Mende laurdeneko topaketa

XXV. Argazki Bilerak zabalik ditu ateak astearteaz geroztik. Zarauzko Photomuseumen aurrekari izan zenak lau erakusketa antolatu ditu aurten. 1992. urteko erakusketa berreskuratu du urteurren biribila gogoratzeko.

1 JUAN MUGURUZA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Zarautz
2017ko apirilaren 14a
00:00
Entzun

«Garai bateko prozesio erlijiosoen ordez, prozesio zibikoak» antolatzea. Pausoz pauso, eta argazkiz argazki. Gurutze biderik gabe. Leopoldo Zugazaren (Durango, Bizkaia, 1932) eta Ramon Serrasen (Zarautz, Gipuzkoa, 1943) duela 25 urteko kontuak dira. Zarauzko I. Argazki Bilera antolatu zutenekoak. Ordutik, argazki zaleen prozesio gune bihurtu da Zarautz Aste Santuro, hiruzpalau erakusketaz gozatzeko aukera eskainiz urtero. Gune horietako bi finkoak izan dira: Sanz Enea kultur etxea eta Photomuseum.

Azken horrek, gainera, lotura zuzena dauka I. Argazki Bilerarekin, Ramon Serrasek azpimarratu duenez: «Orain beteko da mende laurden Zarauzko I. Argazki Bilera antolatu genuela. Lehen aldi hartan, Zarautzen argazkilaritzari buruzko museoa irekitzeko proiektuaren inguruko erakusketa bat jarri genuen ikusgai, Sanz Enean. Udalak baiezkoa eman zigun, eta hala eskuratu genituen gero gure egungo egoitzako —Villa Manuelako— hirugarren eta laugarren solairuak». Hala jarri zen abian Photomuseum.

Leopoldo Zugaza kulturgilearen ideia izan omen zen argazki museoa sortzea. «Hura BBKn zegoen garai hartan, kultur arduradun. Bazekien hainbat pieza erosten ari nintzela, eta, egun batean, galdetu zidan: 'Ramon, museo bat egingo al dugu?'. Hala hasi ginen». Serrasek ordurako bazituen argazki makinei beste batzuenak erantsi, Zugazak bere aleak gehitu, eta halaxe osatu zuten hastapenetako ondarea.

«Gurea irauteko asmoz sortu zen, eta joan dira urte batzuk jada. Urteotan, eraikina egokitu eta funtsak ondu egin dira». Baita zinemagintzaren historiari buruzko materiala bildu ere. Eta erreferentzia bihurtu argazkilari zenbaitentzat, Serrasen esanetan: «Curriculumak bidaltzen dizkigute, eta beren lan batzuk. Hortik aukeratzen ditugu Aste Santuko erakusketak eta». Aurtengoak ere bai.

Photomuseum, Sanz Enea, Torre Luzea eta Zazpi galeria dira 2017 honetan proposatu dituzten geltokiak.
 

1. 'AZALAK'

Photomuseumen. Maiatzaren 7ra arte. Juan Muguruzaren (Getxo, Bizkaia, 1945) Azalak proiektuko aleak. Duela sei bat urte ekin zion argazkilariak serieari. Utziak zituen ordurako komertzial eta iragarki argazkilaritza, baina zaletasunari eusten zion. Eta tximistak jotako arbola bat ikusi zuen. Argazkia atera ere bai. Eta bide bat ireki. Emaitza: ilargikoa izan zitekeen paisaia errea, lehen begiratuan; arbola baten azal zartatua, berez. Zuhaitzez zuhaitz aritu da ordutik Muguruza. Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo. Tximistak ez zuen arbola bakarrik jo; baita argazkilaria ere. Eukalipto, platano, pago, haritz, akazia, artelatz, urki, txontadur, palmondo arteko ibilbidean, irudi abstraktuak, airetik ateratako basamortu eta mendilerroak, hontzak, arantzak, beti azalez aldatzen ari diren izakiak... aurkitu ditu kamerak. Definizio eta neurri handiko argazki organikoak daude ikusgai.
 

2. 'UHOLDEAREN ONDOREN'

Zazpi galerian. Maiatzaren 14ra arte. Alvaro Ledesmaren (Donostia, 1975) irudi soilak, inolako efektu berezirik, photoshop ukiturik, konponketarik edo artifiziorik gabe. Paisaiak: aire zabalean zein gune itxietan. Objektuak. Pertsonak. Natura. Fikziorako abiapuntua eskaintzen duten irudi errealistak. Manipulatu gabeko segundo milaren sorta bat.
 

3. 'TOKIBANATUTAKO

MUNDUA'

Torre Luzean. Maiatzaren 28ra arte. Daniel Sanchezen (Iruñea, 1974) diptiko sorta, adierazteko pertsonak banatzeko, antolatzeko, sailkatzeko eta moldatzeko erek eta diseinuek gero eta antz handiagoa dutela gauzak eta espazioak banatzeko, antolatzeko, sailkatzeko eta moldatzeko erekin eta diseinuekin. Etxebizitzak, lantokiak, soroak, hilerriak, aisialdirako lekuak... kutxatila erraldoi bat bihurtua den munduan kokatuta. Argazki solteak egiten hasi zen Sanchez, baina diptikoetara jo zuen gero, aldez aurretik zentzugabetzat jo zitezkeen batuketak egiteko, eta gogoetarako bide bat proposatzeko, biltegiratutako pertsonak, paisaiak eta bizimoduak erakusteko. Adibide bat: auskalo nongo zabor edukiontziak edonongo hilerriko horma hobien bikotekide bihurtu ditu.
 

4. 'BILERA, 25 URTE GEROAGO'

Sanz Enea kultur etxean. Maiatzaren 28ra arte. Erakusketa kolektiboa. Duela mende laurdeneko I. Argazki Bileran erakutsi zen Photomuseum. Argazki museoaren eskema erakusketako lanak daude ikusgai bertan, eta baita erakusketa haren berri prentsak nola jaso zuen ikusteko hemeroteka bat ere. Argazkilarien artean, bertakoak eta atzerrikoak daude: Nicolas Lekuona, Alberto Schommer, Pedro Zarrabeitia, Walter Reuter, Joan Fontcuberta, Raoul Ubac, Humberto Rivas, Ouka Lele eta Cristina Zelich, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.