Mesedea bueltatu die

Jorge Abadiasek 'A tablero' kaleratu du, jazz garaikidea eta modernoa uztartzen dituen disko bat

Igor Susaeta.
Donostia
2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Keices, Marcos Sanchez Quinteto, Nevermind Trio, Wachisneis, Perro Verde... Jazza lantzen duten askorekin jotakoa da Jorge Abadias gitarra jotzailea (Zaragoza, Espainia, 1977). Urteetan ilusioa elikatzen lagundu dioten «musikari, lagun eta kideei» mesedea itzultzeko «beharra» sentitzen zuen. «Musikaren bidez bueltatu nahi nien haiek niri sorrarazi izan didaten ilusioa». Horregatik, abestiz «lepo» zeukan karpetatik zazpi ale hartu, eta A Tablero diskoa kaleratu du Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen Errabal Jazz zigiluarekin. Jazzaren alderdi garaikidea eta modernoa uztartzen dituen lan bat da, Jose Felix Azkarate diskoetxearen arduradunaren ustez.

Miguel Fernandez aritu da saxo tenorrarekin, Marcos Sanchez pianoa eta teklatua jotzen, Fran Gazol baterian eta Javier Callen kontrabaxuarekin. «Musikari horiek continiuum bat bezalakoak izan dira nire bizitzan. Bultzada bat eman didate musika egiten jarraitzeko», aitortu zuen Abadiasek atzo, lanaren aurkezpenean. Pare bat abesti ere jo zuen: Manizosas eta A Tablero II. «Bi abesti hauetan eta beste batzuetan bada testuinguru melodiko, harmoniko eta erritmikoetan errepikatzen den esaldi bat». Horrekin «adiskidetasuna» adierazi nahi izan die bere kideei.

«Lehenago edo geroago», baina musikari horiekin bat egin izan du ibilbidean. «Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian edo Iruñeko kontserbatorioan». Halere, Abadiasek «nahiko berandu» ezagutu zuen jazza. 18-20 bat urterekin. Eta orduan hasi zen dendetara joaten eta jazz diskoak saldoka erosten. Urrats hori egin baino lehenago, Bruce Springsteen eta Jimmy Hendrix ziren haren musikari kutunenetako batzuk, adibidez. «Iruditzen zait horregatik nire musikan rockaren eragina nabaria dela».

Musikenen ikastea «mugarri bat» izan da haren bizitzan. «Edozein dela ere, gogoko duzun musikaren aukerak irekitzen dizkizu han ikasitakoak. Badakizuna goresten duzu, ez dakizuna beste bide batzuetatik iristen zaizu, eta jazzarekin ikasten ari zarenarekin aberasten duzu».

Irakaspen horien eta musikariekin edukitako bizipenen emaitza da A Tablero. «Estilo propio bat antzeman daitekeela uste dut. Ez dut ezer asmatu, baina ahalegindu naiz sentitzen dudanari fidela izaten». Eratu nahi du bere diskurtsoa edo hizkuntza musikal propioa, eta ez daki zergatik, «baina soinuagatik, usainagatik edo konposatzeko moduagatik» bere musika «identifikagarri» bihurtu nahi du.

Besteak beste Ben Monder, Kurt Rosenwilken eta Dani Perezen gitarra jotzeko modua miresten du, eta iruditzen zaio jazzak «sasoiko» egotea eskatzen duela. Eta arriskatzea ere bai. Hortik diskoaren izena. «Taulara botata errazagoa da baloia saskiratzea. Beraz, a tablero ez jotzeko esaten dugu gure artean». Arriskatzeko eskatzen die, alegia, mesedea itzuli dien horiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.