Mende oso bat orkestratzea

Ehun urte beteko ditu Bilboko Orkestra Sinfonikoak hurrengo asteartean, eta hainbat kontzertu, hitzaldi eta erakusketa biltzen dituen egitaraua osatu dute urteurrena gogoan hartu eta ospatzeko

Bilboko Orkestra Sinfonikoa, 1923an egindako saio batean, Armand Marsick zuzendari titular duela. BILBOKO ORKESTRA SINFONIKOA.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Egunez egun kontabilizatu du BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoak bere ehun urteko historia, eta , alez ale, 36.525 eguneko multzoa osatu dute, guztira. 1922ko martxoaren 8an eman zuen bere lehen kontzertua Bilboko Arriaga antzokian, Armand Marsick zuzendari belgikarraren gidaritzapean, eta mende oso-osoa beteko du hurrengo asteartean. Egunez egun. 1936ko gerraren ondorioz izandako bi urteko isilaldiaren salbuespenarekin, eta behin baino gehiagotan desagertzeko arriskuaren mugan ibilita ere, etenik gabea izan da bere ibilbidea ordutik, eta 4.700 emanaldi baino gehiagoko zerrenda osatu du, guztira. Iazko irailean denboraldia hasi zutenetik izan dute gogoan urteurrena, eta, data zehatza hurbildu ahala, mugarri hori gogora ekartzeko ekitaldi sorta aurkeztu zuten atzo. Martxoaren 10ean eta 11n eskainiko dituzten kontzertuak izango dira lehen jarduera garrantzitsua, baina hitzaldiak, erakusketak, horma irudiak eta erakundearen historia kontatzen duen komiki bat ere badituzte prest. Izan ere, ospakizuna «ahalik eta zabalena» izatea izan dute buruan, Ibon Aranberri orkestrako zuzendari teknikoak azaldu duenez.

URTEURREN KONTZERTUAK

Maurice Ravel eta Gustav Mahler izango dira orkestraren hurrengo ostiral eta larunbateko kontzertuaren bizkarrezurra: «Orkestraren DNA laburbiltzen duten bi konpositore». Sortu eta bi urtera interpretatu zuen BOSek Ravelen konposizio bat lehenengoz, eta orkestra zuzentzen ere jardun zen ziburutarra 1928ko azaroaren 10ean. Harreman estu hori gogoan hartzeko programatu dute orain Kaddisch, de Deux mélodies hébraïques, eta, harekin batera, Mahlerren Berpizkundea ere interpretatuko dute. Orkestrako ordezkarien hitzetan, oraindik entzutetsuegia ez zenean ere Mahlerren aldeko apustu argia egin baitzuen BOSek, eta, koronabirusaren ondorengo sasoiari keinu egiteko hautatu dute konposizio zehatz hori. Leonard Slatkin arituko da orkestra zuzentzen, eta Bilboko Koral Elkartea zein Miren Urbieta-Vega sopranoa eta Isabelle Druet mezzosopranoa ere izango dira oholtzan.

Ekainaren 18an izango da mendeurreneko bigarren zita handia. Bilboko Guggenheim museoak ere mende laurden betetzen duela gogoan hartuz, kontzertu jendetsua antolatu dute museoan. Kalean egitea zen antolatzaileen hasierako asmoa, eta, beraz, sarrera mugarik gabe, baina eguraldiak traba egin zezakeela pentsatuz, azkenean, bi emanaldi antolatuko dituzte museoko atrioan. Modesto Mussorsky konpositoreak sortutako Erakusketa bateko koadroak eta Augusta Holmesen Andromeda sinfoniak osatuko dute egitaraua.

Abenduaren 15 eta 16an izango da hurrengo kontzertua. Eraztunen Jauna filmaren jatorrizko bertsioaren proiekzioa egingo dute kasu horretan, euskarazko eta gaztelerazko azpitituluekin, eta orkestrak zuzenean interpretatuko du haren soinu banda. Eta handik astebetera egingo dute mendeurrena ospatzeko laugarren kontzertua; Bilboko Udal Bandarekin batera arituko dira orduan. Orkestrako ordezkariek gogorarazi dutenez, banda eta orkestra erakunde bakarraren parte izan baitziren 20 urtez. Abenduaren 22an egingo dute lehen emanaldia eta 23an bigarrena.

ESTREINALDIAK

Propio Bilboko Orkestra Sinfonikoarentzako sortutako hainbat pieza entzuteko aukera ere eskainiko dute mendeurreneko ekitaldiek. Gabriel Erkoreka konpositore bilbotarrak jaso du mendeurreneko obra sortzeko enkargua, zehazki. Espainiako Musika Saria jaso zuen duela gutxi Erkorekak. Bere lanetan euskal folkloretik hartutako tresnak baliatzeko duen modua eta daukan «konposizio lengoaiaren aberastasunagatik» nabarmendu zion epaimahaiak orduan, eta haren izena izan du gogoan Erik Nielsen BOSeko zuzendari titularrak ere orkestraren mendeurrenerako konposizio bat eskatzeko. 2023an izango da estreinaldia, martxoaren 9an eta 10an egingo diren kontzertuetan, eta aurreratu dutenez, piano eta orkestrarako kontzertu bat izango da, Alfonso Gomez piano jotzaile gasteiztarraren parte hartzearekin.

Bestalde, Javier Quislant konpositorearen Tiempo silente obra ere estreinatuko du orkestrak aurtengo apirilaren 28 eta 29an. Isabel Urrutiak konposatutako Utopias obra ere eskaini zuen denboraldi hasieran. Andres Isasiren bi poema sinfoniko ere berreskuratu dituzte aurtengo denboraldian, eta beste bi eskainiko dituzte hurrengoan: Zharufa eta Die Sünde, zehazki.

KOMIKIA ETA ERAKUSKETA

Bi hitzaldi ziklo ere antolatu dituzte urteurren denboraldirako: Deustuko Unibertsitatean bata eta Guggenheim museoan bestea, eta azken saioak egitea baino ez dira falta programak amaitzeko. Orkestraren historia gogoratzeko egitasmo gehiago ere izango dira, ordea. Erakusketa ibiltari bat ere antolatuko baitute, esaterako, erakundearen mugarri historikoen berri emanez. Martxoaren 17an jarriko dute aurrenekoz ikusgai, Bilboko Arriaga antzokian, eta BOSen lehen kontzertua gogoraraziko duen plaka bat ere jarriko dute egun horretan. Gero, Getxon, Barakaldon, Durangon eta Bizkaiko beste hainbat herrira eramango dute.

Komiki bat ere kaleratuko dute, bestalde. Kike Infame komikigileak sortuko du, eta abuzturako edo irailerako nahi dute kalean. Azaldu dutenez, komikia liburua baino formatu «eskuragarriagoa» delako egin dute haren aldeko hautua orkestrako ordezkariek. Pablo Astrain artistak Olabeaga auzoan ehun metroko murala ere sortuko du orkestraren mendeurrenaren omenez.

HERRITARREN BABESA

Orkestrak herritarrekin duen lotura nabarmendu du Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa Patronatuko buruak. «Orkestra bat ezin da 100 urte betetzera heldu herritarren atxikimendurik gabe». Egun, esaterako, 1.800 bazkide dituela hartu du gogoan orkestrako zuzendari teknikoak. Orkestra «izaki bizidun bat» dela esan du Miguel Arbelaitz musikari eta BOSeko enpresa batzordeko buruak, eta musikariek urteurrena abiatzeko «ilusio handia» dutela. «Poztasun handia dute mendeurrena ospatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.