Mikel Sotok irabazi du Tene Mujika beka

Jon Miranderi eta haren obrari buruzko ikerketa lan bat onduko du: 'Mirande: Herriminez, ezin-minez'.

MIKEL SOTO NOLASKO
Mikel Soto, artxiboko irudi batean.
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko urtarrilaren 12a
12:15
Entzun

Jakinarazi dute nork jasoko duen Tene Mujika beka aurten: Mikel Soto Nolasko idazle eta editore ohia (Iruñea, 1978) da saritua. Euskal Herriko historia hurbila arakatzea du helburu Tene Mujika bekak, Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatuta. Horretarako, halako azterketak bermatuko dituzten ez-fikziozko proiektuak saritzen dira bekaren bitartez; Sotorena, orain. Jon Miranderi buruzko ikerketa proiektu bat aurkeztuta erdietsi du saria. Besteak beste, idazle hark Bretainiarekin eta abertzale bretoiekin izandako harremanak ikertuko ditu, haren lan ezezagun batzuk topatzen ere saiatuko da, eta haren biografia osatu bat plazaratzen. Sotoren iritziz, gainera, bista-bistakoa da Mirandek oraindik ere pizten duen jakin-mina, batik bat haren lanak leituz gero. «Ezinezkoa da ez galdetzea: baina nor izan zen gizon hau?». Gakoak argitaratzen ahaleginduko da Soto, hortaz.

Aurten, Idurre Eskisabelek, Eneko Bidegainek eta Cira Crespok osatu dute Tene Mujika nori eman erabakitzeko epaimahaia. Hemendik aurrera, Sotok urtebeteko epea izanen du ikerketa lana egiteko. Ondotik, liburu modura aterako da emaitza argitara. Izenburua jarria dio dagoeneko: Mirande: Herriminez, ezin-minez. 

Hain justu ere, Jon Miranderekin loturiko bi urteurren inportanteren tartean ariko da Soto hari buruz ikertzen. Izan ere, 2025eko urrian mende bat beteko da Mirande jaio zenetik, eta 2022aren hondarrean bete zen 50 urte hil zenetik.

Elkar argitaletxeari ikerketari buruz emandako azalpenetan, Sotok nabarmendu du Mirandek «argi seduktorea» irradiatzen duela egun ere, XX. mendearen erdialdean egiten zuen bezala. Dena dela, azpimarratu du, oro har, Miranderi erreparatzean soilik haren alderdi batzuei egiten zaiola so indarrez, eta ez denei. «Nire ustez haren bizitzari buruz gehiegi dakigu, baina ez dakigu horrekin zer egin, eta, gizona eta obra hobeto ulertzeko erabili beharrean, euskaldunok halakoetan egin ohi duguna egiten dugu: epaitu. Eta, gainera, esango nuke euskal literaturaren historian Mirande inor baino gogorrago epaitu dugula». Hori hala, behar adina arakatu ez diren alderdi horietan arituko da Soto lanean, besteak beste. Edonola ere, askotariko ekarpenak egitea espero du, eta «publiko orokorrarentzat idatzitako liburu batean» jasotzea hori.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.