BERTSOLARITZA. Mikel Goiriena gailendu zen igandean Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketan, 476,5 puntu eskuratuta; Mungiako Olalde aretoan izan zen saioa. Hala, Goiriena Santurtziko finalaurrekoan izango da kantuan, azaroaren 18an. Txaber Altube izan zen bigarren, 461,5 puntu lortuta; atzetik Araitz Katarain izan zuen, 446 puntu eskuratuta, eta, ondoren, Peru Vidal (439 puntu), Koldo Muñiz (427,5) eta Izaro Bilbao (383). Zihara Enbeita Gardoki aritu zen gai jartzaile.
Txapelketan sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala jokatuko dira. Kanporaketetan 36 bertsolarik parte hartuko dute —saio bakoitzeko sei bertsolari—, eta, atzoko saioaren ondotik, Gernika-Lumon, Arrigorriagan, Erandion, Igorren eta Lekeition izango dira emanaldiak. Hurrengoa igandean izango da, hilaren 8an, Gernika-Lumon.
Saio bakoitzeko irabazleak ziurtatua izango du hurrengo fasean kantatzeko aukera, eta gainontzekoak, berriz, puntuazioaren arabera sailkatuko dira.
Taldekako Xilaba txapelketaren bigarren asteburua ere jokatu dute; Saran (Lapurdi) eta Amendüzen (Nafarroa Beherea) izan dira saioak. Lizaieta taldea gailendu zen Sarako saioan. Amendüzekoa, berriz, Ez Dok 5 taldeak irabazi zuen.
Mikel Goiriena nagusi Bizkaiko Txapelketako lehen saioan
476,5 puntu bilduta nagusitu da Mungian jokatutako lehen kanporaketan. Finalaurrekoetan izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu