MIKEL ARTIEDA & LEIRE BERASALUZE
'Miretsiz'
Diskoetxea: Belarri
2024ko udan Musikenen emandako jazz errezitalean Mikel Artiedak Ander Zulaika bateria jolearekin eta Javier Lopez Jaso soinu jolearekin izan zituen sentsazio onek gehiagorako gogoz utzi zuten Mikel Artieda, eta bere bakarkako hirugarren diskoa bihurtu den honekin hasi ziren handik ez askora. Ondoren, abeslari batean pentsatu eta formatu berrira egokitu zituzten kantuak. Leire Berasaluze izan zen horretarako aukeratua eta lortutako emaitza ikusita, argi geratu da aukera bikaina izan zela. Bibrazio ezin hobeak dakarzkigute Krisna edo Bi Alde jazz-pop piezek, balada zoragarriek (Nitaz, Bidea) edota birtuosismo erakustaldiek (Bi Alde-ren bateria soloa, adibidez). Xixtuka bezalako piezen martxa eta bultzada ikusgarriak izateaz gain, Mikelek baxua jotzeko duen maisutasunaren adierazle ere badira. Diskoa zuzenean grabatua dago, publiko murriztu baten aurrean bada ere, eta horrek berebiziko freskotasuna ematen dio.