Belaunaldi oso baten galera ekarri zuen Ipar Euskal Herrian Lehen Mundu Gerra, Gerla Handia edo 14ko gerra deituak: 6.000 lagun inguru hilak; hilak halako bi gerraren ondorioz zauritu edo elbarrituak. Hala ere, euskaraz gerrari buruz, eta bereziki 14ko gerrari buruz, oso gutxi idatzi dela uste du Mikel Peruarena Ansa idazle eta BERRIAko kazetariak (Hernani, Gipuzkoa, 1978). «Gerra aipatzean, normalean 36ko gerrara joaten zaizkigu begiak, eta askotan pentsatu dut Hegoaldearentzat 36koa izan zen bezain tragikoa izan zela, gutxienez, 14koa Iparraldearentzat. Zoritxarrez, 14ko gerrari buruz dakigun gehiena kanpotik dakigu». Horrek bultzatu zuen «14ko gerraren ankerkeria agerian jarri eta euskal herritarrek gerra hartan izan zuten lekua erakutsiko zuen nobela bat» idazteko asmoa izatera. Asmoa gauzatu du eta plazan da jada emaitza: Su zelaiak (Susa).
Baionako Infanteriako 49. Erregimentuaren ibilerak ardatz harturik, Euskal Herritik gerra hartara eramandako soldadu askoren bizipenak kontatzen ditu nobelak. Haietako asko, ordea, hil egiten dira kontaketak aurrera egin ahala, eta gero eta murritzagoa da pertsonaien kopurua. Liburuaren egitura, ondorioz, «inbutu baten gisakoa» da. Kontaketak aurrera egin ahala, izaera korala galtzearekin batera, Filipe Luro ikazkin soldadu bihurtua egiten da protagonista nagusi.
Nobelak «sarraskiaren erdian» jartzen du irakurlea. «Soldaduekin abiatuko gara gerrara, eta haiekin hilko gara. Errukirik gabe». Kontakizun «poliedriko eta dialektiko bat» egiten saiatu da Peruarena, eta «euskal herritarrek gerra hartan bizi izan zutenaren ahalik eta mosaiko zabalena eskaintzen».
Baina «gerraren bestelako ondorioak» ere ikusten dira: «familia desegituratuak, emakumeen bakardadea, hondamen soziala, Elizaren indarra, ekonomian izan zuen eragina...». Lau atal ditu liburuak: bigarrenak eta laugarrenak gerrara daramate irakurlea, baina lehenak eta hirugarrenak «atzeragoardiako egunerokoa» erakusten dute. «Gerra aurreko, bitarteko, ertzeko, aldameneko, ezker-eskuin, goi eta beheko ahalik eta xehetasun gehienak kontatu nahi izan ditut».
Informazioa eskuratzea lan luzea izan zen —bi urte eman zituen horretan—, «baina ez konplikatua», Peruarenak azaldu duenez, 14ko gerrari buruzko informazio asko baitago, frantsesez eta alemanez ez ezik baita euskaraz ere, Interneten digitalizatuta gainera. Arazo handiagoa izan zen kontatzeko modua bilatzea, eta urtebete eman zuen kontaketarako behar zuen ahotsa aurkitu ezinik. Etsiak jota-eta ibili zen tarteka, harik eta iaz, ikusirik Gerla Handiaren hasieraren lehen mendeurrena zetorrela, zirt edo zart egiteko garaia zela erabaki zuen arte. «Jabetu nintzen Frantzian mendeurrena baliatuko zutela beren kontakizuna egiteko, hasita baitzeuden dagoeneko horretan, etahorren aurrean geuk egin behar dugula geure iraganaren kontaketa eta berrikuspena. Orduan konturatu nintzen ezin nuela espero inork egitea nire partez lan hori, eta aurreratuta neukan lana baliatu behar nuela, ez zela etsita atzera jotzeko unea».
Egungoaren «hazia»
Eric Hobsbawnen aipu batekin hasten da Peruarenaren nobela: «Sarraskiaren aroa inauguratu zuen 1914ak». 14ko gerra —«deshumanizazio totalaren antzokia» izateaz gain, eta Europa osoan milioika hildako eta suntsipen arrasto ikaragarri bat uzteaz gain—, «gerra modernoen aita —aita, eta ez ama— izan zen», Peruarenaren ustez, «Gero XX. mendea izan zenaren eta gaur egun oraindik XXI. mendea denaren haziak jarri zituen».
Egungo mundua hobeto ulertzeko lagungarritzat du idazleak 14ko gerraren berri izatea; bereziki gerrak egungo munduan izaten jarraitzen duen zeregina ulertzeko. «Gerra esaten zaien krimen legal eta antolatuen bidez milioika pertsonaren bizia sakrifikatzeko, Estatuak eta Kapitalak ez daukate ez beldurrik, ez errukirik eta ez damurik. Gerretan helburu taktikoa bihurtzen da pertsonak hiltzea, Estatuaren eta Kapitalaren bedeinkazioarekin. Beti galdetu izan diot neure buruari nola den posible armagintza jarduera ekonomiko legala izatea, nola den posible gerrak nazioarteko legeen arabera arautzea, nola den posible berez delitu bat dena, hilketa, legezkoa eta betebehar patriotikoa bihurtzea gerretan. Estatuak eta Kapitalak gerraren gainean oinarritzen dute beren agintea».
Mikel Peruarena Ansak «errukirik gabe» darama irakurlea 14ko gerrara
Euskal herritarrek «gerra modernoaren aita» izandakoan bizi zutenaren «ahalik eta mosaiko zabalena» eskaintzen saiatu da 'Su zelaiak' nobelan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu