Miguel A. Garcia (Gasteiz, 1978) inprobisatzaile, konpositore eta undergroundaren astintzaile nekaezina, Euskal Herriko musika esperimentalean mugarri izandakoa, astelehenean hil zen, alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA) diagnostikatu eta lau urtera. Gaixotasunak eragin handia izan du haren artean eta egiteko moldeen garapenean, sortzen jarraitu baitu azken hatsa eman arte ―11 disko argitaratu zituen 2024an―.
Elektronika izan du beti sortzeko lanabes Xedh-ek —hori izan du izen artistiko bere lanetako askotan—, inprobisazioan hasi eta konposizioan sakontzeko. Zarata baliatu du, beste esparru batzuetara malgutasunez eramateko: musika atonala, garaikidea, industriala, dronea… zaratak denboran eta espazioan beste eratara ordenatzeko. Eraiki izan duen lengoaia zorrotz eta besterenezina hainbat tresna eta musikarirentzat ere garatu du, inoiz bere elektronika desagertu eta beste musikari batzuek interpretatzen uzteraino. Horren adibide, edo gailur, Sainen Hildo lana (Hegoa, 2023), zeinean Garazi Navasekin akordeoirako birsortu baitzituen elektronika zaratatsuz osatutako pieza inprobisatu zahar zenbait.
Mundu osoko hamaika zigilutan sakabanatuta dago sortzailearen 194 laneko diskografia, eta lan garrantzitsua egin du eszena esperimentala eraikitzen eta aberasten
Noski, 194 laneko diskografia erraldoian gailurrik zehaztea alferrikakoa da, tartean besteak beste La Axacra, Armiarmak eta Oppolomuni egonda. Gaixoaldian, baina, bere ibilbidean argitaratutako lan guztiak bildu eta ordenatu zituen (www.xedh.org gunean entzungai), bere lanetan murgildu nahi duenak jakin dezan zeintzuk zeuzkan funtsezkotzat mundu osoko zigiluetan barreiatutako lanen artean: Cronica Electronica (Portugal), Intonema (Errusia) eta Kirigirisu (Japonia) dira zigilu horietako batzuk, besteak beste.
Eszena eraikitzailea
Urteotan ezinbesteko kolaboratzaile sare erraldoia harilkatuz joan da, bere musikaz gain eszena esperimentala ere eraiki eta aberastu duena —Terri Kakofunk, Garazi Gorostiaga, Ulzion, Myriam Rzm eta Al Karpenter, gutxi batzuk aipatzeagatik—.
Sare horren gauzatze fisikoa Le Larraskito Kluba izan da; hamahiru urtez Bilbok izan duen altxor preziatu eta ezkutuena. Elena Aitzkoa eta Oier Iruretagoienarekin batera, soinua eta arreta ardatz zituen gune bat abiatu zuen, lan esperimentalen atelier eta erakustoki, muturreko proposamenen bidez entzule aktiboak sortzeko. Bertoko artista askorentzat, lehen zorua izan da beren lanak isiltasunezko eta errespetuzko giroan probatzeko; kanpoko ehunka artista zaildurentzat, berriz, aterpe: hala nola Ilia Belorukov, Seijiro Murayama, Chie Mukai, Jean-Luc Guionnet eta gehiagorentzat. Hartu-eman horrek mundu osora eraman du Garcia: Mexikora, Txinara, Amerikako Estatu Batuetara eta Errusiara, kasurako.
Le Larraskito gunetik at ere programatu du musika esperimentala: hamabost alditan arrasto sakona utzi zuen Zarata Fest musika arraroen jaialdiaren bidez. Hor ere, kontzertu sorta huts bat izan zitekeena arte ekintza bilakatzen zuen, xehetasun orori arreta emanda. Soinuen ordenatzea programatzetik ere hasten baita.