'Mendekuaren hazia', Leire Asiaini «gero arte» esateko eleberria

Ikerlaria protagonista duen bosgarren nobela beltza aurkeztu du Alberto Ladron Aranak, Elkar etxearekin. Benetan gertatutako bi krimen hartu ditu abiapuntu idazleak, mendekuari buruz aritzeko

Alberto Ladron Arana idazleak atzo aurkeztu zuen Mendekuaren hazia nobela, Elkar argitaletxearen Donostiako egoitzan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2021eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Gaur egun gehien irakurtzen diren euskarazko idazleetako bat da Alberto Ladron Arana (Iruñea, 1967), eta Leire Asiain inspektorea du pertsonaia ezagunenetariko bat, ezagunena ez esatearren. Idazlearen azken lanetako protagonista da Asiain; atzo aurkeztu zuen Mendekuaren hazia-koa ere bai, eta, liburuaren izenburuak berak adierazten duen bezala, «mendeku baten kontakizuna» du lan berria: «Nire ustez, denok dugu justiziaren sena buruan, eta mendekua justizia mota bat da azken batean, muturrekoa izanik ere. Horregatik gertatzen zaizkigu horren erakargarriak mendeku istorioak: justizia egarri hori asetzen dutelako nolabait».

Mendeku istorio horren sinopsi bat: Andoni Isok bere andregaia akabatu zuen Donostian, anker eta hotz, baina Ertzaintzak ezin izan zuen haren aurkako frogarik topatu. Handik urte batzuetara, berriz, beste emakume bat hil eta desagerrarazi duela dirudi, Nafarroan, baina neskaren gorpurik ez da inon ageri, eta, hilotzik ezean, ezin hilketarik egotzi. Leire Asiain Foruzaingoko inspektorea jo eta su saiatuko da kasua argitzen eta Isoren akatsen bat harrapatzen, baina, ikerketak aurrera egin ahala, mataza are gehiago lodituz eta korapilatuz doa.

Hamabitik bost

«Hau nire hamabigarren nobela da, eta Leire Asiain protagonista duen bosgarrena», nabarmendu zuen atzo Ladron Aranak. Harrian mezua (2014), Gezurren basoa (2016), Jainkoen zigorra (2017) eta Film zaharren kluba (2018) dira soka horretako aurreko korapiloak, eta, haiek bezala, Elkar etxeak argitaratu dio Mendekuaren hazia ere.

Saileko laugarren nobelatik bosgarrenera bi urteko tartea egoteari buruz, honako hau adierazi zuen idazleak: «Ia-ia urtero argitaratu dut nobela bat azken urteotan, eta atseden hartu behar nuen. Gainera, nobela hau patxadaz idatzi nahi nuen». Aurreko nobelaren arrakastagatik, neurri batean: «Badakit irakurleei biziki gustatu zitzaiela Film zaharren kluba; nire lanetan orain artean harrerarik onena jaso duena izan da, seguruenik. Suspensezko film klasikoetan ardaztu nuen, fikzioan, baina ez nuen nahi formula errepikatu, eta erabaki nuen honetan errealitatea izatea inspirazio iturri».

Hala, urtebete eman zuen benetako krimenei buruz dokumentatzen. Bi kasu aukeratu zituen azkenean: AEBetako familia batek abiarazitako «plan harrigarria», batetik; eta, bestetik, joan den mendearen amaieran Galizian gertatu zen neska baten hilketa. «Nik dakidala, azken hori ez zen argitu sekula. Bi kasuak elkartuta eta muntatuta, nobela hau idazten hasi nintzen». 2019ko udan. Urtebetean bukatu zuen idazketa. Pandemia lehertu zen tarte horretan, eta nobelako bloke bat, hirugarrena —eta azkena—, moldatu egin behar izan zuen, 2020an girotuta zegoelako. Hala, maskarak, distantzia soziala eta beste erantsi zizkion.

Liburuaren lehen bi blokeak, berriz, 2014an eta 2017an daude kokatuta, hurrenez hurren: «Lehen atalean, neska laguna hil berri duen gizon gazte bat da protagonista»: Andoni Iso. «Putakume bat, nobelan behin baino gehiagotan esaten diotenez». Hasieratik zeukan garbi Ladron Aranak hiltzailea nor zen ez zuela ezkutatu nahi, «zerbait desberdina» egin nahi zuela.

Mendekuaren hazia-ren bigarren partean agertzen da Asiain inspektorea, Erronkariko [Nafarroa] landetxe batean desagertu berri den neska gazte baten bilaketan. «Nire irakurleek badakite Asiainek Foruzaingoa utzi zuela aurreko nobelan, 2018an. Oraingo nobelaren atal hau 2017an dago kokatuta, baina». 2020ko zatian jakingo du irakurleak, bada, zein duen ogibide berria Asiain foruzain ohiak, eta Patxi Vazquez izeneko detektibea ere ezagutuko du.

«Bikote oso berezia egiten dute Asiainek eta Vazquezek. Asiainen ifrentzua da Vazquez», Ladron Aranaren esanetan. Zaharra da Vazquez, eta ez da politikoki zuzena, batere. Gizarteko eliteen kontrako gorroto moduko bat ere badu, bere homosexualitateagatik jazarria izan zelako gaztetan. «Seguruenik, hau ez da Asiainen azken nobela izango, eta, seguruenik, Asiainen hurrengo nobela horretan Patxi Vazquez ere agertuko da».

Mendekuaren hazia ez da Asiainen agurra, pertsonaiaren sortzaileak nabarmendu duenez, baina bai eten bat. Ladron Arana beste nobela klase bat ari da idazten orain, gerraostean girotuta eta haurrak protagonista dituela. «Zerbait guztiz diferentea egiteko gogoa nuen; aldaketa bat behar nuen. Uste dut Mendekuaren hazia eta aurrekoa Asiainen nobelarik hoberenak direla, eta agur egiteko ez, baina 'gero arte' esateko tenorea bada, segur aski. Denbora batez behintzat, hor geratuko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.