Literatura

‘Mikroipuinak’: txikiak, baina ez hutsalak

Idoia Torregaraik eta Patxi Uharte 'Zaldieroa'-k mikroipuin bilduma bat ondu dute elkarrekin, sare sozialetako txioetatik abiatuta. Eguneroko errealitatea dakarte, umorez.

Patxi Uharte 'Zaldieroa' eta Idoia Torregarai. GORKA RUBIO / FOKU
Patxi Uharte 'Zaldieroa' eta Idoia Torregarai. GORKA RUBIO / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2024ko martxoaren 7a
17:00
Entzun

Idoia Torregarai (Usurbil, Gipuzkoa, 1974) UEUko komunikazio arduraduna da lanbidez, baina umoreak egin du ezagun. Idazle gisa sare sozialetan urratu du bidea, eta bereziki Twitterren zabaldu du bere balio erantsia. Batzuentzat oztopo izan zitekeena, 140 karaktereko muga, bere sormenaren alde baliatzen jakin baitu, eta perla asko txiokatu baititu urteen poderioz. Perla horietatik asko Mikroipuinak liburuan batu ditu, Zaldieroaren ilustrazioz lagunduta. Elkar argitaletxeak plazaratu du.

Torregarairen txioek eguneroko errealitatea erretratatzeko gaitasuna dutela dio Xabier Mendiguren editoreak, «baina ez modu kostunbristan, ifrentzua erakutsiz baizik». Agerikoa ez den egunerokotasun horri, beraz, «umorea eta lirismoa» zukutzen dizkio hitz gutxiko piezetan; edo, bestela esanda, «edertasuna eta ezustea».

Baina liburu honek beharbada ez zukeen argia ikusiko —ez behintzat publikatu den gisan—, Patxi Uharte Zaldieroa BERRIAko komiki zintagileak (Faltzes, Nafarroa, 1966) Torregarairen txioei arreta jarri izan ez balie, eta horietariko batzuk bere espaziora, De Rerum natura-ra, marrazki bihurtuta eraman izan ez balitu. «Ez dakigu zergatik izan ote zen, auzolanean sinesten duelako edo ideiak agortzen ari zitzaizkiolako», esan du Mendigurenek. Nolanahi dela ere, hortik sortu zen Mikroipuinak liburua ontzeko ideia.

Ipuinak nolakoak, liburua ere halakoa. Izan ere, txikia da liburuen neurri estandarraren aldean, eta mikroipuin guztiak ere ez daude ilustratuta; «kargantea zatekeen», Zaldieroaren aburuz. Beronek «minimalismoa» du gogoko, baita zuritasuna ere, «edo, bederen, marrazkiak dena ez hartzea». Ildo horretan, mikro formatura jo du hark ere, eta BERRIAko komiki zintetakoak izan ezik —«oso politak dira, eta ezin argitara eman gabe utzi»—, gainerakoetan xehetasuna besterik ez du marraztu. Ilustratu gabe gelditu diren orrialde horiek direla eta, «norbere marrazkiak egitera» gonbidatu ditu irakurleak.

Kroketak eta maitasuna

150 istorio batzen ditu liburuak. Horietan gai asko aurkituko ditu irakurleak, baina baita «obsesio ugari» ere; esate baterako, janarena. Torregarai: «Kroketek agertu behar zuten, ezinbestean». Maitasuna eta poltsa beroa ere badira haren obsesioak, egunerokoan ageri diren beste gauza txiki asko bezala. Sortzeko, «momentuko txinparta» du gustukoen, hots, datorrenari etorri orduko heltzea, nahiz eta ondoren zuzenketak egin behar izan. Baina bada su txikiagoan landutako mikroipuinik ere.

Libururako, aukeraketa bat egin behar izan dute biek, espresuki. Hiruzpalau aldiz pasatu dute bahea, eta, Torregaraik aitortu duenez, ez da langintza erraza izan, liburuan ateratako kopurua halako lau zabaldu baititu sarean, horretan daramatzan hamabi urtean. Besteak beste, errepikakorrak ez izatea edota marrazteko aukera ematea izan dute kontuan.

«Inoiz ez dut astirik ez animorik izan libururik idazteko, baina sare sozialetako moztasun horrek halako bide bat zabaldu zidan».

 IDOIA TORREGARAIKazetari eta idazlea

Idaztea helburu

«Idaztetik bizi nahi nuelako ikasi nuen kazetaritza», azaldu du, eta asko idatzi du ikasle izateari utziz geroztik, hala nola elkarrizketak, bakarrizketak, gidoiak, podcastak edota txostenak. Baina inon laketzekotan, Twitterren laketu da: «Toki berezi bat aurkitu nuen hor, oso interesgarria, euskal komunitatea alegia, eta oso gustuko izan dut komunitate horren iritziak irakurtzea». Garai hartan 140 karaktereko muga izaten zuen txioak, eta aproposa iruditu zitzaion, besteak beste, sormena askatzen hasteko eta burutazioak paratzeko: «Inoiz ez dut astirik ez animorik izan libururik idazteko, eta sare sozialetako moztasun horrek halako bide bat zabaldu zidan».

Hastapenean, alter ego bat sortu, eta haren bidez plazaratu zituen bere burutapenak. Josunestilist zuen sinadura, eta hala dio bere profilak: «Josune naiz. Pelukera. Inkognitoan idazten dut hemen, klientak ez enteratzeko bizitza kultural sekretua daukatela. Nire gerra oihua: Tinteak libre egingo zaitu!». Traola bat ere izan du makulu, gerora: #mikroipuin. Pittaka, ordea, mundu birtualetik atera, eta lurrera etortzeko grina izan du. Duela bi urte edo, liburu bat egitea otu zitzaionean, Zaldieroarengana jo zuen: «Beste ilustratzailerik ez nuen nahi, egia esan, baina kostata eman zidan baiezkoa». Alabaina, lortu zuen, eta orain arte egin gabekoa egin dute: lerro eskas bat besterik ez diren esaldiak literatura bihurtu. Ipuinetan, laburretan laburrena aldarrikatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.