Mikel Caballero hil da, urte luzez Gatibu musika taldeko baxu jotzailea izan zena, 57 urterekin. Geuria Basauriko herri aldizkariak eman du albistea gaur goizean. Caballero Mexikon zen egun batzuk pasatzen, eta han hil da, bihotzekoak emanda. Alex Sardui Gatibun kide izan zuen lagunak baieztatu dio BERRIAri Caballeroren heriotza.
Gatibu 2000. urte inguruan sortu zuten Alex Sardui abeslariak (Exkixu taldeko kide ohia) eta Haimar Arejita gitarristak (Einbigu, Frik, Noiz?). Biek bat egin zuten Sarduiren Txulufrina eta arrosa herri kantuen diskoan (Labayru Ikastegia-Ikastolen Elkartea), eta elkarlan horretatik sortu zen talde bat eratzeko proiektua. Orduan batu ziren proiektura Gaizka Salazar (bateria) eta Caballero bera. Baxu jolea hainbat taldetan aritutakoa zen ordurako: Cartoon Band, Noiz?, Maxia eta Insert Beat. 2022ra arte izan zen Gatibuko kide Caballero, urte horretan taldea uztea erabaki baitzuen, eta taldearen garapenaren lekuko zuzena izan zen. Hain zuzen ere, laukoteak Musikak salbatuko gaitu diskoa 2020an argitaratu zuenean, Caballerok nabarmendu zuen lan hark bestelako Gatibu bat aurkezten zuela: «Bluegrass, funky eta musika elektronikoa oinarri duten ekoizpenak biltzen ditu disko berriak».
Gatibun izan zen denboran, taldearen disko guztietan parte hartu zuen Caballerok: Zoramena (2002), Disko infernu (2005), Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik (2008), Zuzenean bizitzeko gogoa zuzenekoa (2010), Zazpi kantoietan (2012), Euritan dantzan (2014), Aske maitte, aske bizi (2016), Azken indioak (2018) eta Musikak salbatuko gaitu (2020).
2022an Gatibu uztea erabaki zuen Caballerok. LaKorrala YouTubeko kanalari emandako elkarrizketa batean azaldu zuenez, taldean «enpresa ardurak» gailentzen ari zirelako hartu zuen erabakia. «Ni ez naiz musikaren profesional bat. Taldean izan naizen urteetan musikaz bizi izan naiz, baina iritsi zen momentu bat, zeinetan ardura enpresarialak musikaren gainetik nagusitzen ari ziren, eta horrela nahiago nuen ez segitu. Arazorik gabe iritsi gara akordio batera».
Beste hainbat proiektu
EraBatera taldean ere parte hartu zuen Caballerok. Gaizka Salazar Gatibuko bateriaren proiektua izan zen hori, bere kantuak aurrera eramateko sortutakoa, eta haiek grabatzeko orduan, Caballeroz gain, Beñat Serna (Ken Zazpi) eta Jurgi Ekiza ere (Willis Drummond) batu zituen taldera. Bi disko kaleratu zituzten: Antipodetan (2018) eta Izpi galdua (2021).
Salazarrek berak gaur Euskadi Irratian azaldu duenez, bizitza osoko «lagun, anaia eta kidea» izan zuen Caballero. «Ezin dira desberdindu musikaria eta pertsona Mikelen kasuan. Hark pasioz bizi zuen bizitza, eta musika ere pasioa zen harentzat. Asko sentitzen zuen jotzen zuena, eta nota bakoitzari jartzen zizkion bere bihotza eta pasioa». Eta gaineratu du: «Harekin minutu bat egonda, bere bizitzaren parte bihurtzen zinen. Beti gehien behar zutenen ondoan zegoen, laguntzeko prest. Bihotz izugarri onekoa zen».
2021ean, Virginia Fernandez kantariak sortutako Seda taldera batu zen Caballero, Felix Landa (Extremoduro) gitarristarekin eta Galder Creo (Penadas) bateria jotzailearekin batera. Urte hartan bertan atera zuen taldeak bere estreinako diskoa, The Belly, ingelesez abestua. Orduan aipatu zuen Caballerok «aspalditik» jorratu nahi zuen estiloa landu ahal izan zuela Sedarekin: «Sonic youth, iggy pop...»
Gaur egun, berriz, Peatones taldean ari zen Caballero.