Mila aste eta bat gehiago

Literatur Emailuak buletin elektronikoak 1.000. zenbakia argitaratuko du apiril honetan. Eta 'Armiarma' literaturaren atariak 20 urte bete berri ditu martxoan; sareko liburutegi handi bat eta entziklopedia da aldi berean, bibliografia zabal eta argigarriekin, 7.752 kritikaren bildumarekin.

BERRIA.
Gorka Arrese.
2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Susa literatura argitaletxeak Literatur Emailuak izeneko albistari digitala abiatu zuen 2002ko urtarrilean. Astero ale berri bat argitaratuz, 1.000. zenbakira iritsiko dira laster, apirilaren 22an.

Literaturari buruzko notiziak, testuak eta agenda eskaintzen ditu ostegunero. Harpidetuek posta elektronikoz jasotzen dute. Eta blog forma ere hartuta dauka 2006az gero, argitara emandako albiste guztien bildumarekin eta bilatzaile azkar batekin.

Literatur Emailuak sortu ziren Armiarma webguneko argitalpenen eta Susaren jardunaren berri emateko, alde batetik, eta euskal literaturaren une bereziak eta historikoak gogoratzeko, beste alde batetik.

Buletin elektronikoaren egileak Leire Lopez, Mikel Elorza eta Patxi Gaztelumendi dira gaur egun.

«Lagunei posta elektronikoz mezu eta jakingarri ugari bidaltzeko ohitura neukan mende hasiera hartan», azaldu du Gaztelumendik; «kaikunews deitzen zien Jose Luis Otamendi idazleak txantxetan. Ordurako, Literatur Aldizkarien Gordailurako ale batzuk digitalizatzen aritua nintzen, eta Armiarma webgunearen sorrera hurretik bizi izan nuen 2001eko martxoan. Hortaz, albistari digital bat abia nezan proposatu zidan Josu Landak. Literaturari buruzko mezuak bidaltzen hasi ginen lagunen posta elektronikoetara; ez eskuz, ez banan-banan, motor baten bidez baizik. Garai hartan ez genekien zer zen spam edo zer zen newsletter bat. Geure kabuz asmatu genuen guretzako moduko komunikazio tresna hura». Harpidedunak batu arau, komunitate txiki bat sortu zen. Eta zenbat eta literatur eduki gehiago digitalizatu eta sarean eskaini, orduan eta funtzio komunikatibo garrantzitsuagoa hartu zuen buletinak.

Albisteak beti oso laburrak izango zirenez, kolpe batean irakurtzeko modukoak, email ordez Emailu hitza asmatu zuten, Gabriel Arestiren «poesia mailu bat da» esaerari keinu eginda.

Asteroko literatur agenda osatzen hasi ziren, eta, ondorioz, beste agente batzuen berri ematen ere aritu dira harrezkero: argitaletxeen argitalpenak, idazleen hitzaldiak eta errezitaldiak, liburu aurkezpenak, literatur jaialdiak, azokak, irakurle taldeak... Literaturaren eta ekitaldien promozio bide bat dira Literatur Emailuak.

«Literaturaren sarea asmatzen hasi ginen. Ohitu egin ginen corpus digitalizatuak sailkatzen, ordenatzen, lantzen, argitaratzen. Dinamika berezi bat sortu zuen horrek», gogoratzen da Gaztelumendi; «esate baterako, Palestinan gertakari lazgarriak gertatzen ari zirelako, Imanol Muruaren Palestina zauritua kronika liburua eskaini genuen osorik sarean. Eta horrenbestez, handik gutxira, astero liburu bat eskaintzera behartu genuen geure burua».

Tresna daukanak baliabideak ditu, eta tresnak berak, aldi berean, elikatzea eskatzen du. «Bestelako jokaera bat ekarri zuen gure artera: Susak bere webgunean liburuak osorik normaltasunez ematea, idazleek sareko argitalpenen aurrean mesfidantza gainditzea». Sareak ematen dituen aukerez ohartzen hasi ziren. «Irakurleek munduko edozein tokitatik irakurtzen ahal zuten. Armiarma-ren eta Susaren liburutegiak zabalik zeuden eguneko 24 orduetan. Liburutegi publikoa baino publikoagoa izaten hasi ginen».

Liburuak sareratu, aldizkariak digitalizatu, audioak grabatu, itzulpenak egin, literatur kritikak bildu..., argitaratzeko beste molde bat bilakatu ziren Armiarma ataria eta Literatur Emailuak. «Merkatuaren martxak ez du posible egiten gure literatura osoaren euskarri fisikoa edukitzea, adibidez, liburu denda batean. Baina sarean posible da liburu guztiak bizirik eta zabalik edukitzea ordu oroz, munduko edozein euskaldunentzat».

Tresna propioak prestatu eta garatu dituztelako egin ahal izan dituzte mila buletin, astero bat, hutsik gabe. «Emailuak bidali izan ditut kaletik, menditik, itsasontzitik, aireportutik, toki guztietatik. Deszentralizatua delako izan da etenik gabekoa. Eta batez ere motibazio ezberdinak dituzten kolaboratzaileak saretu ditugulako. Mila egin ditugu eta beste mila egiteko prest ditugu tresnak eta edukiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.