asgarth
'Asgarth zuzenean'
Diskoetxea: Elkar.
2007an, lau disko argitaratu eta gero, Asgarth taldea banandu egin zen, baina hara non, handik hamahiru urtera (2020an), itzulera iragarri zuten. Hilotz taldeko Mikel Yarza (baxua) eta Etxahun Urkizu (bateria) jatorrizko hiru partaideei gehitu zitzazkien: Axier Enbil (ahotsa), Ander Cañas (gitarra) eta Unai Zabala (gitarra). Pandemiak hasieran itzulera izorratu bazien ere, 2022an, azkenik, disko berri bat argitaratu zuten: Zeldatik. Bertan base erritmikoak (Mikel Yarza eta Etxahun Urkizu) egurra eman zuen jatorrizko hiru partaideekin batera bosteko polita osatuz. Diskoan ez ezik, kontzertuetan ere nabaritu zen indar hori. Orain zuzeneko bikoitz bat atera dute disko klasikoetan zentratuta: Etorkizunaren sustraia (2000), III (2002) eta apur bat rockeroagoa zen...Garrasia (2005). Disko berritik soilik Zeldatik berreskuratu dute, eta lehenengo disko/maketa hartatik beste bi.
Hogei kantuko diskoak ia ordu eta erdi irauten du eta soinu nahiko garbia dauka. Gainera, batzuetan publikoaren parte hartzea ere azpimarratu behar da, grabazioari indar berezia ematen baitio. Espero bezala, intro luze batekin hasten da diskoa eta gero Meategi beltza kanoi baten moduan sartzen da Judas Priest-en Painkiller-en antzera Etxahun Urkizuren atabal kolpeekin. Eta laster datorren trostak power metala dakarkigu gogora. Izan ere, Asgarth estilo batean kokatu behar bagenu, hein handi batean power metalean kokatu beharko genuke. Publikoa gogotsu nabari da Goian bego eta Geldiezina kantuetan ere. Azken horretan gitarra solo dotorea entzun daiteke, baita, besteak beste, Ito arte, Ipar haizea eta Lur jota kantuetan ere.
Orokorrean, bi gitarra jotzaileek eta Axier Enbil abeslariak garai bateko kantuei emandakoa baino gogortasun handiagoa nabari da. Axier Enbilen agudoak biziak eta altuak dira, adibidez Zeren beldur estimulatzailean. Ideia antolatuak, Zu gabe-rekin batera, diskoko kantarik zaharrenak dira, baina bigarren bizialdi mamitsua ekarri dute. Lehenengoan taldearen koruak eta 80etako FM hard rocka bereziki eskergarriak dira, eta bigarrena balada dotorea dugu, diskoko bakarra. Baliteke Arraza, Arbasoen guda eta Asgarth kantuak besteak baino apur bat apalagoak izatea, baina entzule bakoitzak bere gustuak dauzka, eta batez ere Asgarth kantuaren epikak puntuak ematen dizkio diskoari. Kantu horretan, gainera, publikoa koruak egiten jarri du Axierrek.
Ipar haizea-k epika pizgarria dakarkigu, baita punteoak eta solo bikoiztuak ere. Horrek ere publikoaren parte hartze intentsua dakar, baina onenak aukeratzekotan, horratx batzuk: Gezurrak (itsaskorra eta metodikoa), Ito arte (teklatuak eta Axierren ahotsa bete-betean), Zatoz bila astuna (hots, heavya), Eman pausoa (garratza eta zapatila asko daukana) aipatu behar genituzke, baita disko berriko Zeldatik eta Lur Jota power metaleroa ere. Heriotzaren aurpegia tematiarekin amaitzen da diskoa. Mende hasierako euskal metalzalea pozik uzteko moduko grabaketa osatu dute, nahiz eta azken diskoko kantu batzuen falta sumatzen ditugun. Teknikoki zuzena da eta abiadura handiko piezak nagusi dira, baina kantu bakarra aukeratzekotan, edo aurrekoei bat gehitu behar bagenio, Ahaztezina izango dela aipatuko genuke.