Hilberria

Miguel Etxauri margolari iruindarra hil da, 96 urterekin

Batik bat, paisaiari eta natura hilei lotutako obra zabala sortu zuen. Uruguain igarotako urteek eman zioten bultzada artista gisa, eta Fermin Etxauri anaia eta galeristaren ondoan osatu zuen ibilbidea handik Iruñera itzuli zenez geroztik.

Miguel Etxauri margolaria (Iruñea, 1927-2024). MIGUEL ETXAURI FUNDAZIOA
Miguel Etxauri margolaria (Iruñea, 1927-2024). MIGUEL ETXAURI FUNDAZIOA
itziar ugarte irizar
2024ko irailaren 6a
09:30
Entzun

Nafarroako paisaiari lotutako margolaria izan da Miguel Etxauri (Iruñea, 1927-2024), bizialdia pinturari emana igaro duen norbait. Umetatik heldu zien arkatzei —Juan Ziga izan zuen lehen irakaslea—, Ameriketan igaro zituen urteetan indartu zituen bai bokazioa eta bai formakuntza, eta, handik Iruñera bueltan, Fermin anaia galeristaren eskutik sorterrian finkatu zuen bere arte jarduna. 97 urte betetzeko egun gutxiren faltan hil da bart, azken urteak alzheimerrarekin igaro ostean.

Etapa diferenteak izan zituen margolariak, baina, batik bat, paraje idorrek, natura hilek eta eguneroko bizitza goratzen zuten koadroek egin zuten ezagun Etxauri. Kubara migratu zuen 18 urte bete aurretik, eta bost urte igaro zituen Habanaren eta AEBen artean, negozio bideak saiatzen. Berak pinturan jardun nahi zuela sinistuta, baina, Uruguaira lekualdatu, eta han bai berriz heldu zion margotzeari eta marrazketa eta pintura eskola bat zuzentzeari. Aitortza handia jaso zuen han —galeria ugaritan erakutsi zituen lanak eta hainbat sari irabazi—, baina bizimodu hura atzean utzi, eta Iruñera bueltatu zen 1964an.

Fermin Etxauri anaiarekin bikote estua sortu zuen orduan —aurtengo apirilean hil zen—. Galeria bat zuen hark, eta anaiaren lanari oihartzuna emateko baliatu zuten itzulerako urte haietan. Kanpoko zenbait galeriek ere erakutsi zuen margolariaren lanengatik interesa —batik bat, industrializazioaren eraginez hustutako Nafarroako herrietan margotu zituen koadroengatik—, baina anaiak Parke15 arte espazioaren ardura hartu zuenean, 1974an, Iruñean zentratu zen berriz Etxauriren jarduna. Handik hamarkada batera hasi zen gerora ospea lortu zuten arrokak margotzen.

Egun, 30 museo, instituzio eta arte zentrotan baino gehiagotan dago Etxauriren obra, eta, 2010etik aurrera, pintorearen izena duen fundazioa arduratzen da haren legatuaz, Iruñeko Alde Zaharrean.

Miguel Etxauriren zenbait lan, haren izena daramanko fundazioan, 2012an. IDOIA ZABALETA / FOKU
Miguel Etxauriren zenbait lan, haren izena duen fundazioan, 2012an. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.