«Amaitu da analisi zuhurren garaia». Ideia horrek gidatu du Miguel Sanchez Ostiz (Iruñea, 1950) bere azken lana idazterakoan. Bere hurrengo eleberrian amaitzen dabil, eta pare bat astean helduko da kalera. Bitartean, ordea, salaketaren eta gogoetaren arteko liburu bat kaleratu dio Pamielak: El asco indecible (Nazka esanezina). Nahasian doaz Sanchez Ostiz idazlea eta Sanchez Ostiz hiritar suminduaharen orrietan. Iazko irailetik abendurako tartean izandako gertakari eta albisteek sortutako gogoetek osatzen dute, eta agerikoa da haserrea. «Bizkarrean idatzi digute liburu hau», dio. Iñaki Arzoz artistak botatakoa da, halere, lanari buruzko deskripziorik sendo eta zorrotzeena: «Mila galtzadarrik baino gehiago balio du».
Ez du etenik bidegabekerien iturriak Sanchez Ostizen hitzetan,baina kontrara, ezin mugatuagoak dira halakoei aurre egiteko bideak. Eta hori da liburuarekin salatu nahi duenetariko bat. Dioenez, elkarrizketaren alde mintzo dira boterean diren guztiak gaur egun, eta totem gisa aurkezten dute, baina bere ustez, «borrazoka» hautsia dute benetako elkarrizketa. Eta fartsa bat baino ez da gelditzen orain. Eszenifikazio hutsa: «Nik hitz egin, zuk entzun, bukatzean txalo egingo didazu, gero bete egingo duzu nik diodana, eta, batez ere, eszena utzi beharko duzu azkenean». Baina kexatu egin beharraz mintzo da, halere, idazlea. Motibo faltarik behintzat ez du ikusten berak.
Bata bestearen ondoren datoz gaiak, bidegabekeria desfile luze baten gisa: memoria historikoa, eskubide sozialen galera, justiziaren funtzionamendu eskasa, errepresioa... Ironiaz lantzen ditu guztiak idazleak, baina baita motz ere. Gehienez ere orri bete hartzen duten paragrafoz osatu du El asco indecible. Ez omen du nahi izan estiloak gogoetaren haria eteterik. «Irakurleak bere kasa pentsatzen jarrai dezan nahi dut. Ez dut irakurlea hitz gehiegirekin edo estilo maisukeria batekin nahasi nahi. Hobe mezua motz eta argi ematea». Dioenez, argia da bere helburua: irakurlea pentsatzera gonbidatzea.
Indartsuak dira erabiltzen dituen irudiak, eta zorrotza da egiten duen diagnosia. «Batzuk dantza egiten dute, eta besteek jasan egin behar dute dantza hori beren bizkarrean». Izan ere, erabat desorekatua da lehia idazlearen hitzetan. «Labanadunen arteko borroka bat da hau, eta labankada gehien ematen dituenak edukazioa eskatzen dio besteari».Egungo erregimenak lehengoak bezain totalitarioa izaten jarraitzen duela dio; «baina egungoak trajea eta gorbata eramaten dituenez, ez dirudi hain totalitarioa denik».
Baina, zer egin?
Pilatzen doa haserrea orriz orri, eta hiru hilabeteko gertakariez aritu beharrean ekainera arte izango direnez arituko balitz, entziklopedia oso bat idatzi ahalko lukeela dio txantxetan Sanchez Ostizek. Idazlearen testuez gainera, hiru irudi ere baditu liburuak; bat: Bartzelonan poliziak iaz kolpatutako 13 urteko ume baten aurpegi odoldua; bi: 1976an poliziak bortxaz sakabanatutako manifestazio bat; eta hiru: Iruñean urrian izandako greban gerrian ustez pistola bat daraman kaputxadun batek banku bati egindako erasoa. Odola irakiten dioten irudiak, idazleak dioenez. Baina, zer egin?
Galdera hori da liburuko azken sailaren titulua: Zer egin?. Zabalik uzten du galdera idazlearen zereginari buruz idatzitako gogoetan, adibidez: «Gaiak gainezka egiten diola sentitzen du [idazleak]. Bere beldurra adierazten du, bere nahasmena, bere ziurgabetasuna; eta bere egoera pertsonalaren arabera zaunka egiten du, jadanik oso bizi den sura gerturatzen du bentzina, haserretu egiten da, baina ez da askoz ere urrunagora joaten, urrunagora joaten ez dakielako, edo ezin duelako. Eta damutu egiten da».
Argi izpi batzuk ere aipatu ditu, halere. Ez gehiegi, baina batzuk bai. «Auzoetan sumatzen dut indartzea eta sendotzea merezi duen mugimendu bat». Eta aitorpen bat, azkenik: «Liburua idatzi ahala ohartu naiz ez nagoela bakarrik».
Mila galtzadarri baino gehiago
Irailetik abendura idatzi du Miguel Sanchez Ostizek 'El asco indecible' gogoeta eta salaketa liburua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu