«Has dadila akelarre antifaxista». Lehen akordetik lehertu da Fermin Muguruzaren festa ostiral gauean Bilbo Arenan. Musikariaren ibilbideko disko guztien azalak proiektatu ostean, Maputxeak kantarekin hasi da taldea lehenik, eta Urrun abestiaren akordeekin azaldu da, publikoaren zarata artean, Muguruza. Milaka eztarritan zabaldu da haren ahotsa. 8.000 ikusle batu ditu lehen zuzeneko horretan, eta beste hainbeste bilduko ditu larunbatean, gune berean emango duen bigarren kontzertuan. Musikariak hau du oholtza handietarako itzulera. Apenas minutu bateko musika eten labur batekin, guztira, 29 abesti eskaini ditu bata bestaren atzetik musikariak, bisak eskaini aurreko bi orduko tartean, eta gauerdian amaitu du azken abestia, txalo zaparrada jasoz.
40 urteko ibilbidean osatzen joan den unibertso musikal, sozial eta politiko guztiaren lagin esanguratsua taularatu du Muguruzak. Horretarako, tartekatu egin ditu Kortaturekin sortutako kantak, Negu Gorriak taldearekin osatutakoak, bai eta bakarkako ibilbidean plazaratutako abestiak ere. Muguruzaren punk-rock, reggaea eta hip hop hotsen arteko uztartze pertsonal hori izan da emaitza, lehen mailako talde ezin eraginkorrago batek lagunduta. Palestina eta Kurdistan izan ditu gogoan emanaldian, eta, Iñigo Muguruza anaia ere bai, behin baino gehiagotan. Lehen unetik beretik, eszenatokitik gertuen zen lerrotik hasi, eta aretoko hirugarren solairuko azken lerroetaraino jarri du jendea dantzan.
Hainbat kolaborazio izan ditu kontzertuak. Jon Maia bertsolaria izan da oholtzara igotzen lehena, eta bertan izan dira Negu Gorriak taldeko Kaki Arkarazo, Mikel Anestesia eta Mikel Abrego ere ondoren. Asier Villalibre futbolari eta musikaria eta Itziar Ituño aktore eta abeslaria ere izan dira agertokian. Muguruza baino lehen, puntual baino puntualago hasi da Des-kontrol taldearen emanaldia. «Ei, egurra! Hurbildu!». Eta zorrotz hasi da Muguruzaren kontzertua ere.
Lerroburuz lerroburu joan zaio urtea Muguruzari. Hamarkada oso bat pasatxo oholtza handietatik aparte egon ondoren, kontzertu handi bat emateko asmoa iragarri zuen lehenik, publikoak berehala erantzun, eta bigarren saio bat egingo zuela adierazi zuen. Orduan, nazioarteko bira bat emango zuela jakinarazi zuen, eta, geroztik, aldiro bilakatu dira albiste kontzertu horietako gehienak, sarrera guztiak edo gehien-gehienak behintzat berehalako batean saldu direlako maizenik.
Aurreko astean eman zuen azken-aurreko lerroburua; birako azken kontzertua 2025ko urriaren 24an Iruñean emango du, eta astearte honetan bertan heldu zen azkena: eskuragarri jarri, eta hiru orduan 10.000 sarrera saldu zituztelako saio horretarako. Musikariaren erakarmen ahalmenaren eta haren ekarpenaren maila erakusten dute aurrekari horiek guztiek, eta, orain, azkenik, heldu da zuzenekoen garaia. Asteartean Miarritzen (Lapurdi) eskainitako birako lehen kontzertuan motorrak berotu ondoren, guztira, 16.000 ikusle bilduko ditu asteburuan Bilbon eskainiko dituen bi kontzertuetan. Eta, beraz, orain hori da lerroburua: Fermin Muguruza itzuli da.
Ikusi gehiago
Antolakuntzak zehaztutakoaren arabera, gaur bezala, bihar ere, 18:30ean irekiko dituzte aretoko ateak, eta 19:30ean joko du lehen taldeak. Des-Kontrol izan da ostiralean, eta Bad Sound System arituko da larunbatean. 21:00etan hasiko da Muguruzaren emanaldia.
Iñigo Muguruza, gogoan
Baina hasi, Muguruzak efemeride sentitu batekin hasi zuen bira asteartean Miarritzeko Atabal aretoan (Lapurdi). Iñigo Muguruza musikaria 60 urte betetzekoa zen egun horretan, eta anaia ez ezik, hainbat taldetan kide ere izan zuen Fermin Muguruzak. 2019ko irailaren 5ean hil zen, eta Fermin Muguruzak anaia omentzen hasi nahi izan du nazioarteko bira. Goraino beteta egon zen 700 pertsona inguru hartzen dituen aretoa.
Iñigo Muguruzaren ikasleek osatutako Iñigoren Diszipuloak taldea igo zen lehenik oholtzara. Kortatu, Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Hiru Leike eta Lurra taldeen kantak eskaini zituzten, guztietan aritu baitzen Iñigo Muguruza. Eta emanaldi horren ondoren hasi zen Fermin Muguruzaren kontzertua, 1999an kaleratutako Brigadistak Sound System diskoa abiatzen zuen Urrun abestiarekin.
Bi ordu eta hiru laurden inguru iraun zuen emanaldiak, eta musikariak egindako 40 urteko ibilbide artistiko osoa errepasatu zuen taldeak. Asmo hori izango dute birako kontzertu guztiek, baina musikariak iragarri du ere emanaldi bakoitza ezberdina izango dela; besteak beste, saioz saio gonbidatutako taldea aldatuz joango delako. Bordelen, Zetekin arituko da; Parisen, Merina Grisekin; Galizian, Nakarrekin; Bartzelonan, Gailurekin, eta, Madrilen, Tremenda Jauriarekin.
Kolaboratzaileak ere izango ditu Muguruzak hainbat saiotan, baina hamar kideko taldea izango da zuzenekoen oinarria. Jon Elizaldek, Aritz Lonbidek eta Igor Ruiz Fino-k osatuko dute haize hirukotea, Gloria Maurelek joko du bateria, Gerard Chalart 58 perkusionista ere izango da taldearen parte, bai eta Xabi Solano trikitilaria, Victor Navarrete baxu jotzailea, eta Lide Hernando gitarra jotzailea eta Miryam Matah abeslaria ere, eta, noski, Muguruza bera izango da kantari nagusia.
Besarkaden zeremonia bat
Muguruzak berak azaldutakoaren arabera, «musikaren, dantzaren eta erreibindikazioaren bidez, oroimen kolektiboko ariketa bat» egitea da bere asmoa, «bizitzaren ospakizun bat eta faxismoaren arbuioa; besarkaden zeremonia bat». Ikusi ere, ezinbestean, aldarrikapenekin uztartuta ikusten du bere ibilbidea musikariak berak ere, BERRIAri eskainitako elkarrizketan adierazi zuenez. «Argi ikusten dut nirea jazarpen baten historia dela. Kortaturen garairako geratu zitzaigun garbi: Madrilgo kontzertuak bertan behera, eta Poliziarekin istiluak»
Guztira, 25 emanaldi izango ditu nazioarteko birak. Bilboko bi kontzertuekin eta Iruñekoarekin batera, Donostiako Anoeta estadioan ekainaren 14an eskainiko duena izango da jendetsuenetako bat. Antolatzaileen arabera, 25.000 sarrera salduta daude jada, eta 10.000 gehiago jarri dituzte eskuragarri, horregatik. Eraikinaren goiko eraztuna ere irekiko diote publikoari horretarako. Saio horretan, Fermin Muguruza ez ezik, ondorengo taldeak ere arituko dira: Des-Kontrol, Bad Sound System, Niña Coyote eta Chico Tornado eta DAM talde palestinarra.
Birako kontzertuak:
ABENDUA
20 BILBO - Bilbo Arena (sarrerak amaituta).
21 BILBO - Bilbo Arena (sarrerak amaituta).
2025:
URTARRILA
17 LA LAGUNA (Tenerife, Espainia) - Espacio Cultural Aguere (sarrerak amaituta).
18 LA LAGUNA (Tenerife, Espainia) - Espacio Cultural Aguere (sarrerak amaituta).
24 BARTZELONA - Palau Sant Jordi.
OTSAILA
15 MADRIL - Wizink.
MARTXOA
15 SANTIAGO DE COMPOSTELA - Fontes do Sar.
21 PARIS - La Cigale.
22 BORDELE (Okzitania) - Salle du Grand Parc.
28 TOLOSA (Okzitania) - Le Bikini.
29 MARSEILLE (Frantzia) - Espace Julien.
APIRILA
12 ZURICH (Suitza) - Rote Fabrik.
24 LONDRES - Scala.
25 DUBLIN - Button Factory.
MAIATZA
10 MERIDA (Espainia) - Ifeme.
16 BERLIN - So36 (sarrerak amaituta).
20 SANTIAGO (Txile) - Teatro Cariola.
22 MONTEVIDEO - Sala del Museo del Carnaval.
24 BUENOS AIRES - Estadio Obras.
28 BOGOTA - Calle 13.
31 MEXIKO - Skatex (Texcoco).
EKAINA
07 ERROMA - Circolo Concetto Marchesi.
14 DONOSTIA - Anoeta estadioa - Reale Arena.
UZTAILA
23 TOKIO - Radical Music Network Festival.
URRIA
4 IRUÑEA - Nafarroa Arena.