Gauza bakoitzari bere izenez deitu beharra aldarrikatzen dute, oharkabean baina orobat argi, Raxid Khalidi historialari eta Columbiako Unibertsitateko irakaslearen hitzek (New York, AEB, 1948). Horren erakusgarri da 2020an ingelesez argitaratu eta berriki UEUk euskaraz eman duen saiakeraren izenburua bera: Ehun urteko gerra Palestinaren aurka. Kolonialismoa eta erresistentzia, 1917-2017. Liburuan orri pasaka arituta ere, irakurleak ez du leituko Israel eta Palestina maila berean direla iradokitzen duten esplikaziorik. Kontrara, zorrotz mintzo da Khalidi, bien artekoa «gatazka» izendatzeari uko eginez eta auzia koloniala dela nabarmenduz etengabe, euskarazko itzulpenaren egile Iñaki Alegriaren esanetan. Are, adibide bat jarri du itzultzaileak, jokamolde hori nabarmentzeko: «Liburuaren azken esaldietako batean garbi dago idatzita: ‘Palestinarren aurkako gerra da’». Iradoki duenez, lan horretan inportantea da nola azaltzen den zera: nork, nori, zer.
Noiztik eta noiz galdegaiek ere badute inportantzia. Palestinaren gaineko auzia esplikatzeko, Khalidik franko zuzentzen du begirada atzera, ezinbestean, baina, Alegriak nabarmendu duenez, modu «ezohiko eta argigarrian» egiten du kontakizuna historialariak. Batetik, Khalidik historiako «sei inflexio puntutan» azpimarra jarriz aztertzen duelako Israelek Palestina menderatzeko eginiko bidea, eta, bestetik, analisiaren abiapuntua ez delako Nakba —1948ko maiatza—, baizik eta 1917a: besteak beste, Otomandar Inperioa desegin eta Balfourreko adierazpenena idatzi zen garaian. Alegia: Erresuma Batua Palestinan «juduen etxe nazionala» ezartzearen alde agertu zeneko hartan. «Horrela, Khalidik agerian uzten du britainiarrek ere badutela errua, besteak beste; britainiarrek hasieran, eta AEBek gero. Beharrezkoa da, zeren batzuetan ematen du ahaztu egiten zaizkigula duela mendebete-edo gertatutako horiek».
Irakurlearen memoria freskatu eta gaur egungo egoera hobeki ulertzen laguntzeko asmoz, sei gertakari hauek nabarmendu ditu saiakeran idazleak: Balfourreko adierazpena, Nazio Batuen Erakundearen 1947ko proposamena eta Nakba, 1967ko Sei Eguneko Gerra, Libanoko gerra, Sabra eta Xatila; Lehenbiziko Intifada, eta Osloko Akordioaren porrota.
Erlazionatuta
Euskarazko bertsioan, ordea, gehiago ere bada. Izan ere, liburuaren mintzagaia Palestina izaki, eta bertan 1917tik 2017ra arteko tartea aztertzen denez gero, UEUko kideei eta Alegriari bururatu zitzaien komeni zela joan den urritik Israel Palestinaren kontra egiten ari den sarraskia ere aipatzea. Eta pentsatu zuten ekarpen hori Khalidiri berari eskatzea izanen zela hoberena, analisiarekin segi zezan. «Berehala erantzun zigun, eta esan gaiari buruzko zerbait prestatzen zebilela, preseski, eta bidaliko zigula», gogoratu du Alegriak. «Korrika eta presaka itzuli, eta lortu genuen sartzea». Azken hitza du izena, eta 2024ko apirilaren 26koa du sinadura.
«Saiakera modernoa»
Alegriaren iritziz, ekarpen historikoa ez ezik, ekarpen «estilistikoa» ere egiten du Khalidik. Dioenez, ezagun ditu historialariak aurrez argitaratutako beste zenbait lan ere, eta, horien aldean, «saiakera modernoagoa» iruditzen zaio Ehun urteko gerra Palestinaren aurka. «Historia liburu klasiko bat egin beharrean —datak eman eta gertakizunak kontatu—, Khalidik puntu batzuk aukeratzen ditu, baina aritzen da aurrera eta atzera ere, eta, gero, puntuetako bakoitzaren kontakizunean bere bizipenak eta senideenak ere txertatzen ditu, eta analisia egin, eta, hain zuzen, bizipenei esker lortzen du analisi sakonagoak egitea», esplikatu du.
«Khalidik ekarpen pertsonalak eta familiarrak sartu izanak bizitasuna ematen dio narrazioari, eta, nolabait, irakurlea gehixeago harrapatzen du. Hau da: lortzen du irakurlea gertuago sentitzea kontatzen edo gertatzen ari den horretatik, gerrako pasadizoetatik», segitu du azalpena Alegriak, eta hitz horietan, zeharka, agerian gelditu da premiazko ikusten duela jendeak interes handiagoa izatea Palestinan gertatzen denaren eta, are, gertatu denaren gainean. Sinetsia dago euskaratutako liburua jende askorentzat izanen dela lagungarri eta ikasbide; gertakari batzuei buruz gehiago jakiteko, batez ere. «Adibidez, Nakba ezaguna da, Sei Eguneko Gerra ere bai, baina Libanoko gerrari ez diogu halako garrantzirik ematen, normalean; Khalidik bai. Esplikatzen du Israel orduan hasi zela jarduten Palestinaren aurka oraindik ere erabiltzen dituen gerra tresnekin eta estrategiekin».
Etsipena eta erresistentzia
Itzultzaileak nabarmendu duenez, palestinarren erresistentzia bideen kontakizuna ere jasotzen da liburuan, nabarmen. «Khalidik azaltzen du, batez ere, palestinarrek berrasmatzen jakin dutela etsipenari aurre egiteko, gerra honetan beti diren arren galtzaile». Alegriaren esanetan, gertakarien errepasoa egindakoan behin eta berriz bistaratzen da erresistentzia «herritarrengandik» sortu dela gehien-gehienetan. Osloko itunaren porrotaren ondotik Hamas nabarmen «indartu» zenekoa ere kontatzen da liburuan, itzultzaileak oroitarazi duenez.
Alegriak esperantza du lanak balioko duela kontzientzia pizteko. Gainera, aitortu du pozik dela ikusta azkenaldian Palestinari buruzko lan mordoa argitaratzen ari dela euskaraz. Hauek aipatu ditu, besteak beste: Adania Xibliren Detaile xume bat (Igela, 2024), Mohammed el-Kurden Rifqa (Katakrak, 2024) eta Joe Saccoren Palestina komikia (Astiberri, 2023). Bestalde, idazle eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohi Atef Abu Saifen Don’t Look Left. A Diary of Genocide liburuaren euskarazko itzulpenaren zain ere badago, irrikaz, dioenez. BERRIAk Elkarrekin eta Jakin-ekin elkarlanean antolatzen duen Aleka bilduman emanen dute lan hori, udazkenean.