KRITIKA. Musikal dokumentala

Mila egunetik gora

Agus Perez.
2024ko abenduaren 10a
04:05
Entzun

'LOS DIAS AFUERA'

Jatorrizko ideia, testua eta zuzendaritza: Lola Arias. Dramaturgia: Bibiana Mendes. Bideoa: Martin Borini. Koreografiak: Andrea Servera. Musikaria eszenan: Ines Copertino. Musika: Ulises Conti, Ines Copertino. Jantziak: Andy Piffer. Argiak: David Seldes. Eszenografia: Mariana Tirantte. Antzezleak: Yoseli Arias, Paulita Asturayme, Carla Canteros, Natal Delfino/Ignacio Rodriguez, Estefania Hardcastle, Noelia Perez. Lekua: Baionako Michel Portal antzokia. Eguna: Abenduak 4.

Mila egun baino gehiago daramate gure protagonistek espetxetik kanpo —haietariko baten batek bi milatik gora ere— baina, Sarrionandiak dioenez, «preso egon denaren gogoa kartzelara itzultzen da beti».

Los días afuera (Kanpoan izandako egunak) izan da Baionan ikusi dugun antzezlana, Michel Portal antzokia goraino beteta zegoela —bi egunez izan dira emanaldiak— eta, izenburuak iradoki bezala, Argentinako gaztelaniaz mintzo dira antzezleak frantsesezko itzulpenak goiko aldean proiektaturik. Horren azalpena da Lola Arias argentinar kreatzaile distirantak —Berlinen errotu zen aspaldi— sortu, idatzi eta zuzendu duela sakon hunkitu gaituen lan musikal eta dokumental hau, bere ohiko ibilbideari eta sen artistiko-sozialari men eginez. Esku-programan azaldu digutenez, «antzerki dokumentaleko obrak jartzen ditu eszenan, hainbat gertakizun edo bizipenetatik igaro diren pertsonekin kolaboratuz, hau da, era batean edo bestean biziraule diren pertsonekin».

Kasu honetarako, Argentinako presondegietan egondako sei emakume eta zisgenero pertsonak aukeratu ditu, ez hainbeste barrote artean bizi izandakoa dokumentu batean transmititzeko baizik eta gizakien barietate itzela erakusteko, aldi gogorren ostean aurrera jarraitzeko ahalmena goresteko eta izpirituaren askatasunari eta elkarri laguntzeko bertuteari kantu egiteko.

Ezinbestekoa zenez, Hegoaldean ibilitako Lectura facil (Irakurketa erraza) antzezlanarekin gogoratu gara emanaldian zehar. Han ere Madril inguruko sei emakume sozialki bazterturen bizipen gordinak taularatzen ziren oso era garaikidean eta, orduan bezala, antzokitik irten ostean geure buruari galdetu diogu ea taula gaineko pertsonaiak benetakoak ala antzezleak ote ziren, alde horretatik Ariasek erabateko maisutasuna erakutsi baitu aurretiazko prestakuntzarik gabeko pertsonak maila eszenikoraino igoaraziz, beren benetako izaera eta manerak aldi berean errespetatuz. Nomadland filmarekin ere gogoratu gara alde horretatik.

Ikusten denez, azken unerako utzi ditut alde eszenikoak: agertokiaren itxura garaikide eta dinamikoa, benetako bideo-irudien erabilera hipnotikoa —kaleak ematen digun askatasun sentsazioa—, zuzenean jotako musika esanguratsuak… Dena izan da bihotz-altxagarria, errealitate ezin gordinago batetik abiatuta. Mila esker, Lola Arias, zurea bezalako ekarpenak ezinbestekoak zaizkigu esperantzarik gabeko basamortuaren zeharkaldi honetan. Azken oharra: Baionako emanaldia galdu baduzue, zineman dago ikusgai Reas (Kondenatuak) izenburuarekin eta lan-talde berberarekin.   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.