HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Naturaz gozatzeko eskuliburua'

Mendizaleak aurrera!

Egileak: Alice James eta Emily Bone. Ilustratzailea: Briony May Smith. Itzultzailea: Miren Arratibel. Argitaletxea: Ttarttalo.

2017ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Naturaz gozatzeko eskuliburua izenburua duen liburu batek arrisku handia hartzen du gozatu fokuan jarrita, gurea bezalako herri mendizale batean.

Susmo txarrik pitz ez dadin, proposamen interesgarriz betetako lana dela iruditu zait, izenburuarekin apalago joka zitekeela uste izanda ere.

Ingelesetik itzulia da liburua, eta batzuetan nabarituko dugu gure inguruneak baino lurralde lauagoak erakusten direla, baina, oro har, oso antzekoa den natura agertzen zaigu.

Liburua 64 orrialde irudidunekin osatuta dago, tamaina ertainekoa da (25x20 zentimetro), eta aurkibideak ditu hasieran (edukiak) eta amaieran (gaikako aurkibidea). Hiztegi bat ere badu, liburuan azaltzen diren hainbat kontzeptu argitzeko, naturaren ikerketari lotuak gehienak —hosto iraunkorrekoa, padura, kumuloninboa...—, baina baita ohiko erabileratik kanpora dauden hitz arruntena ere —esaterako: «Semaforoa: besoak posizio desberdinetan jarriz alfabetoko letrak adieraztean datzan komunikazio kodea»—.

Edukiak zazpi ataletan banatuta daude. Biziki gomendatzen dut sarrera irakurtzea, bertan azaltzen delako mendi ibilerak era egokian eta seguruan nola egin, liburu hau berau nola erabili agertzearekin batera. Gainerako atalak dira: Padurak, ibaiak eta itsasoak esploratzen; Basabizitza aztergai; Basoan ikertzaile; Landan; Eguraldi onerako nahiz txarrerako prest; eta Gaueko esploratzailea. Atal bakoitzak bere azpiatalak ditu, eta hain zuzen azpiatal horiek dira obraren bizkarrezurra.

Azalpen guztiak irudietan oinarritzen dira, komeni denean horma-irudi eran eta komeni denean komiki eran emanak.

Animalia eta landare zehatzei erreparatzen diete askotan azalpenek, eta, zorionez, bat datoz gure ingurunean topatuko ditugunekin: itsasoko anemonak, karramarroak, karrakelak, azeriak, inurriak, katagorriak, gorostiak, haritzak, lizarrak...

Azalpenez gain, orrialde gehienetan ekintza proposamenak daude, natura ezagutzeko batzuk, jolasteko besteak. Badaude ibilaldiak egitearekin lotutako proposamenak ere: bidea markatzea, aterpeak egitea, eta orientazioa, besteak beste.

Aisiarako liburua denez, eta gai bakoitza une desberdin bati lotuta dagoenez, ekintza jakinen aurretik eta bitartean arakatzeko liburua da; beraz, plastifikatuta motxilan gordeta erabiltzekoa.

Itzulpena egitean kontu gehixeagoz joka zitekeen, ez bakarrik behatza eta hatza nahasten direlako (12. orrialdea) eta euskalki alternantzia nahasgarria delako —jauzi eta jausi esaldi berean; 32. orrialdea—, baita hitzak alferrik asmatzen direlako ere, «hanka minzdun edo palmatuak» —minzdun ez da existitzen, palmatu bai; 26. orrialdea—, eta berezko lexikoa beti erabiltzen ez delako: hosto eroriak dio, orbel beharrean (35. orrialdea).

Dena den, natura eta mendia maitatzen hasi edo sakontzen laguntzeko oso baliagarria iruditu zait, ongi egina eta atsegin asko eman dezakeena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.