LITERATURA. Bilboko Udalak Gabriel Aresti, Blas de Otero eta Miguel de Unamuno lehiaketetako sariak banatu zituen atzo, hurrenez hurren, ipuin, poesia eta saiakera lanak saritzen dituztenak. Mikel Ayllon Corralentzat izan da sari nagusia Gabriel Aresti sariketaren 26. aldian, Emakume-bala izeneko kontakizunagatik. Era berean, biaccesit ere banatuko ditu epaimahaiak euskarazko atalean: Lourdes Unzueta Zamalloarentzat bata, Neskatoa ogi bila doanekoa lanagatik, eta Itziar Ugarte Irizarrentzat bestea, Beraneantea ipuinagatik. Gaztelerazko atalean, Nora Canalentzat izan da aitortza nagusia, eta Jesus Barriok nahiz Ricardo Chavezek accesit bana jaso dute.
Saiakerari dagokionez, Irati Jimenez Uriarte izan da Miguel de Unamuno lehiaketaren XXI. aldiko irabazlea euskarazko lanen atalean: Erabakiak eta esanahiak, hautuak eta sinboloak. Idazkera kontzientea eta inkontzientea Harkaitz Canoren 'Neguko Zirkua'-n lanagatik jaso du epaimahaiaren aitortza. Gaztelerazkoetan, berriz, Francesc Torralbaren El hermano del hijo pródigo. Del resentimiento a la reconciliación lana gailendu da.
Eta poesian, Jokin Erkoreka Abiok jaso du Blas de Otero XIII. sariketako garaikurra euskarazko lanen atalean, Banda obrarekin. Gaztelerazkoenean, Sergio Garcia Zamora nagusitu da, Los maniquíes enfermos lanarekin.
Mikel Ayllon saritu dute Gabriel Aresti ipuin lehiaketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu