Gaur iluntzean sariak banatu eta Anarik kontzertua eman ondotik amaitu da Debako (Gipuzkoa) XVII. Animadeba jaialdia. Aurtengo aldia orain arteko «jendetsuena» izan da, antolatzaileen esanetan, eta Michael Granberry estatubatuarraren Les bêtes filma izan da garaile Sail Ofizialean. Euskarazko lanik onenaren BERRIA saria Marramiau sorkuntza taldearen Argizagi haurrentzako telesailarentzat izan da aurten, besteak beste, «gai unibertsal bati estetika original batekin» heltzeagatik —animaziozko zinemaldiaren babesleetako bat da BERRIA—.
Gidoirik onenaren saria Carla Melo Gampert kolonbiarraren La perra filmak irabazi du, eta epaimahaiaren aipamen berezia, berriz, Anna Sammoren The Wild-Tempered Clavier lanarentzat izan da. Igor Prassel, Isabel Herguera eta Juan Pablo Zaramella izan dira aurten epaimahaikideak, eta, jaialdiaren barruan, EITB saria ere jaso du aurten Herguerak, EITBko Kultura eta Euskara zuzendari Vanesa Fernandezen eskutik.
Bai Sail Ofizialean eta bai Zuzendari Berriak atalean, hamar film erakutsi ditu aurten Animadebak —izan dira proiekzioak eta bestelako jarduera gehiago ere—, eta, bigarren atal horretatik, Mansi Maheshwariren Bunnyhod filma saritu du epaimahaiak, batetik, eta Cheyenne Goudswaarden Ik ben hier - I Am Here filmari aipamen berezia eman dio, bestetik. Publikoaren saria, azkenik, Les pieds dans l`eau (Eloic Gimenez Yoon) filmarentzat izan da