Merce Rodoreda eta Antonio Lobo Antunesen ale bana, euskaraturik

'Ispilu hautsia' itzuli du Antton Olanok, eta 'Gauzen ordena naturala' Iñigo Roquek

Jokin Azkue (Eusko Jaurlaritza), Iñaki Iñurrieta (EIZIE), Iñigo Roque eta Antton Olano itzultzaileak, eta Xabier Olarra (Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeen ordezkaria). JAGOB MANTEROLA / ARP.
Donostia
2013ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak bi liburu euskaratu ditu: Antonio Lobo Antunes idazle portugaldarraren Gauzen ordena naturala itzuli du Iñigo Roque Eguzkitzak, eta Merce Rodoreda idazle kataluniarraren Ispilu hautsia Antton Olano Irurtiak. Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeek argitaratu dituzte euskarazko ale berriok, Literatura Unibertsala sailean.

Lobo Antunesek «oso maisu gutxi» onartzen dituela azaldu du Roquek, eta Joseph Conrad, Leon Tolstoi eta Jose Cardoso Pires izendatu ditu. «Haren asmoa da eleberriaren artea itzulikatzea eta aldatzea. Erabateko liburu bat bilatzen du, eta haren lan guztiak ibilbide edo bilaketa horretan kokatu behar dira». Itzultzaileak adierazi du irakurleek ez dutela istorio bat eta bakarra aurkituko, ezta lineala ere: «Ahots askoko eta hari diegetikorik gabeko kontakizun» gisa definitu du Gauzen ordena naturala. Azaldu du irakurtzean ez direla zertan kontuan hartu izen guztiak. Eleberriak Portugal osoa eta Afrika zeharkatzen ditu,baina kontakizun gehienak Lisboan eta pertsonaien haurtzaroko Benfica auzoan gertatzen dira. Portugalgo historiaren berri ematen du, «batez ere Salazarren erregimenaren amaierako eta ondoko urteei buruzkoa».

Idazlearen hirugarren zikloan, «Benficako ziklo horretan» kokatu du nobela Roquek, Tratado das paixoes da alma eta A morte de Carlos Gardel-ekin batera. «Emozioen datografia bat eskaintzen zaigu, oroimenean funtsatzen eta eraikitzen dena. Hor, errealitatearen eta naturaren kontrako gauza asko agertzen dira, xelebrekeria asko. Azken batean, Lobo Antunesen tesia da isiltasunera jo beharra dagoela. Pertsonaiak hasten dira beren artean hizketan eta harremanetan. Ondorioa beti izaten da irtenbide liriko bat, egoera onirikoak edo naturatik kanpokoak izaten direnak». Hitzaurrea aldez aurretik irakurtzea gomendatzen du Roquek, «nora ezean ez ibiltzeko». Hor azaltzen da liburuaren osaera, nola bost liburu dauden. Argitu du horien kapituluetan bi ahots txandakatzen direla.

XIX. mende amaierako sendia

Merce Rodoredak gutun batean adierazi zuen bere herrian pisua izango zuen obra bat laga nahi zuela: «Bistan da lortu zuela. Merce Rodoredarenak dira literatura kataluniarrean gehien irakurri direnak, eta gehien itzuli direnakere bai», azaldu du Olanok. Esan du Diamantearen plaza dela haren libururik ezagunena: «Gainontzekoak horren itzalean geratu dira». Errepublika garaian hasi zen idazten Rodoreda, eta 1974koa da Ispilu hautsia, bere bigarren sorkuntza aldikoa, Olanoren arabera. Argitu du, era berean, hogei bat urte lehenago hasi zela liburua idazten.

Pertsonaia asko agertzen diren eleberria dela esan du itzultzaileak. Azaldu duenez, denbora tarte zabala hartzen du kontakizunak, XIX. mendearen bukaeran hasi, eta 1936ko gerraren garaian bukatu arte: «Familia baten gorabeherak kontatzen ditu: sorrera, goraldia eta gainbehera. Gerrarekin batera, familia eta mundu bat desagertzen dira».

Olanok aditzera eman duenez, narratzaileak pertsonaietako bakoitzaren ikuspegitik azaltzen ditu gertaerak: «Bakoitzaren bizitza pusketak erakusten dizkigu; horrelako mosaiko handi bat egiten du. Tituluari erreparatuz gero, ispilu hautsi baten moduan bakoitzaren bizitza pusketak azalduz». Hiru zati nagusitan dago banatua obra: «Lehenengoa narrazio errealista bat da, eta hor agertzen dira pertsonaia nagusiak. Hiru belaunaldi dira, eta hiru bloketan bezala agertzen dira». Gaineratu du bigarren zatian pertsonaien barne bizitzan zentratzen dela nobela eta azken zatian pertsonaien heriotzekin batera gertaera fantastikoak izaten direla: «Beste estilo bat du, guztiz desberdina, oso poetikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.