1966an egin zen aurrenekoz Donostiako Jazzaldia, lehen ekitaldi hartan irailean, eta bigarrenetik aurrera uztaileko datak hartu eta gaur arte. 50. jaialdia izango da aurtengoa, eta, hori ospatzeko, jaialdiaren historia baino gehiago jaialdiaren historiaren espiritua biltzen duen dokumental bat ondu du Donostia Kulturak TVE Espainiako telebista publikoarekin, Euskal Telebistarekin eta Morgancrea ekoizpen etxeareekin: #jazzaldia50. Filma Carlos Rodriguezek idatzi eta zuzendu du, eta datozen asteetan hirutan emitituko dute telebistaz. Bihar bertan (21.00etan), TVEko bigarren katean, eta hilaren 19an eta 20an ETBn —lehenengoa euskarazko katean; bigarrena gaztelaniazkoan— (23:00).
Zuzendariak garbi adierazi nahi izan du: #jazzaldia50 ez da Donostiako Jazzaldiaren historia goitik behera eta datu guztiekin kontatzen duen filma. «Ezinezkoa zatekeen. 4.900 artista igaro dira hemendik 50 urte hauetan. Eta jazzaldiaren historia osoa kontatu beharrean, kontatu dugu memoria emozionalago bat». Hala, filmak jazz jaialdiaren «puzzle txiki bat» osatu du, historian atzera eta aurrera eginez, mende erdian izandako pasadizo bitxi eta gertaerekin eta jazzaldia bertatik bertara ezagutu duten 55 pertsonari egindako elkarrizketekin —sustatzaile, kazetari, kolaboratzaile eta musikazaleez gain, musikariak: Chick Corea, Bobby McFerrin, John Scofield, Toshiko Akiyoshi, Enrico Rava, Dee Dee Bridgewater, Dave Holland, Iñaki Salvador, Gonzalo Tejada...—. Pasadizo bitxiak ere badira, hala nola The Police sortu aurretik Sting ezezagun bat 1975ean Trinitate plazan aritu zenekoa eta Gato Barbierik 1980an belodromoan bildutako jarraitzaileei «Gabon, Bartzelona» esan zienekoa.
Rodriguezek eta Miguel Martin jazzaldiaren zuzendariak nabarmendu dute dokumentala egiteko ezinbestekoak izan direla Espainiako telebista publikoaren eta ETBren irudiak. Izan ere, TVEk gorde dituen jazzaldiko grabazio zaharrenak 1967koak dira, eta 1970etik hona jaialdiaren agertoki nagusietako kontzertu gehienak filmatu ditu. ETBren artxibo dokumentalari esker, berriz, jazzaldiaren aurpegi sozial eta tokikoena erretratatu ahal izan du zuzendariak.
Dokumentalean agertzen dira jazzaldian jo zuen lehen taldea osatzen zuten bost musikarietatik hiru (Alvaro Gurrea, Eugenio del Rio eta Miguel Angel Urrutia) eta hasierako antolatzaileetako batzuk (Imanol Olaizola, Rafael Agirre Franco, Francette Lafont, Ramon Peironcely eta Rafael Briz).
Mende erdiko historia bat
Donostiako Jazzaldiaren 50 urteko historia laburbildu dute '#jazzaldia50' dokumentalean.50 elkarrizketatik gora egin dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu