguruan Euskal Herrian egin diren jaialdi, emanaldi eta manifestazioei buruzko 425 bideo zinta berreskuratu dituzte. «Bideo guztiak digitalizatu ostean, aztertu, identifikatu, trakeatu, baloratu eta katalogatu egin dira». Informazio hori guztia eskuragarri dago Eresbilen sareko katalogoan.

2017ko erronkak

Lan ildo berean jarraituko du Eresbilek aurten ere. Egun, Angel Segura musikariaren funtsean lanean ari dira. Barakaldokoa (Bizkaia) zen musikaria, «eta gitarraz maiteminduta zegoen». Haren funtsean, gitarrarako 7.000 partituratik gora aurki daitezke.

Eresbilek antolatzen duen Musikaste jaialdia —45. aldia izango du— maiatzaren 19tik 27ra egingo dute aurten. Amaierako kontzertua Andra Mari abesbatzak emango du, bere 50. urtemugan. Pablo Sorozabalen suite sinfoniko-korala estreinatuko dute. Ricardo Rodriguez Quintana Bilboko zinemagilearen Jai-Alai filmerako konposatu zuen suite hori Sorozabalek. 1940an estreinatu zen filma, baina egun ez dago haren kopia ezagunik. Partitura, ordea, gaur egunera ailegatu da.

Gainera, Eresbilek Sorozabali eskainitako webgunea kaleratzeko asmoa dauka 2017an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.