Martin Harriage. Dantzaria eta koreografoa

«Michael Jackson izan dut idoloa»

Txikitan, Harriagek Michael Jacksonen koreografiak buruz ikasten zituen, amarekin. Gero, Malandainen dantza zuen ezagutu; geroztik bere bidea eginik, gaur, 'Pitch' aurkeztuko du Maitaldia jaialdian.

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2017ko irailaren 10a
00:00
Entzun

Oraindik gogoan du nola aitak saloiko bizikleta egiten zuen Beethoven entzunez. Amak Mozart zuen gustukoago, eta semea, Martin Harriage (Baiona, 1986), Thierry Malandainen Miarritzeko balletaren dantza klasikoaren ikustera eramaten zuen. Semeak, berriz, Michael Jackson izan du «luzaz idoloa»; Baionako kolegio eta lizeoko urte bukaeretako bestetara ekartzeraino. Ikasle guztien aitzinean, Jacksonen dantzak eskaintzen zituen. Txapela eta guzti. «Bideoen aitzinean, orduak iragaiten nituen bere urratsen ikasteko». Geroztik bere mundu bilakatu duen dantza garaikidetik urrun, «baina ikusgarritasun baten ideia hor zegoen jada. Dirdira horrek guztiak ere erakartzen ninduen, nonbait».

Gaur, berriz ere etxekoak izanen ditu ikusle. Aspalditik ez zaiona gertatua. Aspalditik utzia baitu Euskal Herria. Marseillara (Frantzia), Rotterdamera (Herbehereak) eta, azkenaldi honetan, Ga'atonera (Israel) eraman du dantzak. Libanotik hogei minutura. Hori bai, Michael Jacksonengandik urrun du gaur proposatuko duena. Pitch dantza emanaldia dakar Miarritzeko Kasinora, 21:00etan. Maitaldia dantza jaialdiaren karietara, Kibbutz Contemporary Dance konpainiakoek dute dantzatuko. Bere konpainia da Kibbutz Contemporary Dance. Dantzari bezala ari da hor. Baina koreografo ere bada Harriage.

Txaikovskiren musika du ardatz Pitch-ek. Konpositorearen biografian oinarritzen da, bai eta haren ballet klasikoetan ere; besteak beste, Beltxargen aintzira-n. Dantza garaikidea da, nahiz eta ez duen «beldurrik» klasikoko zenbait teknika edo urrats erabiltzeko. Badu antzerkitik ere.

Luzaz ez zuen dantza gogoan izan Harriagek. Etxeko guztiak medikuntza munduan ditu. «Harriage familia mediku familia» gisa ezaguna da Baiona aldean. Aitatxi, aita, ama eta anai-arrebak.

Malandain «maixua»

Baxoa ukan, eta zuzenbide ikasketak hasiak zituen hark. 19 urtetan bere baitan zuen dantzatzeko gogo horren garatzea erabaki arte. Gurasoak bereizi ziren urtea izan zen. «Bereizte horrekin, ohartu nintzen ordura arte transmititu balioek ez zutela gehiago balio. Ziotenez, familia baten eraikitzeko, lan on bat behar nuen. Baina nola beren adibideak erakutsi zuen horrek ez zuela balio funtsean, nire bidea aukeratzea erabaki nuen». Musika, antzerkia eta dantza, denetarik dastatu zuen. Eta hortik dantza hautatu. Thierry Malandain koreografoa eta Miarritzeko balleteko burua izan zuen hor gakoetako bat.

Dantzaren hautua egin duenetik, Malandain «maisutzat»dauka. Estilo berekoa ez izan arren. Malandain bera zinez neoklasikoan baita errotua. Baina haren izaera du miresten. Dantzaren hautua egin zuenean, Malandain deitu zuen gomendio eske. Malandainek ez zekien nor zen, baina harrera ona egin zion, eta Baionan ikastaroak ematen zituen lagun koreografo bat aholkatu. «Gainera, anitz kritikatua izan zen garai batez neoklasikoa egiteagatik, baina segitu du bere bidea. Eta, orain, ezagutza lortu du. Frantzian gehien ari den konpainietako bat da. Salak beti betetzen ditu». Kritika guztien gainetik atxiki izana, lan egin izana, hori miresten du Harriagek.

Laster hartu ditu markak baionesak. Miarritzeko dantzari gazteen konpainiatik, Marseillako balletera joan zen. Rotterdamera gero. 2013tik, Israelen bizi da. Israelgo dantzaren giroa gustuko du Harriagek. Halako «burbuilatze» bat senti daiteke, mundu osoan ezagutua. «Ohad Naharinen Gaga mugimenduak zabalarazi duena, bere Batsheva konpainiarekin».

Harriage Gagak erakarririk iritsi zen Israelera. «Gaga ez da dantza teknika bat. Dantza baino gehiago, gorputzaren adierazpide bat da, inprobisazioan oinarritzen dena, norberaren gorputza entzutera bultzatzen duena». Han, bere bizilagun bihurtuko zena ezagutu zuen. Horrek Kibbutz Contemporary Dancen dantzatzen du. Proba saio bat pasa zezan konbentzitu zuen. Eta hartua izan zen.

Kibbutz Contemporary Dance ez da Gaga horretan kokatzen, baina, halere, Harriageren ustez, bada dantza garaikidea dantzatzeko modu bat, dantza israeldarra dei daitekeena. «Biziki fisikoa da, primitiboa. Arrisku hartzeak daude. Gertatzen dena da dantza israeldarrak iragan bat daukala. Dantza hori sortzen dutenak etenik gabeko gatazka bateko lurraldean bizi dira. Gainera, gorputz israeldarra usu gorputz judua da. Eta gorputz juduak historiaren estigmak ditu».

Kibbutz konpainia bera du horren adibide. Yehudit Arnonek zuen sortu konpainia. Kontzentrazio esparruetatik bizirik atera zen Arnon. «Kanpamentuetan nazientzat dantzatzera behartzen zuten. Bere buruari hitzeman zion holokaustotik bizirik ateraz gero dantzari eskaini herri bat sortuko zuela, bai eta konpainia bat ere». Ga'aton du Kibbutz hori. Hor dago oraindik konpainia. Dantzaren inguruan antolatua da herri osoa. Harriage bera ez da judua, eta, administrazioari begira, zailtasunak sortzen dizkio horrek batzuetan: «Biziki herri kontserbadorea da, nazionalista». Baina horrela ezin dela dena laburbildu erantsi du: «Gure konpainian 16 dantzari gaude. Hamar atzerritarrak, eta ez juduak». Konpainiako Rami Be'er koreografoaren xede nagusiaren haritik doan hautua da: «Erakutsi nahi du mundua hobetzeko elkartu behar dugula, gure nortasuna eta erlijioa edozein izanik ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.