Mikel Peruarena Ansak uko egin dio euskal literaturako Euskadi sariari

Hautagaia zela jakinarazi ziotenean, 'Su zelaiak'-en egileak Jaurlaritzari esan zion ez zuela parte hartu nahi lehiaketan.Saiakerakoa Joxe Azurmendik jaso du, eta gazte literaturakoa, Yolanda Arrietak

Ezkerretik eskuinera, atzo Donostian:Joxe Azurmendi, Yolanda Arrieta,Martin Olmos eta Joxean Muñoz. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2015eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Epaimahai batek hala erabakita, Mikel Peruarena Ansak (Ereñotzu, Hernani, 1978) ondutako Su zelaiak nobelak (Susa) irabazi du Eusko Jaurlaritzak antolatutako literaturako Euskadi saria euskarazko arloan. Idazle eta BERRIAko kazetariak, baina, uko egin die sariari eta horrek emandako 18.000 euroei. Sarietarako hautagaia zela jakinarazi ziotenean, joan den ekainean, gutun bat bidali zien antolatzaileei, liburua sariketatik kanpo uzteko eskatuz, ez baitzuen lehiaketan parte hartu nahi. «[Epaimahai batek] Estilo, gai, aukera literario hain ezberdinak dituzten lanen artean bakar bat aukeratzea eta urteko onentzat izendatzea guztiz lan ezinezkoa iruditzen zait. [...] Literatur kanona halako lehietan ebazteak eta nire lana ezagutarazteko beste batzuk isilarazi beharrak deseroso sentiarazten nau».

Peruarena Ansaren asmoaren berri eduki zuenean, Muñoz epaimahaiko kideekin jarri zen harremanetan. «Baina esan zidaten haien betebeharra zela aurtengo literatur uztako lanik onena askatasunez aukeratzea, eta ez zutela libururik kanpoan utziko», adierazi zuen Kultura sailburuordeak atzo Donostian, sarien berri emateko egindako agerraldian. «Guk bai egilearen erabakia eta bai epaimahaiarena errespetatzen ditugu».

Bestalde, Joxe Azurmendiren Historia, arraza, nazioa liburuak (Elkar) irabazi du saiakerako saria, Yolanda Arrietaren Argiaren alaba-k (Autoekoizpena) haur eta gazte literaturakoa, eta Martin Olmosen Escrito en negro-k (Pepitas de Calabaza) literaturakoa gaztelerazko arloan. Bakoitzak 18.000 euro jaso ditu hasteko, eta beste 4.000 ere emango zaizkio, baldin eta obra beste hizkuntza batean argitaratzen badute.

Euskarazko ataleko garailearen lana, Su zelaiak, Lehen Mundu Gerran dago girotuta (1914-1918), eta Baionako Infanteriako 49. Erreximenduaren ibilerak aletuz, krudelkeria neurrik gabeko haren kontakizuna egiten du. «Bete-beteko literatura» iruditzen zaio epaimahaiari. «Gerla Handiaren garaian idatzitako lekukotasun eta gutunak baliatu dituelako». Epaimahaiaren irudiko, ordea, lekukotza horietatik askoz ere haratago doa egilearen eleberri historikoa. «Maila literario jasoa du, trebezia handia behar baita gerraren kronologia hain modu naturalean sentiarazteko, adabakiz osaturiko euskara hori benetako hizkera literario bihurtzeko, gertaera kolektiboaren sentsazioa sortzeko, tragedia horren kontakizuna pathos gabe egiteko, eta, bereziki, hizkera eta gertakari zaharrei halako gaurkotasuna emateko».

Eta lan horrentzat da, egileak jaso ez duen arren, «sari nazionala», Muñozek definitu moduan. «Gure legealdiaren aurretik [2010 eta 2013 artean], idazleak berak aurkeztu behar zuen sariketara. Guk planteatu genuen ez zela iragazkirik egin behar, hau sari nazional bat dela, eta sari nazional gisa urteko onenari eman behar zaiola».

Peruarena Ansak antolatzaileei bidalitako gutunean dioenez, bada lehiaketak egiteko beste modurik. «Adibidez, urtean argitaratutako dozena bat liburu (edo) nabarmentzea egokiago eta eraginkorrago ikusiko nuke [...], urtero liburu bat irabazle bakar eta nagusitzat eman gabe». Muñozen iritziz, urteko uzta osoaren artean «fokua» hainbat liburutan jartzea du helburu sariketak.«Hau ez da kirol lehiaketa bat, eta ezin da erabaki zein den onena. Baina bai esan daitekeela zeintzuk diren, dudarik gabe, inork galdu ezin ditzakeenak, bereziki nabarmendu beharrekoak».

Lehiaketatik aterata, Su zelaiak-en sortzaileak pentsatzen du badirela literatur produkzioa eta sormena eta egileak sustatzeko bestelako bideak eta aukerak. «Sarien tresna motz begitantzen zait, eta trabagarri. [...] Horrekin batera, eskertuko nizueke gogoeta hau partekatuko bazenuke dagokion lekuan: diru publikoa erabiltzea liburu baten egilea saritzeko ez zait bitarteko egokiena iruditzen euskarazko sormena sustatzeko. [...] Euskarazko sormena bultzatu nahi bada, ezinbestekoa da bestelako neurriak erabakitzea eta sortzea».

Ahalegindu dira, Jaurlaritzako Kultura sailburuordearen hitzetan, «oreka bat bilatzen» Peruarena Ansaren eta epaimahaiaren nahien artean. «Baina Peruarenaren desira errespetatzen bagenuen, epaimahaiaren erabakia ezkutatu behar genuen; edo saria eman gabe geratu dela esan, egia ez dena». Aitortu zuen beste egile batek ere lehiaketan parte hartzeari uko egin ziola, bere lana euskarazko literatura arloko saria irabazteko hautagaia zela jakin zuenean.

Duela zortzi urte pasa, 2007ko otsailean, 30 bat idazlek Utikan Euskadi sariak manifestua sinatu zuten —Koldo Izagirre, Eider Rodriguez eta Iñigo Aranbarri izan ziren horietako batzuk, esaterako—. Uko egiten zioten «hala lehiatzaile gisa nola epaimahaiko gisa» horretan parte hartzeari. «Sarion helburua ez da literatur kalitatearen gaineko ebazpen zintzoa ematea. [...] Helburua egungo aginteari otzana zaion jardun intelektual eta literario bat sortzea ez ote den hasiak gara sumatzen». Peruarena Ansa ere bazegoen sinatzaileen artean zegoen, baina bere gutunean ez ditu aipatzen manifestu hartako argudioak.

Gogoeta nazionalismoaz

Azurmendik bigarren aldiz jaso du saiakerako Euskadi saria, 2010ean ere eman baitzioten, Azken egunak Gandiagarekin lanarengatik (Elkar). Epaimahaiaren arabera, haren lanak «Europan egun doxa den nazionalismo zibikoaren ideia aztertzen eta kritikatzen du. Hala, beste Europa bat pentsatzeko ideia zabaltzen digu». Arrietaren liburua, bestalde, «ezohikoa eta aparta» iruditu zaie epaimahaiko kideei. Jatorri euskalduneko Mirari hamazazpi urteko nerabe estatubatuarraren bidez, eta «dokumentazio lan eskerga» eginez, Bizenta Mogel idazlearen (1782-1854) bizitza ezagutarazten du, «hainbat hizkuntz erregistro» erabiliz.

Datorren astean jakinaraziko dituzte gaztelerazko saiakerako, euskarazko itzulpeneko eta ilustrazioko Euskadi sariak.

@ Peruarena Ansaren gutuna irakurtzeko, jo helbide honetara:

http://bit.ly/1WPgqrv
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.