Kritika. LIteratura

Mendea eta segundoa

Unai Elorriagaren 'Francesco Pasqualeren bosgarren arima'.
Unai Elorriagaren 'Francesco Pasqualeren bosgarren arima'.
2024ko urriaren 6a
05:00
Entzun

'FRANCESCO PASQUALEREn BOSGARREN ARIMA'

Idazlea: Unai Elorriaga.

Argitaletxea: Susa.

Bost urteren ondoren lan berriarekin itzuli da Unai Elorriaga. Susan kaleratu du Francesco Pasqualeren bosgarren arima eleberria, aurreko biak bezalaxe. Nobelagile petoa dugu algortarra, ez baitu oraingoz bestelako generoetan sartu-irtenik egin. Eleberri honek, edozein kasutan, narrazio laburraren eragin argia du, eta idazleak berak aipatu bezala, modu autonomoan irakurri daitezke liburua osatzen duten kontakizunak, elkarrekiko harremanik baduten arren.

Francesco Pasquale italiarraren bizitza hartzen du ardatz nobelak, Italia Hegoaldeko herri txiki batetik Bermeora XIX. mende hondarrean iritsia. Esan daiteke bera dela pertsonaia nagusia. Irakurleak sentsazioa izan dezake, ordea, pertsonaiaren ertzak, bere lorratza zaiola idazleari interesgarriago, sarri haren inguruan egituratzen direlako liburuko atalak, bera protagonista izan gabe. Esaterako, haren garaikide izan ziren hiru figuren inguruko kontakizunak txertatu ditu Elorriagak liburuan: Giuseppe Verdi, Richard Wagner eta Robert Schumann, hirurak musikari izandakoak. Iruditzen zait arrastoa ematen duela horrek liburuaren barrunbeaz, izan ere, kutsu malenkoniatsu batez zeharkatuta dago nobela, musika aireaz. Ukitu irreala dute kontakizunetako askok, amets tankera. Idazkerak ere eraginik du horretan. Bizia da, kadentziatsua. Zuzena, ustez sinplea, baina aldi berean iradokitzailea. Errepikapenek eta egitura berezi zenbaitek ezaugarritua. Pertsona gramatikaleko bat-bateko aldaketek areago nabarmentzen dute hori. Amets kutsua dute, halaber, Elorriagak sortzen dituen giroek. Oroitzapenaren eta ametsaren muga lausoetan kulunkatzen direla dirudi.

Herrimin eta oroimina, bizitzaren lazturak eta pozak XIX. giza bizitza batean, besteak beste, horien lekuko egiten gaitu liburuak. XIX. mendea harrapatu nahi izan duten beste hainbat eleberrik bezala, halere, Elorriagarenak ez du itxura dezimononikorik, garaiko nobela errealistari berezkoa zitzaion trinkotasunik. Aitzitik, zatikatua da, jolastia, lausoa. Irakurleari jarraibide justuak ematen gozatzen diren horietakoa. Istorioaren narratibitatean bainoago une zehatzen esanguran arreta jartzen duena. Bizitza baten istorioan beste batzuen txatalak eransteko lizentzia ere hartzen du. Horrez gain, irudi sorkuntzan eta eszena girotzean atsegin hartzen du nobelak eta idazkeraren tonu eta erritmoa bikain uztartzen dira hainbat pasartetan.  

Oro har, liburu ezohikoa iritzi diot Francesco Pasqualeren bosgarren arima-ri. Gai zein estilo eta egitura aldetik bitxi samarra gurean. Garaikidea ez izanagatik, aski gai garaikideez mintzo dela iruditu zait, baina. Garai historiko bakoitzak bere seme-alabei ezarritako patuaz ari da Elorriaga, patu horri izkin egin zion Francesco Pasqualeren istorioa ekarriz. Jende gehiena jaiotako tokian hiltzen zen garai batean, Mediterraneoa zeharkatu zuen protagonistak Euskal Herrian laketzeko. Bermeoko kaia eta Amalfi inguruko portua lotuko ditu hil-hurreneko eldarniotan. Jatorria eta lekualdatzea. Identitatea eta mugimendua. Garaikideago ezin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.