Miarritzeko Fipadoc jaialdian 170 film izanen dira ikusgai bihartik goiti

Giza eskubideak, ingurumena, Balkanak, musika, gorputzaren alde intimoa eta beste izanen dituzte mintzagai dokumentalen festibalean aurten; bihar abiatuko da. Bost sariketa nagusitan lehiatuko dira dokumentalak, otsailaren 1 arte.

Joana Mallwitz – Momentum filma
'Joana Mallwitz – Momentum' dokumentala. FIPADOC
Iñaki Etxeleku.
2025eko urtarrilaren 23a
05:00
Entzun

Bihar hasiko da Fipadoc dokumental jaialdia, Miarritzen (Lapurdi), eta otsailaren 1era arte iraunen du. Ikus-entzunezko ia berrehun lan izanen dira ikusgai hiriko areto nagusietan. Ukrainako eta Palestinako gerra egoerak, itsasoa eta ingurumena, gorputzaren alde intimoa eta beste lantzen dituzten dokumentalak estreinatuko dituzte. Gainera, Balkanetako herriei bereziki begiratuko die aurtengo aldiak. Ehun bat topaketa iraganen dira aurkeztu filmen harira, eta ikus-entzunezkoen ofizioaren inguruko 2.000 ordezkariz goiti elkartuko ditu Fipadoc Pro edireteak. Guztira 16 sari banatuko dituzte.

Iaz, 32.000 ikus-entzule inguru bildu zituen Miarritzeko Fipadoc dokumental jaialdiak. Antolatzaileek «ingurumenaren, giza eskubideen eta justizia sozialaren alde konprometitua den jaialdi» gisa aurkezten dute. Dokumentalaren betekizuna nola ikusten duten laburbildu dute Fipadoceko buru Anne Georgetek eta Christine Campdessusek. «Ahaztuei, isilduei, oldartuei hitza ematen dielarik, dokumentala kontrabotere bilakatzen da», adierazi dutenez. Aurtengo hautatu film batzuen gaiak eta egileak zein diren ere zehaztu dute horren erakusteko: Yintah-ko amerindiarrak (Jennifer Wickham, Brenda Michell eta Michael Toledano), Sudango gazteria (Hind Meddeb), zailtasunetan zen laborantza biologikoko laborari bat Bretainian (Eric Guéret), eta Tamara Muruetagoiena, zeina egiaren bila ari den Indarkeriaren o(h)iartzunak dokumentalean (Amaia Merino Unzueta eta Ander Iriarte).

Dokumentalak fikzioaren nagusitasunari buru egin behar izan dio etengabe, Georgeten eta Campdessusen ustez. Horregatik «buru egiten die gaina hartzen duten irudikapenei». Munduko errealitatearekin «tranparik ezin du egin» dokumentalak; are gehiago, «tranparik ez du egin behar».

Palestina, Ukraina

Aurtengo, 170 film aukeratu dituzte. Denak aipatu ezin direnez, hiru sail azpimarratu dituzte antolatzaileek. Hiru arlo: Ekialde Hurbila, Ukraina eta arlo intimoarekin loturiko kontakizunak.

Impact dokumental sarirako lehian, I Shall Not Hate – A Doctor’s Journey on the Road to Peace and Human Dignity (Ez dut gorrotatuko – Mediku baten ibilbidea bakearen eta giza duintasunaren bidean) dokumentala azpimarratu dute. Tal Bardak egin du. Izzeldin Abuelaix mediku palestinarraren bizia du aipagai. Urteetan Israelgo ospitale batean ari izan da lanean, eta, 2009an, Israelgo armadak Gazan zeukan etxea suntsitu zion medikuari, eta haren hiru alaba eta iloba bat hil eraso hartan. Gaur egun, Kanadan bizi da, eta bakearen alde daraman borroka kontatu nahi izan dute dokumentalean.

Ekialde Hurbilari loturik beti, Alexis Bloom zinemagile estatubatuarrak The Bibi Files dokumentala aurkeztuko du Miarritzen. Nazioarteko Dokumental hoberenaren sailean lehiatuko da. Benjamin Netanyahu Bibi Israelgo lehen ministroaren ustelkeria auziari buruzkoa da dokumentala. Ikerketa denboran eginak izan zaizkion grabaketak publiko egin ziren, baita haren hurbilekoei egindakoak ere, eta agerian ezartzen dituzte «kartzelara ez joateko egin dituen eginahalak».

Bestalde, Ukrainako gerla aipagai duten hiru dokumental hautatu dituzte jaialdiko. Besteak beste, Olha Zhurbak egin Songs of Slow Burning Earth (Emeki erretzen ari den lurraren kantua). Kazetari gazte batzuek Errusiaren inbasioaren lehen bi urteetan egin lekukotasun bilketa bat da.

Arlo intimoaren kontakizunari dagokion atalean, Ceci est mon corps (Hau da nire gorputza) dokumentalak bortxaketaren kultura miatzen du. Ikus-entzunezko lan «intimoa eta politiko bat» egin nahi izan du Jerome Clement-Wilz egileak. Bortxaketaren kultura osatzen duten «istoriotxoak ikertzen» ditu, memoriaren tiretetan gorderik atxikiak direnak. Frantziako dokumentalik hoberenaren sariketan sartua da.

Itsasoa eta Balkanak

Itsasoari buruzko filmen artean, Remy Tezierrek egin Des baleines, des tortues et des hommes (Baleak, apoarmatuak eta gizonak) dokumentala azpimarratu dute antolatzaileek. En Famille sailean lehiatuko da. Balea ume batek eta apoarmatu berde batek itsas uretan barna egin bidaia luzeak erakusten ditu. «Balea umeak 6.000 kilometro eginen ditu Antartikaraino, eta apoarmatuak Indiako Ozeanoraino».

Balkanei begirada berezia eskaini nahi izan die Fipadocek aurten. Duela 30 urte izenpetu zituzten Daytongo Akordioak Bosnia-Herzegovinako gerla amaitzeko. Urtemugaren karietara, Balkanetako 24 film erakutsiko dituzte jaialdi denboran —Albania, Bosnia-Herzegovina, Kroazia, Grezia, Kosovo, Montenegro, Mazedonia, Serbia eta Esloveniakoak, zehazki—.

Euskal Herriarekin lotura duten dokumental guti dira aurtengo Fipadoc jaialdian. Horietarik bat estreinatuko da bertan: Sorcières: chronique d’un massacre (Sorginak: sarraski baten kronika), Marie Thiryrena. Enrike IV. Erregek, 1609an Euskal Herrira bidali Pierre de Lancre inkisidorearen idazkietan oinarritu da egilea dokumentala egiteko. Ostegunean proiketatuko dute, Miarritzeko Kasinoan. Egileak bertan izanen dira mintzatzeko.

Bestalde, Donostiako Zinemaldiaren azken aldian aurkeztu eta jadanik Baionako Atalante zinema gelan erakutsia izan den Indarkeriaren oi(h)artzunak dokumentala hedatuko dute Miarritzen. Larunbatean eta asteazkenean izanen da ikusgai Gare du Midi aretoan. Larunbateko proiekzioan topaketa iraganen da egileekin.

Abiatze gaualdia

Bihar izango da Fipadocen abiatze ofiziala, 20:00etan, Miarritzeko Gare du Midi areto nagusian. Film bat eta ballet bat ikusten ahalko dira.

Gunter Atteln zinemagile alemanak egin Joana Mallwitz – Momentum dokumentalarekin abiatuko dute gaualdia. Mallwitz omen da Europako orkestra zuzendari gazteena. Nurenbergeko orkestra filarmonikoaren buru da, eta haren eguneroko biziari so egin dio dokumentalgileak.

Ondoren, Miarritzeko Thierry Malandain koreografoaren Mozart a 2 balletaemanen dute.

Miarritzeko Gare du Midin, Bellevuen, Le Royalen eta Kasinoan ikusten ahalko dira dokumentalak aste guzian. Proiekzio batzuk Miarritzetik kanpo eginen dira, Lapurdin gaindi, hala nola Baionako Atalanten, Donibane Lohizuneko Le Selecten, Getariako Getari Enean eta Kanboko l'Aiglon zinema gelan.

Egitarau osoa Fipadoc.com webgunean ikus daiteke. 

FIPADOCEKO bost SARI NAGUSIAK

  1. Nazioarteko dokumentalaren saria

    . Frantzian oraindik ikusi gabeko nazioarteko dokumentalik hoberenaren saria.

  2. Frantziako dokumentalaren saria

    . Frantziako dokumentalgile hoberenaren saria.

  3. Musika dokumentalaren saria

    . Musika protagonista nagusi daukan dokumental hoberenaren saria.

  4. Impact saria

    . Giza eskubideen arloan, ingurumenaren defentsan edota justizia sozialean eragina duen dokumental hoberenaren saria.

  5. IN-madelen saria

    . Publikoak bozkatu film frankofonoaren saria.

     Sari bakoitzaren irabazleak 5.000 euro eskuratuko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.