Mikel Markezen indarra

'Indar bat dabil hor' diskoan, besteak beste, Josu Zabalaren eta Xabier Amurizaren kolaborazioak izan ditu

Mikel Markez Indar bat dabil hor bere disko berriaren ale bat erakusten. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko urriaren 19a
00:00
Entzun
«Disko argitsua da, mezu baikorrez betea». Hala definitu du Mikel Markez kantariak (Errenteria, 1971) bere hamargarren lana. Markezen berezko marka du diskoak, haren ahotsak eta gitarrak haren zigilua utzi dute, baina kolaborazioek kolore zertzeladak eman dizkiote.

Xabier Amurizak eta Uxue Alberdik bertsolaritzaren ukitua jarri dute, Josu Zabalak Hertzainak taldearen soinua eta Aire Ahizpek Pirinioetako kantagintzaren estiloa. Benito Lertxundik, Alaitz Telletxeak eta Andrea Bidartek, ostera, haien ahotsak. Horiek denak Markezen irabiagailuan sartu, eta Indar bat dabil hor izenburuko diskoa izan da emaitza.

Kolaboratzaile horiekin batera, ohiko taldekideak izan ditu lagun Mikel Markezek: Arkaitz Miner (biolina, mandolina eta gitarra), Amaiur Cajaraville (kontrabaxua) eta Satxa Soriazu (pianoa eta teklatua).

Hamabi kantuz osatuta dago diskoa, «hamabi istorio, hamabi joera», kantariaren hitzetan. Bi izan ezik, beste guztiak sormen lan berriak dira. No time for love, esaterako, jatorriz Jack Warshaw folk kantari estatubatuarrarena da. Errenteriako kantariak diskoaren aurkezpenean azaldu zuenez, «Warshawren kantuak hitz egiten du munduko poliziek eta armadek goizeko ordu txikietan, jendea lotan dagoenean, etxeko ateak jo, horiek bota eta jendea eramateko duten ohituraz. Hori duela ehun urte eta gaur egun ere gertatzen da, hemen eta munduko leku gehienetan». Warshawk 1977an konposatu zuen kantuaren hitzak Xabier Amurizak euskaratu zituen, eta Hertzainak taldeak Euskal Herrian ezaguna bihurtu zuen, Ez dute uzten maitatzen gauean moldaketari esker.

Diskoaren bigarren bertsioa Erresumarik zabalena da. «Harkaitz Canoren poema, Itziar Iruretagoienak musikatu zuena. Lubaki bandak maketa batean argitaratu zuen, eta han gelditu zen. Beti izan dut haren moldaketa egiteko gogoa, eta disko honetan egin dut», esan zuen.

Aipagarria da diskoak «opari bat» eskaintzen duela: Konplize ditut eta kantuaren moldaketa (13. kantua). «Aire Ahizpekin kantatzen dudan abesti horretarako musika konponketak egin nituen, baina konturatu nintzen gitarra soilarekin basatiagoa zela». Xalbadorren hiru biloba horiekin bezala, kolaborazio gehienak berez sortu zitzaizkion Markezi. «Aire Ahizpekin, adibidez, kantatu izan dut hainbat jaialditan, baina hau disko batean isla duen lehenengo kolaborazioa da», adierazi zuen. «Josu Zabalarekin askotan egoten naiz, Amurizarekin ere bai, Benitorekin... zer esanik ez. Harreman naturalaren ondorioa izan da».

Diskoari izena ematen dion esaldia Amurizaren bertso sorta batetik hartua da. «Herrien biziraupenari buruz ari da. Euskal Herriak mendeetan iraun du, inguruko inperioen azpian, mendi artean ezkutatuta, eta bada hor nonbait indar bat aurrera jarraitzen laguntzen diona. Herriaren indarra, kulturarena, hizkuntzarena... herria ez-hilkor egiten duen indarra», esan zuen.

Markez bere sormen prozesuaz mintzatu zen. «80ko hamarkadako musika talde gehienek aurreko tradizioa ukatu nahi zutela zirudien. 90eko hamarkadako musikarioi, berriz, denak balio zigun: Ez Dok Amairu, Latinoamerikako kantua edo Cicatriz... Dena baliatzen genuen gure kantugintza aberasteko».

Korronte unibertsala

Anjel Valdes Elkar diskoetxeko kideak ere uste du Markezen lanak hainbat korronte batzen dituela. «Euskal tradizioak du pisurik handiena: iparraldeko musikaren eta bertsogintzaren eragina oso nabarmena da. Baina korronte unibertsaleko alde emozionalenak ere isla du, hala nola Jorge Cafrunek, Silvio Rodriguezek, Victor Jarak eta Trianak».

Herriz herriko ibilbidea hasi aurretik, diskoan beren arrastoa utzi duten kolaboratzaileekin emanaldi berezia egingo du Mikel Markezek abenduaren 1ean, 19:00etan, Donostiako Antzoki Zaharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.