Mendiko gaitza: fisikoa ez ezik, soziala ere bai

Idoia Garzesen 'Mendiko gaitza' liburuko protagonista desagerpen batekin lotuko du mendian aurkitutako txartel batek. Helduentzako lehen eleberria du, eta proiektuarekin Zubikarai beka jaso zuen iaz

Idoia Garzes idazlea, bere helduentzako lehen eleberria, Mendiko gaitza, eskuetan duela. ANDONI CANELLADA / FOKU.
amaia igartua aristondo
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Mendian gora joan ahala gertatzen den presioak eta oxigenoaren murrizketek dakartzaten ondorioak, hala nola buruko mina eta arnasa hartzeko zailtasuna, mendiko gaitza bezala ezagutzen dira. Halaber, izan daiteke itsas mailan egoteak eragiten duen ezinegona, mendira igotzeak baretzen duena, Aingeru Epaltzak Mendi-joak narrazio bilduman emandako esanahiari jarraiki. Bien ala bien isla ageri da Mendiko gaitza Idoia Garzesen helduentzako lehen eleberrian, autoreak azaldu duenez; baina, horiez gain, hirugarren adiera bat ere garatzen da liburuan, hain muinekoa dena ezen obra irakurri behar baita hura ezagutu nahi izanez gero.

Ez da hori, ordea, eleberriak dakarren misterio bakarra, Ondarroako Udalak eleberri beltz baten proiektua saritu baitzuen Zubikarai bekarekin 2019an. Abiapuntua, autoreari berari gertatutako pasadizo kurioso bat: duela urtebeteko data duen gutuna aurkitu du emakume mendizale batek mendi tontorretan dauden buzoi horietako batean. Hori oinarri hartuta, eleberri poliziakoa ondu du Garzesek: Arlet Anaut protagonistak txartelari erantzungo dio, baina ondorioa inoiz espero gabekoa izango da, polizia agertuko baitzaio etxean dagoeneko ia ahaztuta zuen gutun horren inguruan galdezka. Izan ere, mezuaren hartzailea behar zuen mendizaleak urtebete darama desagertuta, eta, hiltzat eman duten arren, ikerketa oraindik ez dute bertan behera utzi.

Arlet emakume «berezia» da, autorearen arabera: «Zaputza da, pertsonengan baino konfiantza gehiago du zientzian eta naturan». Ezustean, «irensten ez» duen autoritatearekin hartu-emanean egotea egokituko zaio; gainera, Arletek Asperger sindromea edukirik, aurreiritziak ere sartuko dira protagonistaren eta gainontzeko pertsonaien arteko harremanen tartean: «Esaten da komunikatzeko eta enpatia adierazteko zailtasunak izaten dituztela, baina Arletek ez du bere burua ezgaitzat; arazoa, egotekotan, besteena dela uste du». Are, ingurukoen «mesfidantzaren» aurrean, «normala ez izateko eskubidea» aldarrikatuko du, konbentzioak «sinesmenak eta txorakeriak» direlako ustea baitu Arletek: «Protagonista indartsua da, kikiltzen ez dena parekoari burutik pasatzen zaiona botatzeko orduan. Ironikoa eta intuitiboa da, filtrorik gabea».

«Mamia» aitortu dio narrazioari liburua argitaratu duen Elkarreko Xabier Mendigurenek. Alabaina, guztia ez da begien bistan garatzen. Lehen pertsonakoa da narrazioa, eta Arleten pentsamenduetan murgiltzen da maiz; bereak baino ez dira eleberrian ageri diren bakarrizketak. Hala, ikerketaren peskizak ez ezik, protagonistaren barne mundua ere islatzen du liburuak, Arlet delako eleberriaren «ardatza», Garzesen hitzetan. Bestalde, atzera eta aurrera jauzika dabilen kontakizuna da, elipsiak ere badituena. Horiek horrela, irakurlea istorioan «galduta» ibiliko dela adierazi du idazleak, mendiaren gaiari berriro ere heltzen dion metafora bat erabilita: «Mendian lainoa sartzen denean mendizalea dabilen bezala, sigi-sagaka».

Sexua pizgarri

Narrazioaren hauspoak Arlet eta haren hausnarketak izan arren, beste hainbat pertsonaia ere harrapatuko ditu Mendiko gaitza-ko korapiloak. Badago hemen «antiheroi» bat ere, Pierrengan mamitua. Bestalde, ikerketa daraman ertzainarekin, Errementeriarekin, harreman estua izango du Arletek, nahiz eta halabeharrezkoa izan. Eta, hori gutxi balitz, «femme fatale ikaragarri» batekin topo egingo du protagonistak, mendizalearen emaztea zen Maitenarekin, hain zuzen: «Alargun beltza da, armiarma, trebea baita hariak mugitzen, eta edozein erabili dezake».

Maitena sexuaz baliatuko da nahi duena lortzeko, hori baita bere «arma», Garzesen hitzetan: «Maitenak sexuaren bidez katramilatuko ditu bai Errementeria eta baita Arlet bera ere». Sexua ez baita kontu hutsal edo gehigarria eleberri honetan, gai «garrantzitsua» baizik. Hala ere, tonu umoretsuan aipatu du sexuak eragiten duen «interesa»: «Beste liburu batzuetan marratxoen bila aritzen direnak bezala, elkarrizketak aurkitu eta deskribapenak saihesteko, berdin egingo dute liburu honetan ageri diren sexu eszenekin». Pasadizo horiek soilik jomuga dituzten irakurleei erronka bota die idazleak, ironiaz: «Hiru sexu eszena daude; topa itzazue».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.