Literatura

Mikel Pagadik 'Bisita' kaleratu du, bere lehen eleberria

Satira politiko bat ondu du idazleak, zientzia fikzioa, fantasia eta umorea uztartuz. Estralurtarrak baliatu ditu euskal gizarteari kritika soziala egiteko. Elkar argitaletxearekin plazaratu du.

Mikel Pagadi idazlea 'Bisita' eleberria eskuetan duela, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel Pagadi idazlea, 'Bisita' eleberria eskuetan duela, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Garazi Karrera
Donostia
2024ko azaroaren 4a
16:07
Entzun

Trikitilariak, pandero jotzaileak eta dantzariak izan ditu orain artean Aurelio Artetaren Erromerian 1 (1879-1940) margolanak, baina estralurtarren plater hegalari bat ere gehitu zaio zerrendari, Mikel Pagadizabal Amiano Pagadi (Villabona, Gipuzkoa, 1974) eleberrigilea denetik; hain zuzen ere, Artetaren margolana hautatu baitu Bisita (Elkar) satira politikoaren azalerako, betiere txertaketa intergalaktikoarekin. Idazleak bere lehen nobela ondu du, eta ez da kasualitatea Irune Izquierdok azalerako egin duen ilustrazioa, bete-betean islatzen baitu Pagadik idatzi duen istorioa.

Izenburuak iradokitzen duen moduan, bisita berezi bat jasoko dute Anoeta herriko (Gipuzkoa) Soroeta baserrian: plater hegalari bat agertuko da baserriaren aurreko artasoroan. Ordutik aurrera, Eusko Jaurlaritzako bulegoetan krisialdia ezarriko dute agintariek; areago, Euskal Herriko mugetatik harago, NASAra —Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziara— eta Etxe Zurira ere (Washington, AEBak) helduko da ezustekoaren berri. Nor dira estralurtar horiek? Nondik datoz? Zer nahi dute?

Idazleak ez du azaldu estralurtarrek zer nahi duten, baina bai berak zer nahi duen. Izan ere, Pagadik bisitari horien aitzakia baliatu du Euskal Herriko gizarteari kritika soziala egiteko. «Eleberriarekin adierazi nahi ditudan gauzetako bat zera da: gu geu nahikoa garela bazterrak nahasteko», adierazi du gaur Donostian egindako liburuaren aurkezpenean.

Satira politikoaren koktela

Zientzia fikzioa, fantasia eta umorea nahasten ditu idazleak Bisita satira politikoan, hark irakurri nahiko lukeen liburua baita. Esti Vivanco hitzaurrearen egilearen arabera, pertsonaia «gogoangarri» asko aurki daitezke kontakizunean, baita egoera «absurdoak» ere. «Horri esker, istorioa oso originala izateaz gain, irakurterraza eta dibertigarria egitea lortu du Pagadik».

Idazleak azaldu duenez, eleberri «lasaia» egin nahi izan du: «Idazketarekin ez dut irakurlea estresatu nahi izan, eta, horregatik, txisteak eta bat-bateko burutapenak ongi sakabanatuta daude». «Bai, bere neurrian», baieztatu du Vivancok. Bestalde, Pagadiren arabera, zilegitasuna emateko erreferentzia zientifiko eta historiko ugari aurki daitezke kontakizunean.

«Asko gustatu zait telebistaren erritmotik aldenduta ibiltzea. Testu bat etxean idazteak beste Pagadi bat ezagutzeko aukera eman dit»

MIKEL PAGADIIdazlea

Horrez gain, idazleak tipologia ezberdinak erabili dituela ere gehitu du hitzaurrearen egileak: «Helbide elektronikoko mezuak, txostenak, elkarrizketak eta ohiko narrazioak uztartu ditu Bisita liburuan». Pagadik azaldu du istorio korala sortu nahi izan duelako erabili dituela formatu ezberdinak. «Garbi nuen ez nuela bi pertsonaiara soilik mugatu nahi. Ikuspuntu ezberdinetatik kontatu nahi nuen, puntu askotan zentratuta».

Istorioaren sorlekuak

Bi eremutan garatu zuen ideia Pagadik: batetik, AEBetan, eta, bestetik, Villabona inguruan eginiko paseoan. Duela bi urte Herri Txiki, Amerika Handi telebistako saioa grabatzera joan ziren Ameriketako Estatu Batuetara idazlea bera eta Zuhaitz Gurrutxaga. Las Vegas (Nevada) hiritik gertu, 51 eremua esaten zaion aerodromo erraldoi bat dago. «Aspaldidanik izan dut ufologiarekiko interesa, eta, behin handik gertu egonda, ezinbestean ikusi nahi nuen zer zegoen. Sekula ez da ezer argitzen, baina bakoitzak nahi duena sinesten du, eta harrituta geratzen naiz horrekin».

Bestetik, Villabonatik Anoetarako bidea sarritan egiten duela aitortu du Pagadik: «Denbora luzez eserita egoten naizenez, paseoan irteten naiz, eta behin zelai zabal bati begira geratu nintzen. Buruan zebilkidan ideia grafikoki irudikatzeko asmoz, Photoshop erabili nuen zelai horretan bertan artefaktu erraldoi bat jartzeko; nolabaiteko zirriborro grafiko bat behar nuen». Eta horrela hasi zen lantzen eleberria.

Urtebetez aritu da idazketa prozesuan jo eta su lanean. Ordura arte, telebistarako gidoiak idatzi ditu, eta oso eskertuta dagoela onartu du Pagadik: «Asko gustatu zait telebistaren erritmotik aldenduta ibiltzea. Testu bat etxean idazteak beste Pagadi bat ezagutzeko aukera eman dit». Eleberria lantzeak idazten segitzeko gogoa piztu diola ere esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.