Mendebalde elkarteak Urrezko Luma jaso du

«Mendebaldeko hizkeraren eta euskararen alde» egin duen lana eskertu dio Bilboko Liburu Azokak

Erredakzioa
Bilbo
2012ko ekainaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kasildo Alkorta Mendebalde Kultura Alkarteko presidenteak Bilboko Liburu Azokaren Urrezko Luma jaso zuen, atzo eguerdian egindako ekitaldi batean. Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak, Gonzalo Olabarria Kultura zuzendariak, Josu Legina Euskadiko Liburu Ganbarako presidenteak eta Asier Muniategi liburu azoken antolatzaileak ere parte hartu zuten ekitaldian.

«Mendebaldeko hizkeraren eta euskararen alde egindako lanagatik» eman diote saria elkarteari. Alfonso Irigoienen zuzendaritzapean sortu zen Mendebalde Kultura Alkartea, 1996ko udagoienean, lau urteko lanaren ostean. Mendebaldeko hizkera aztertuz, egokituz eta hari prestigioa emanez, euskara bera indartzea izan du helburu nagusi hasieratik.

Martinez de Lezeari ere, saria

Aurtengo Zilarrezko Luma Toti Martinez de Lezea idazleak jaso zuen. Arrakasta handiko nobela askoren egilea da Martinez de Lezea, eta bere liburuak gehien saltzen direnen artean izaten dira urtero azokan, hala gaztelaniazkoak nola euskarazkoak.

Ekainaren 10 arte izango da zabalik azoka. Idazle eta editore asko ari da parte hartzen, dela hitzaldi eta mahai inguruetan, dela beren liburuak aurkezten edo irakurleei liburuen aleak sinatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.