Mendizale kiskalien beltza

'Suak erreko ez balu' nobela argitaratu du Eneko Barberenak, Txalapartarekin. (H)ilbeltza sormen beka irabazita eman du. Istorioak Aezkoan izaniko mendi sute bat du abiapuntu

Eneko Barberena idazlea, Suak erreko ez balu eleberria eskuan, Oñatin (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Mendi suteei buruz etxean aditutakoen «oihartzunak» kaskotik atera ezinik ibili da urteetan Eneko Barberena idazlea (Arrasate, Gipuzkoa, 1983). Beti iruditu izan zaio fikziora ekartzeko moduko ideia, gaiak berez eragiten duen polemikagatik, batik bat. «Batzuentzat, mendian suteak eragitea da larrea kontrolatzeko metodo tradizional eta ia bakarra. Beste batzuentzat, metodo horrek aspaldi behar luke desagertuta». Tentsio horiei behatu, gertaera tragiko bat trazatu, eta nobela beltz batera ekarri du istorioa: Suak erreko ez balu (Txalaparta, 2023). 2021eko (H)ilbeltza beka irabazita eman du lana argitara.

Urtebete lehenago Aezkoan (Nafarroa) izaniko mendi sute bat da eleberriaren abiapuntua. Su horrek kiskalita, hiru mendizale hil ziren, eta, orduan, bi artzain atxilotu eta behin-behinean kartzelatu zituzten, su hori piztea egotzita. Auzia, baina, zabalik da oraindik ere, eta atxilotuen aseguru etxeak Ainhoa Sanz peritua bidali du gertatutakoa argitzeko. Artzainek piztu zuten sua? Bestela, nork? Eta, istripua izan bazen?

Hain zuzen ere, detektiberik gabeko nobela beltza da Barberenarena. Dioenez, beldur zen protagonista halako bat izanez gero sinesgarritasunak ez ote zuen irrist eginen. Ezin baitzuen detektiberik imajinatu «Euskal Herri garaikidean». Duda asko zituen: «Hemengo detektibe batek jardun hori luke ogibide? Nork kontratatuko luke? Izango luke pistolarik?». Oraindik ere ez du erantzunik horientzatguztientzat, eta, besteak beste horregatik, peritu bat egin du protagonista.

Emakume azkarra da Ainhoa Sanz. «Batzuetan, azkarregia; eta kalterako ere bada hori», zehaztu du idazleak. Oroitu duenez, irakurle batzuek iradoki diote Sanz «antiheroia» dela. Beste batzuek, berriz, esan izan diote «emakume maitagarria» dela. Barbenerak dudarik egin gabe bota du epaia, protagonistari buruz: «Humanoa da. Dirua behar du, horretarako egiten du lan, eta lanak hainbat kontraesan sortzen dizkio». Lanak exijitzen dionaren eta senak agintzen dionaren artekoa da Sanzen barne borroka.

Halaber, hainbat eleberri klasikotan ohikoa denez, idazleak laguntzaile bat jarri dio ikertzaile nagusiari: Joxe, txoferra. «Haren itsu-mutila da, eta antzekotasun bat bada bien artean: biak dira porrot egin duten pertsonak».

Idazketa prozesuan, korapilo bat baino gehiago izan du Barberenak, eta aitortu du kokapenari lotua izan dela horietako bat. Dioenez, hasieratik izan zuen argi istorioak landa eremuan kokatua behar zuela egon, baina horrek zalantza batzuk ekarri dizkio bidera. Adibidez: nola girotu nobela beltz bat bertan? «Ez nuen egin nahi leku lazgarri bat, ze ez litzateke errealitatearekin fidela. Irudipena dut horrelakoetarako beti mugitzen garela parametro ilunegietan». Horiek horrela, argi-ilunak dituen eremu bat deskribatu du Barberenak, inguruari buruzko askotariko datuak emanez. «Bailarako jendeaz hitz egitean, adibidez, ez dut bakarrik mesfidantza aipatu. Pentsa, parrandak ere badira», aitortu du.

Ikerketa paralelo bat

Bigarren mailako tramek indar handia dute eleberrian, eta, idazlearen esanetan, horrek franko laguntzen du trama nagusia «arintzen», bai eta istorioa «sinesgarriago» eta «gozagarriago» egiten ere. Zehazki, sinetsia dago ezaugarri horrek «jostalariago» egiten duela irakurketa. Izan ere, azaldu duenez, eleberri beltzetan ohikoa da irakurleak «ikerketa paralelo bat» egitea liburuan orri-pasaka dabilen heinean. «Irakurlea ere aritzen da pistei jarraitzen, bidean aurkitutako ogi apurren atzetik, eta hari ere sortuko zaizkio susmo asko».

Ainhoaren eta Joxeren bidea ez da beti zuzena izanen. Bada bihurgunerik, baita trabarik ere. «Zulo guztietan eroriko dira», ohartarazi du Barberenak. Puzzlea osatzeko piezen bila dabiltzala, protagonistak konturatuko dira pista guztiak ez direla balekoak, eta, are, inguruan izanen diren batzuek zinez oztopatuko dute, zenbaitetan, ikerlarien jarduna; Guardia Zibilaren presentzia «itogarriak», kasurako.

Barberenak bere lehenbiziko eleberri beltza du Suak erreko ez balu, eta pozik da emaitzarekin. Bi urte inguru eman ditu idazketan, eta, orain, onartu du zaila zaiola prozesua hitz gutxitan deskribatzea, askotariko sentipenak izan baititu, aldiaren araberakoak. «Garai batean edo bestean galdetu, nire erantzuna diferentea litzateke, ziur».

Galdu, eta bidea aurkitu

Beste eredu batzuei behatzeak biziki lagundu dio idazleari. Esaterako, oroitu du erne irakurri zituela Igela argitaletxearen sail beltzeko zenbait lan, baita generoari buruzko hainbat saiakera ere. «Adibidez, ikusi nahi nuen nolakoak ziren protagonistak, nolakoa zen elkarrizketetan erabiltzen zuten hizkuntza, edo deskribapenek zer leku zuten». Hori bakarrik ez: Barberenak hainbat lagun elkarrizketatu zituen nobela elikatzeko: perituak, abokatuak eta suhiltzaileak, adibidez.

Eta jarri zituen letrak dantzan, eta sakon ekin zion idazketari. «Hasi nintzen idazten, eta galdu nintzen bidean hainbat aldiz, eta, behin bidea aurkituta, gehiago gozatu dut, eta asko ikasi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.