ERRESISTENTZIA KUTXA (29)

Metaforikoki

Han-hemengo lehiaketetan sariak irabaziz heldu zen literatur plazara Goiatz Labandibar (Oiartzun, Gipuzkoa, 1985).Oarsoaldeko Hitza-n lan egindakoa da, eta komunikazioaren arloan dihardu gaur egun ere. 2013an argitaratu zuen lehen ipuin liburua, Elkar argitaletxearen bidez: Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak. Hurrengo, 2016an, Fotogramak atera zuen, irudi banari lotutako narrazioekin osatutako lana. Eta iazkoa du orain arteko lanik berriena, beste ipuin liburu bat: Hori zen dena (Alberdania). Cafe Bar Bilbao Teatro Laburreko saria ere irabazi du aurten Labandibarrek, ironia eta absurdoa baliatuz eraikitako antzezlanarekin: Salaketa.

JON URBE / FOKU.
Goiatz Labandibar.
2020ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Ama hil behar duzu. Nola, baina? Hamabostean behin jesartzen naiz besaulki honetan eta medikuntza pribatua elikatzen dut —nahiz eta publikoki Twitterreko txioetan osasun sistema publikoaren defendatzaile sutsu eta administraziopeko langileen eskubideen defendatzaile irmo agertzen naizen, eta behin ere nire printzipioak ezein egoeratan salduko ez nituzkeela 120 karakteretan aldarrikatzen dudan, ideologia ezkertiar aurrerakoi eta ongizatearen gizartearen fanoi dagokigun bezala—, goizez ospitale publikoan eta arratsaldez kontsulta pribatuan jarduten duzun psikologo horri saioko 180 euro ordaintzen dizut, teorian nire arazoak gainditzen laguntzeko, eta zuk, soluzio gisa, hiltzaile bihurtzea eskatzen didazu?

Hiltzaile metaforiko bihurtzeko eskatzen dizut.

Hiltzaile metaforikoa? Nola da posible hori? Hiltzaile bat hiltzaile bat da. Heriotza ez da metafora bat. Bizirik zaude, edo hilda zaude. Ez dago erdibiderik —ezen ez bada erdibidetzat jotzen makina batek bizirik mantentzen dituen begetal horiek, baina horiek ere ez daude hilik, baizik eta bizirik, medikalki eta biologikoki bederen—. Ez, ezin dut ama hil.

Metaforikoki eskatzen dizut ama hiltzeko. Freudek aita hiltzearen beharra aldarrikatu zuen. Baina ez zuen esan nahi aita benetan hil behar zenik labankada batez edo tiro emanda. Zilborrestea askatzeko esaten dizut.

Zilborrestea medikuak moztu zidan. Pentsa, amari hozkia ematen omen zion ni nintzen jaioberriaren txilborrak, eta erori zitzaidan arte ez omen ninduen garbitu. Aitak egiten zuen lan hori.

Horra beste arrazoi bat.

Zertarako?

Ama hiltzeko (metaforikoki). Zein da bere alaba jaioberriaren txilborrak hozkia ematen dion ama?

Nirea.

Hori bada. Harengandik askatu behar duzu, urrundu.

Gehiago? Beti egon izan naiz amagandik urrun. Horregatik etortzen naiz zugana. Harengana hurbiltzen lagun nazazun. Eta zuk, zuk ez duzu deus ulertu. A zer psikologo klasea zarena... Nire psikea eta beharrak entenditu beharrean, kontrakoa eskatzen didazuna.

Batzuetan, alferrikakoa da saiatzea. Behar izatea, edo nahi izateak ez du gertatzea esan nahi. Batzuetan, hobe izaten da dagoena onartzea. Eta gauzei beste perspektiba batetik begiratzea.

Zein perspektiba da hori?

Amak jaio zinenetik urrundu zaitu.

Ez ni bakarra. Nire ahizpa ere bai.

Zu eta zure ahizpa. Biok. Baina distantzia jarri du amak zuekiko.

Eta nik distantzia hori laburtu nahi dut.

Nola?

Hori zuk esan beharko didazu, ezta? Horregatik ordaintzen dizut.

Psikologoen gabineteetan ez da pozima magikorik izaten. Gure lana tresnak ematean datzan, gero zu zeu gai izan zaitezen zure arazoei aurre egiteko.

Ederra bada, eman didazun tresna... Hiltzeko ama. Zer nahi duzu? Kartzelan usteltzen ikusi nahi nauzu?

Beno... utz dezagun alde batera ama hiltzearen afera hori. Ez dut halakorik esan.

Bai, esan duzu. Niri ez zaizkit hain erraz ahanzten gauzak…

Barkatu, bada. Aurreko saio batean kontatu zenidan amak ahizpari eta bioi sarritan esan izan dizuela alaba txarrak zaretela...

Bai. Eta nahiago zukeela seme bat, eta bakarra, izan balu.

Nola sentitu izan zara hori esan izan dizunetan?

Nola sentituko zinateke zu kaka zaharra zarela esango balizute? Ba horrelaxe, kaka zahar bat bezala. Eta haserre.

Haserre...interesgarria... Nolako haserrea?

Nola nolako haserrea? Zenbat haserre mota daude bada? Zer daude haserre polita, haserre itsusia, haserre lodia, haserre ilehoria, haserre anorexikoa... eta halakoak? Ni, haserre nagoenean, haserre nago. Adjektiborik gabe.

Bai, baina haserrea izan liteke errabiagatik, edo tristuragatik, edo minarengatik...

Dena batera.

Eta zer esan izan diozu amari hori esan izan dizunetan?

Deus ez.

Zergatik zara alaba txarra?

Ez dakit.

Zer esan izan dizu?

Esan izan dit alferra naizela.

Eta zer gehiago?

Eta ez ditudala gurasoak errespetatzen.

Eta zer gehiago?

Ez dudala etxeko eginbeharrik ikusten.

Eta zer gehiago?

Tirin-tirin ibiltzea besterik ez dudala burutan.

Eta alferra zara?

Ez.

Ez dituzu gurasoak errespetatzen?

Bai, errespetatzen ditut.

Ez dituzu eginbeharrak ikusten?

Bai, noski ikusten ditudala.

Eta tirin-tirin ibiltzea besterik ez duzu burutan?

Ez. Baina gustatzen zait lagunartea.

Alaba txarra zara?

Ez dut uste.

Eduki nahiko zenuke zu bezalako alaba bat?

Oxala.

Ba kito. Ez torturatu gehiago zure burua amaren hitzekin. Eta bera, nolako alaba izan da?

Zein, gure ama?

Bai, zuen ama.

Ez dakit. Ez diot sekula amonari galdetu.

Zer moduz moldatu izan dira amona eta ama?

Azkeneko urteetan ez diote elkarri hitzik egiten.

Nolatan?

Haserretu egin ziren.

Zergatik?

Ez dakit. Ez dute sekula garbiegi hitz egin motiboei buruz.

Joaten da zuen ama amonaren bisitan?

Ez, gu bidaltzen gaitu haren etxera, eta harentzako enkarguak egitera.

Eta amonak, nola hartzen zaituzte?

Ongi. Beti esaten diogu, «eskerrak zuek zauzkadan... bestela zer egingo nuke nik zuen ama horrekin?».

Alaba txarra, beraz.

Akaso.

Zuen amak bere amarekin duen harremanaren erreflexua da, eta ezin duenez liseritu, zuekin ordaintzen du. Bere amak baztertua sentitzen denez, ezin du bere alabekin harreman sanoa mantendu.

Beraz, amona hiltzeko esan behar diot amari?

Isilik geratu da psikologoa.

Metafora bat baino ez zen... Literatura hutsa...
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.