Bertsolaritza

Mikel Goirienak irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketa

476,5 puntu bilduta nagusitu da Goiriena; finalaurrekoetan izango da.

Mikel Goiriena Bizkaiko Bersolari Txapelketako lehen kanporaketako irabazlea, atzo. BERTSOZALE ELKATEA
2023ko urriaren 2a
15:44
Entzun

Mikel Goiriena gailendu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketan, 476,5 puntu eskuratuta; Mungiako Olalde aretoan izan zen saioa, atzo. Hala, Goiriena Santurtziko finalaurrekoan izango da kantuan, azaroaren 18an.

Txaber Altube izan zen bigarren, 461,5 puntu lortuta; atzetik Araitz Katarain izan zuen, 446 puntu eskuratuta, eta, ondoren, Peru Vidal (439 puntu), Koldo Muñiz (427,5) eta Izaro Bilbao (383). Zihara Enbeita Gardoki aritu zen gai jartzaile.

Txapelketan sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala jokatuko dira. Kanporaketetan 36 bertsolarik parte hartuko dute —saio bakoitzeko sei bertsolari—, eta, atzoko saioaren ondotik, Gernika-Lumon, Arrigorriagan, Erandion, Igorren eta Lekeition izango dira emanaldiak. Hurrengoa igandean izango da, hilaren 8an, Gernika-Lumon.

Saio bakoitzeko irabazleak ziurtatua izango du hurrengo fasean kantatzeko aukera, eta gainontzekoak, berriz, puntuazioaren arabera sailkatuko dira. Hain zuzen, atzo irabazita sailkatu da Goiriena finalaurrekoetarako.

Goirienaz gain, beste hamar bertsolari pasatuko dira kanporaketetatik finalaurrekoetara, eta 2021eko finalistak fase horretan batuko dira. Etxahun Lekue ez beste denak. Finalaurrekoak Berrizen, Santurtzin eta Lemoan jokatuko dira —hurrenez hurren, azaroaren 11n, 18an eta 25ean—, eta hemezortzi bertsolari arituko dira guztira.

Hiru finalaurrekoetako irabazleak eta puntu gehien lortu dituzten bost bertsolariak sailkatuko dira, azkenik, abenduaren 16ko finalerako. Bilbo Arenan jokatuko da.

Xilaba txapelketa

Taldekako Xilaba txapelketaren bigarren asteburua ere jokatu dute; Saran (Lapurdi) eta Amendüzen (Nafarroa Beherea) izan dira saioak. Etxahun Azkarragak, Ellande Alfarok, Haira Aizpuruak eta Karlos Aizpuruak osatutako Lizaieta taldea gailendu zen Sarako saioan. Amendüzekoa, bestalde, Ez Dok 5 taldeak irabazi zuen; hots, Maddi Sarasuak, Battitt Crouspeyrek, Oier Urreiztik, Xermin Camblongek eta Joana Itzainak.

Urriaren 20ra arte, ligaxken saioak izango dira Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherean barna. Finalerdiak urriaren 28an eta azaroaren 4an jokatuko dira, Muskildin (Zuberoa) eta Azkainen (Lapurdi), hurrenez hurren. Azaroaren 18an izango da finala, Aiherran (Nafarroa Beherea).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.