Literatura

Mikel Ayllonen 'Hau ez da gerra bat' eta Pablo Barrioren '2074' argitaratu ditu Susak

Antzerki liburuak dira biak, Ganbila bildumako 24. eta 25. zenbakiak, hurrenez hurren. 'Hau ez da gerra bat' obrak gerraren gaineko gogoeta dakar, eta '2074' obra distopikoa da.

Pablo Barrio eta Mikel Ayllon. '2074' eta 'Hau ez da gerra bat' liburuen egileak, hurrenez hurren. MAIALEN ANDRES / FOKU
Pablo Barrio eta Mikel Ayllon,. '2074' eta 'Hau ez da gerra bat' liburuen egileak, hurrenez hurren. MAIALEN ANDRES / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2024ko ekainaren 18a
17:40
Entzun

Euskal teatro garaikidearen argazkia erakutsi nahi luke Ganbila bildumak, eta helburu horrekin bat eginda datoz bi idazleok. Mikel Ayllon Piszifaktoria Ideien Laborategiko kide da, Igor Arzuagarekin eta Irati Agirreazkuenagarekin batera, eta kolektibo gisa hainbat formatu sortu, pentsatu eta probatu dituzte, 2015ean sortuz geroztik. Oier Guillan bildumako koordinatzailearen arabera, egungo teatrogintzan oso baloratzen den ibilbidea daramate: «Urrats bakoitzak gogoetara eramaten ditu: zer dramaturgia mota egiten duen, euskarazko antzerkigintzaren panoraman nola kokatzen den, zeren falta sumatzen duen, eta zer ekarpen egin nahi duen». Liburuaren hitzaurrea bera ere hausnarketa horren adibide izan liteke, Guillanen hitzetan: «Hitzaurreaz harago, ekarpenaren kokatze ideologiko bat dakar».

Mikel Ayllonek antzerkiari heltzeko erabakia ekarri du gogora. «Joseba Sarrionandia eta haren belaunaldia literatura modernizatzeagatik hasi ziren idazten, eta guk ere antzerkigintzara lengoaia moderno bat ekarri nahi dugulako ekin diogu idazteari». Lengoaia horren barruan, ikus-entzuleen eta artistaren arteko harremana axola zaie Aylloni eta Piszifaktoriako kideei. Harreman hori biziki aldatu da molde klasikotik molde garaikideagoetarako bidean: «Interesgarria da pentsatzea zer leku hartzen duen artistak, zer leku ikus-entzuleek, eta nola osatu gorputz edo kolektibo bakar bat denen artean».

«Oholtzan ikusitakoan, esan izan zaigu: 'Zein momentu egokia gerraz hitz egiteko'; eta grazia egiten dit, proiektu honi duela zazpi urte ekin baikenion»

MIKEL AYLLONIdazlea

Hitz egitearen garrantzia

Gogoeta horretarik asko omen du Hau ez da gerra bat obrak. Triptiko moduko bat da, elkar osatzen duten hiru testu batzen baititu. «Oholtzan ikusitakoan, esan izan zaigu: 'Zein momentu egokia gerraz hitz egiteko'; eta grazia egiten dit, proiektu honi duela zazpi urte ekin baikenion, hain zuzen, Ukrainakoa eta Palestinako azken sarraskiak gertatu aurretik», azaldu du Ayllonek. Hastapen hartan batere laguntzarik ez zuten lortu: «Milaka ate jo genituen, administrazio publikoan eta abarretan, baina ate guztiak itxi zizkiguten. Inork ez zuen txintik entzun nahi gerraz». Gordinegia zelakoan, beste bide bat hartu zuten. Lehen testuak liburuaren izenburu bera du. Ayllon: «Maitasunaz eta harremanez diharduela ematen du, bikote harremanetatik abiatzen baita, baina gerraz hitz egiten du. Guk diogun bezala, gerraz hitz egin behar da, gerrarik bizi behar ez izateko». Atzetik datorren testua, Bunker, hitzaurre gisako zerbait da, eta gaian are gehiago sakontzeko helburuz sortu zen. Hau gerra bat da piezak ematen dio amaiera liburuari.

Zazpi urteren ostean, iaz diru laguntza bat lortu zuten azkenik.

Noraezean

Gaizka Sarasolak ere Ganbila bilduman parte hartzen du. Hark aurkeztu du Pablo Barrio, 2074 antzerki distopikoaren egilea: «Familia argazkietan bada beti baten bat aparte ageri dena edo bestaldera begira dagoena. Bada, horixe genuke Pablo Barrio antzerkigintzaren familia argazkian, inori zuzendu gabe edo inork antzeztuko ote duen jakin gabe idazten baitu».

Ganbila bildumako 25.a den obra honek egungo Euskal Herrian ipini du arreta, eta gaurko kezka eta gogoetetatik abiatuta idatzi du Barriok. Sarasolaren esanetan, obran ageri den lagun taldea «noraezean dabil; trepetak eta ondasun apurrak hartu eta bidaian beti, baina inora joan gabe, dagokion lekua aurkitu gabe». Hori bera gaurko argazkia ere badela uste du Sarasolak: «Historian beti izan da, eta hala da oraindik ere».

«Barriok, begirada nostalgiko horren bidez, nortasun handiko pertsonaia berezi eta maitagarriak sortu ditu, erraz identifikatzeko modukoak»

GAIZKA SARASOLAGanbila bildumako partaidea

Estiloari dagokionez, Barrioren armak «umorea, hitz bidezko jolasa eta begirada nostalgikoa» direla azaldu du Sarasolak. Begirada nostalgiko horri, hain zuzen, aparteko garrantzia aitortu dio: «Horren bidez, nortasun handiko pertsonaia berezi eta maitagarriak sortu baititu, erraz identifikatzeko modukoak».

Etorkizuneko Erdi Aroa

Antzezlanaz gain, Mikel Antzaren hitzaurrea ere badakar liburuak, baita Barrioren beraren gogoeta bat ere, bere sortze prozesuaren gainean ondua. Bere grinak eta nahiak zein diren eta eraginak nondik datozkion azaldu du idazleak.

2074 antzerki liburuak beste Erdi Aro bat proposatzen du marko gisa. Pablo Barrioren aburuz, ez da ezinezko hipotesia: «Erdi Aroa industria iraultzarekin desagertu zen, eta gaur beste iraultza batean gaude. Iraultza digitalak aldaketa potoloak ekarriko ditu, nazio estatuak disolbatuko dira, eta baliteke ahaide nagusiek jokatzen zuten rola inbertsoreek eta korporazio handiek hartzea».

Marko horretan sartu duen lagun talde edo kolektibo protagonistak ez du ulertzen nondik nora heldu den egoera horretara. Fabula kutsua du antzezlanak, eta, ikuspegi absurdotik betiere, Euskal Herritik begiratzen zaio problematikari, Barrioren hitzetan, «beste edozein bazterretatik begiratuta antzekoa zatekeen arren». Finean, sakoneko galdera bati heltzen dio: «Zer garen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.