KRITIKA

'Metakitsch'

IOSU ZAPATA - ERAKUSKETA
Iosu Zapata artistak 'Paradisu ibiltari baten zaletasunak' izeneko erakusketa jarri du ikusgai Iruñean, Ziudadelako Mistoen aretoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2023ko abenduaren 12a
05:05
Entzun

IOSU ZAPATA. 'PARADISU IBILTARI BATEN ZALETASUNAK'

Non. Ziudadelako Mistoen eraikinean, Iruñean.

Noiz arte. 2024ko urtarrilaren 28ra arte.

Aitortu behar dut espazio ez-neutroetan egiten diren erakusketak deigarri sumatzen ditudala. Prozesu horretan, espazioarekiko interakzioa bideratzea beharrezkoa iruditzen zait. Alegia, espazioak bideratzen dituen egiturekin jolastea, diskurtsoak bideratzea... pieza biltzen duenaren eta piezaren beraren arteko interakzioa sortzea, bien arteko bateratasuna ahalbidetzea. Esaterako, neutralak ez diren espazioak behin-behineko erakusketak biltzen dituztenean, faktore horien lanketa sumatzen da, edo ez. Hori gertatzen ez denean, espazioak erakusketa jaten du, eta, askotan, ikusten duguna bigarren plano batera pasatzen da, edo erakusketak errepikakor suertatzen dira.

Aurretik aipatu izan dut faktore horren eragina Iruñeko Ziudadelako Mistoen Aretoan leku hartzen duten erakusketei dagokienez. Alabaina, errealitatea da Iruñeak ez duela ia erakusketak egituratzeko espazio espezifikorik, eta dituen horiei —Baluarteko erakusketa aretoa datorkit burura— ez die beharrezkoa den ikusgarritasuna edota erabilgarritasuna ematen.

Horren inguruan hausnartuz gerturatu nintzen Iosu Zapatak Ziudadelan aurkeztu duen erakusketara, Paradisu ibiltari baten zaletasunak izenekoa. Irrikaren eta beldurraren artean kulunkatzen den nolabaiteko sentimendu batekin zeharkatu nuen atea.

Zapatarekin batera Mexikon egindako egonaldi artistikoari buruz Ana S. Holmes artista iruindarrak egin zuen aurkezpenean egon nintzen duela hilabete, eta, irudiak erakusten zizkigun heinean, argi geratu zitzaidan haren erakusketaren bat ikusteko aukera izatea gustatuko litzaidakeela. Oso erakargarriak egin baitzitzaizkidan elkarrekin egin zituzten instalazioak.

Kasu honetan, Zapataren lanak soilik zeuden ikusgai. Artistak Mexikoko hainbat iruditeriaren itzulpen bisualak jartzen dizkigu mahai gainean. Hots, iruditeriak ez dira perspektiba estereotipatu batetik azaleratu daitezkeenak, edota bertako herrialdearekiko ikuspuntu turistiko batek eman ditzakeenak; bertako kultura garaikidean bizirik dauden sinesmenekin eta ohiturekin lotzen diren irudiak dira.

Hala, hiru ardatzen bitartez egokitu dira artistak sortutako piezak: debozioak, lorategiak, eta material ibiltariak. Ardatzon estetika erakusketa osoa zeharkatzen duen kontzeptu batek baldintzatzen du: Metakitsch. Hori da, hain zuzen, helarazten zaiguna erakusketan barneratzen garen momentuan, eta kontzeptuarekiko ezagutzarik izan edo ez izan, harekiko informazioa bideratzen dizkiguten euskarriak eskaintzen dizkigu Zapatak.

Mexiko Hiriko kaleetan gaude, eta bertan postu ibiltariak sumatzen direla esaten digute lehenengo espazioan kokatzen diren eskala handiko bi irudiek. Horiek hurrengo konposizioetara bideratzen gaituzte. Kontrastea sumatzen da; izan ere, figura pilatuen ostean, arkatzez marraztutako postuak zein makinak baitaude. Nolabaiteko prestakuntza da, dirudienez, espazioa ixten duen azkenengo konposiziora bideratzen gaituena: gurutzea. Aldareen marrazki koloredunez eraikitako gurutzera, zehazki.

Aldareei erreferentzia zuzena egitea horren aldarri da, moduren batean; izan ere, horiek aurreiritziekin ulertzen baditugu ere, Mexikoko egunerokotasuneko irudiak dira. Kutsu erdi-liturgiko erdi-kulturalagatik erabiliak, hain zuzen.

Hala, prozesu horretan aldareak izango dira erakusketaren ibilbidea zehartuko dutenak. Izan ere, erakusketak espazioa bere egin, eta erakusketa banatzen duten bi gelen muturretan, aldareen izaera liturgiko-kultural horien interpretazioak aurkezten dizkigu artistak. Bada, horren sublimazioa da bigarren espazioko muturretako batean aurkezten zaigun instalazioa. Hark sortzen duen zirrarak harrapatzen gaitu, baina gehiegikeriak gogaitzeko arriskuaren mugaraino garamatza. Hala ere, gogaitze hori ez da inoiz iristen.

Estetika onartuaren eta itsusi edo debaluatuaren arteko tentsioak estutu eta barreiatu egiten dira erakusketa. Erakargarri eta, aldi berean, arrotz egiten zaizkigun irudi koloretsuak aurkezten baitzaizkigu. Alde horretatik, esan genezake estetika horren sublimazio batera bideratzen gaituela nolabait. Ohikoak izan daitezkeen iruditeriak betetzen ditu, gainezka egiten duten arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.