'Midnight' filmak irabazi du Fant jaialdiko sari nagusia

Caper Kjeldesen zuzendari daniarraren 'In the Soil' laburra ere saritu du epaimahaiak, eta Borja Crespok jaso du Euskal Filmik Onenaren Saria

Oh-Seung Kwon zinemagilearen Midnight filmeko fotograma bat. FANT.
Inigo Astiz
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Funtsean, pertsekuzio istorio bat da Midnight. Kyung Mi gorra da, eta keinu hizkuntza aholkulari. Gau batez, Do Sik saileko hiltzailearekin egingo du topo Seulgo kaleetan, istripuz, eta hor hasiko da lehia. Bere lehen lan luzea du Oh-Seung Kwon zinemagile korearrak, eta Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoko Filmik Onenaren Saria jaso du hari esker. «Ikuslea harrapatzen duen giro kezkagarriagatik, protagonistaren gorreriarekin jolasean egiten duen soinu planoaren erabilera bikainagatik, norabide eta interpretazio bikainagatik, eta bizi dugun bakardade izugarria transmititzegatik». 3.500 euro jasoko ditu, oroigarriarekin batera.

Phil Gelatt eta Morgan Galen King zinemagileen The Spine of Night filmak Sail Ofizialeko epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso du. Caper Kjeldsen daniarrak irabazi du Film Laburrik Onenaren Saria, In the Soil lanagatik (3.000 euro), eta Borja Cresporen Hikikomori-rentzat izan da Euskal Film Laburrik Onenaren Saria (2.000€).

Conor McMahon zuzendariaren Let the Wrong One In film luzeak jaso du Euskal Gidoigileen Elkarteak emandako Sail Ofizialeko Film Luzeen Gidoirik Onenaren Saria. Eta Junta Yamaguchi zuzendariaren Beyond the Infinite Two Minutes filmari eman dio FAS Zineklubak Sail Ofizialeko Zuzendaririk Berritzaileenaren Saria.

Saritutako lanen proiekzioa

Publikoak bi sari banatu ditu. Patrick Ridremont zuzendariaren The Advent Calendar lanarentzat bata, eta Gabriel Campoy eta Guillem Lafozen Night Breakers laburrarentzat bestea. 3.000 euro jasoko ditu azken horrek.

Sail Ofizialetik kanpo, Ikuspegi Fantastikoa sailean, Javier Camino Miguelez galiziarraren Jacinto filmari eman diote Film Luzerik Onenaren Saria (2.250 euro), eta Miguel Alcalderen Un minuto film laburrak jaso du sail horretako Film Laburrik Onenaren Saria (1.500 euro).

Saritutako lan guztiekin proiekzio berezia egingo du jaialdiak, gaur, Bilboko BBK aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.