Ipar haizeak ekarritako bero kiskalgarria, ginebra tragoxka ugari eta labana bat edo beste esku artean. Eta heriotza berehala. Loprete deituriko gizon kopetiluna iritsi da Tanoren ostatura, Pepa izeneko emakume baten bila, baina han ez dute ezagutzen, eta, hizketan hasita, edatera gonbidatuko dute. Eta edango dute, harik eta kontuak okertuko diren arte. Manoel narratzaileak horrela kontatuko du: «Eta ez dakit zer zela-eta, ginebragatik edo Tanok esan zuen zerbaitengatik, Lopretek labana atera zuen zorrotik guk zutitzeko aukera izan baino lehenago». Eta jarraituko du: «Lepoa moztu nahi izan zion Tanori, eta istilu itsusia sortu zen. Bero sapak aldarte txarra pizten baitu: han ipar haizeak halako gauzak ekartzen zizkigun. Lopretek larri zaurituta bukatu zuen [...]. Gau guztia eman zuen azken hatsetan. Eguna argitu baino lehentxeago lurperatu genuen. Juanchok egin zuen zuloa lurrean. Nik lanparari eusten nion. Eta Tano erne zegoen gorpua beste suminaldiren batek hartzen ote zuen».
Lerro gutxi batzuekin eta lehen atal laburra bukatzerako, kokatua dago irakurlea Mariana Travacio idazle argentinarraren (Rosario, 1967) Barkamena existituko balitz bezala nobelaren bihotzean. Kartetan aritu eta ginebra edaten segitzen duten bitartean, Tano, Manoel eta Juancho ahaleginduko dira gertatutakoaz ahazten, nahiz eta hirurentzat ezinezkoa izango den hori —«[begirada] Lopreteren sabel irekira joaten zitzaigun, Tanoren eskuetara, haiekin tripak tapatu nahian ibili baitzen»—, eta aste pare batera hiru zaldun Lopretez galdezka Tanoren tabernara iritsiko direnean, tragediaren lehen zantzuak antzemango dira.
Travaciok hainbat ipuin liburu ditu argitaratuak —Cotidiano (2015), Cenizas de Carnaval (2018) eta Me verás caer (2023)—, eta Barkamena existituko balitz bezala du lehenengo eleberria —2020an kaleratu zuen gaztelaniaz, Como si existiese el perdón izenburuarekin—. Hain zuzen, orain dela gutxi Erein argitaletxeak ekarri du euskarara Fernando Reyren itzulpenean.
Idazkera soila erabiltzen du Travaciok gutxirekin asko esateko. Hizkuntza doia, lehorra eta bortitza darabil, eta, esaten denak bezala, esaten ez denak ere eraikitzen du kontakizuna. Reyk berak azaldu du «berehala» harrapatzen duela irakurlea: «Fatalismoak, patuak eta aurrekoen nahiz norbanakoen historiek baldintzatutako istorioa da. Idazleak ez du asko esaten, kontatzen du kontatu behar duena aurrera egiteko, eta irakurleari toki handia uzten dio imajinazioz bete dezan».
«Idazleak ez du asko esaten, kontatzen du kontatu behar duena aurrera egiteko, eta irakurleari toki handia uzten dio imajinazioz bete dezan».
FERNANDO REYItzultzailea
Manoelen ahotsak eta hitzek lagunduta egingo du irakurleak aurrera, eta ezagutuko ditu Lopreteren anaiak, eta ezagutuko ditu, era berean, Manoel Tano ezagutzera eraman zuten gertakariak. Travaciok Manoelen beraren ahots horri eman dio garrantzia, haren «kadentziari» hain zuzen: «Manoelen ahotsak sintaxi oso lehorra du, kadentzia jakin bat. Apaindura oso gutxiko ahotsa da». Nobela boz horretatik abiatuta eraiki duela ere esan du: «Idazketa prozesua oso neketsua izan da, ahots horren musikari eutsi behar izan baitiot. Neure buruari errezitatzen nion testua».
Giza bakardadea
Istorioa ez dago ez denboran ez espazio jakin batean kokatua —nahiz eta Argentinako landa giroaren usaina antzematen den lerro artean—, eta western baten giroa transmititzen du, bere gorrotoekin, mendeku nahiekin eta indarkeriarekin. Baina ez da ageri marka edo apunte geografikorik inoiz: «Edozein lekutan gerta litekeen istorioa da», arrazoitu du erabakia Travaciok: «Denborazko eta espaziozko markak deserosoak egiten zaizkit. Modu horretan, interesatzen zaizkidan gauzez idazteko aukera dut; kasu honetan, giza bakardadeaz eta bizitzan aurrera egin ahala bizi dugun zurztasunaz».
Bide beretik, Barkamena existituko balitz bezala giza izaerari buruzko gogoeta gisa irakurri du Reyk: «Pertsona zer den, zerk eramaten gaituen arrastaka bizitzan, zerk merezi duen, zerk salbatzen gaituen». Gogortasuna transmititzen du eleberriak bere 140 orrialdetan, indarkeriazko giro bat, zeinetan edonoiz gerta daitekeen tragedia. Eta, hala ere, pertsonaien «samurtasuna» goraipatu du Reyk: «Ikusten baita zer duten barrenean, zein gabezia, eta nola irrikatzen duten zoriona».
«Idazketa prozesua oso neketsua izan da, ahots horren musikari eutsi behar izan baitiot. Neure buruari errezitatzen nion testua».
MARIANA TRAVACIOIdazlea
Juan Rulforen literaturaren eta, zehazki, Pedro Paramo nobelaren oihartzunak ere erakusten ditu Barkamena existituko balitz bezala-k, nahiz eta Travaciori «gehiegikeria» iruditzen zaion alderaketa hori. Dena dela, ez du ezkutatzen «erabateko miresmena» diola: «Rulforen prosa hizkuntzaren kontra doa, eta, aldi berean, hartaz jabetzen da. Inoiz ez du adjektibatzen behar baino gehiago».