Metamorfosi aurreko 'Erlea'

Frontoiak eta astronautak ditu ardatz bederatzigarren 'Erlea'-k.Hurrengo zenbakiarekin aldizkaria amaitutzat jo eta literatur sari bat sortu nahi duela aurreratu du Bernardo Atxagak

Andres Urrutia Euskaltzainburua eta Bernardo Atxaga idazle, euskaltzain eta Erlea aldizkariko zuzendaria Bilbon hizketan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2015eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Etorkizunerako kutxa bat. Orain arte kaleratutako Erlea aldizkariaren bederatzi zenbakiak mahai bakarrean, eta hori ikusten du Bernardo Atxaga idazle, euskaltzain eta aldizkariko zuzendariak. «Hau izango da lagin bat esateko zer zen euskal literatura 2000. urte inguru horretan; ja helduta zegoen sasoi horretan». Ahaztutakoak, erantzun ez dutenak, eta aldizkaria arbuiatu dutenak alde batera, horixe Atxagaren kutxa. «Izpi horiek alboratuta, hamargarrena ateratzen dugunean 100 egile eta artista inguru egongo dira, eta horiek dira euskal literatura 2000. urteen buelta horretan. Hori egin nahi nuen. Ze ez bada egiten kutxa bat, gero atzera begiratzean ez duzu ezer ikusten. Ikusten duzu kultura sakabanatu bat eta ez da ezer ikusten. Hor dago oina aurrera jarraitzeko». Azken-aurreko zenbakia du, izan ere, aldizkariak, eta horregatik Atxagaren atzera begirada. Hurrengoarekin amaituko da Erlea, eta aurreratu du idazleak bere hurrengo asmoa: Urrezko Erlea literatur saria sortu nahi luke Euskaltzaindiaren babesaz.

Bikoitza izan da oraingoan aldizkariaren ardatza. Frontoien ingurukoak dira bederatzigarren zenbakiko testuetariko asko, eta astronautei buruzkoak beste sorta bat. Habanako frontoia abiapuntu duen ipuin bat sortu du espresuki aldizkarirako Joseba Sarrionandiak, esaterako; blues musikari bat eta pilotari bati buruzko kontakizuna osatu du Amets Arzallusek; trinketlaria zuen aitari buruzko testua sortu du Jabier Muguruzak; eta Ho Chi Minhek ikusitako pilota partida bati buruzko poema sortu du Koldo Izagirrek. Astronautez, berriz, Juri Gagarini buruz idatzi du Sebastian Gartzia Trujillok; Laika txakurrari buruz ari da Xabier Kintanaren lana. Eta erdi-astronauten ingurukoak ere badaude, Himalaiara igotzeari buruzko testu bat sortu baitu Juan Ramon Madariaga poeta eta mendizaleak, eta Itsas urpekarien dantza kantaren sortze prozesuaz idatzi baitu Maite Arroitajauregi Mursego musikariak.

«Aldizkari bat ez da zaku bat», azaldu du Atxagak. «Eduki behar du muin bat». Eta kasu honetan frontoiena eta astronautena da aldizkariaren muin hori. Bi horiek eta baita Kubako iraultzak ere, hirugarren mailan. Badira hari solteak aldizkarian, halere. Amaya Hernandorenari egindako elkarrizketa ere biltzen du, esaterako, eta azken aldian argitaratutako liburuei buruzko iruzkinen atala ere badakar. Ixiar Rozas, Piarres Aintziart, Jon Kortazar eta beste hainbat egileren lanak ere biltzen ditu, Jose Antonio Azpilikuetaren azaleko irudiarekin batera. Kutxarako nahi izan ditu horiek ere Atxagak. Eta aurreratu du hurrengo zenbakiaren gaia ere: antzerkia. Eta horrekin amaituko da aldizkaria.

Azaldu du zergatia: «Helburua zen lagin bat sortzea, eta hamar ale, mila orri baino gehiagorekin, uste dut lagina egina dagoela». Itxita duela kutxa, alegia.

Urrezko Erlea saria

Iragarri du gerokoak nondik helduko diren, ordea, Andres Urrutia Euskaltzainburuarekin batera eskainitako aurkezpenean. «Kezka daukat pixka bat sariekiko, eta uste dut erakunde literario batean sariak izatea comme il faut oso garrantzizkoa dela. Justuak izatea. Eta ez baitzait hala denik iruditzen, orduan pentsatu dut urrezko erlea izeneko sari batzuk antolatuko ditudala Euskaltzaindiaren laguntzarekin». Hori da asmoa, behintzat. Lanean ari dira oraindik horretan, baina buruan ditu Atxagak proiektuaren lerro nagusiak. «Sari horrek azpititulu bezala izango du lau, hamalau leloa. Eta horrek esan nahi du lau orrialdetik hamalau orrialdera arteko testuak bidali ahalko direla sariketara». Epaimahaiak egin beharko duen lanean ere jarri du enfasia horregatik, azaldu duenez, hori baita klabe nagusietariko bat.

Kritikotasun falta igartzen duela dio idazleak. «Gizarte akritiko batean jendeak uste du kritika kexua dela, eta ez da hala». Bere ustez gauzak ez daude esaten den bezain ongi, hori da dena. «Heldu gara puntu batera, Kafkak esaten zuen bezala, itzulerarik gabeko puntu batera heldu gara. Ohiko erretorikak, baita hizkuntza ereduari buruzkoak ere, ze ondo goazen eta halakoak... ba hala iruditzen bazaizue hala biz, baina nik esan behar dut ez dudala fede hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.