Konderriko diruzaina zuen aita, eta irakaslea ama. Stanforden matrikulatu zen oinarrizko ikasketak amaitu ostean, baina titulurik atera aurretik utzi zituen ikasketak, eta ofizio batean baino gehiagotan aritu zen handik aurrera: igeltsero, fruta bilketan, dendako saltzaile... 27 urte zituenean egin zuen krak Wall Streetek. Hamar urte beranduago argitaratu zen Grapes of Wrath, Steinbecken lanik sonatuena. Krisi ekonomikoak nekazarien artean sortutako egoera gordina kontatzen du liburuak. Joad familia da protagonista. Promesez betetako iragarki bati kasu egin eta Oklahomatik Kaliforniara joatea erabakitzen dute, lan bila. Anekdota moduan: nobela hura gogoan hartuta, kazetari batzuek azken krisian ere egin dute Joad familiak egindako ibilbidea, ikusteko zer-nolako panorama aurkitzen zuten — eta norbaitek esan izan du ez zela orduan baino askoz hobea—.
Izan ere, oso gertukoak dira liburuan jorratzen diren gaietako batzuk: familiek etxeak galtzen dituzte, bankuekiko zorrak ordaindu ezinik; traktoreek —hau da, teknologiak— ordezkatzen dute eskulana; itxaropen faltsuak eta zapuztutako ametsak dira nagusi, familiek ikusten baitute buruan egindako ideiak eta iritsitakoan aurkitutakoak ez dutela zerikusirik. Immigrazio ekonomikoaren alde ugari ageri dira: tokiko herritarrek etorkinei dieten mesfidantza, jasan beharreko isekak, herri berrian etxeren bat aurkitzeko zailtasunak, nola jatorrian bezala helmugan ere lan falta eta miseriazko soldatak diren nagusi; eta horrek guztiak dakarren haserrea edo sumina. Euskaraz, Suminaren mahatsak eta Haserrearen mahats-aleak izenburuak erabili izan dira nobela ospetsu hori izendatzeko.
Kazetaritza lan bat dago liburuaren oinarrian. 1936ko udan, Steinbeckek erreportaje sorta bat idatzi zuen The San Francisco News egunkarirako, fruta biltzen aritzen ziren nekazari etorkinei buruz. Interes handia zuen langile klasearen eta maila ekonomiko apaleneko jendearen arazoetan. Haien duintasuna nabarmentzen ahalegintzen zen.
Grapes of Wrath argitaratu eta hurrengo urtean, Steinbeckek Pulitzer saria jaso zuen. Hauxe esan zuen orduan idazleak: «Lotsaren etiketa jarri nahi diet egoera hau ahalbidetu duten diruzale kabroiei». Urte hartakoa da eleberrian oinarritutako filma ere, izen berekoa. Horrek ere lagundu zuen liburua are ezagunago egiten. John Fordek zuzendu zuen, eta bi Oscar ere irabazi zituen egindako lanari esker.
Steinbecken lanik ospetsuena ez ezik, polemikoena ere bada Grapes of Wrath. Bankarien eta lur jabeen isekak jasan behar izan zituen, herria eta klase soziala traizionatu zituela egotzita. Ez zitzaien gustatu Steinbeckek haien inguruan ematen zuen irudia. Manifestu komunistatzat ere jo zuten, eta jendaurrean erre zituzten liburuaren aleak. Zenbait tokitan, debekatuta zegoen eskoletan hura irakurtzea edo liburutegietan haren liburuak edukitzea. Baina denborak asko aldatzen ditu gauzak, eta gaur egun ia heroitzat dute Salinas sorterrian. Han dago National Steinbeck Center, herriko interesgune nagusia. Urtean 100.000 bisitari baino gehiago erakartzen ditu.
Kontrakoa ere gertatu zitzaion. Ezkerreko jendearen artean bazuen sinpatia, eskertzen zioten zapalduei ahotsa emateko borondatea eta jorratutako gaiak landu izana. Amets amerikarraren ideia lotsagarri uztea, azken finean. Alabaina, Vietnamgo gerran berriemaile izan zen, eta ontzat ematen zituen AEBetako armadaren zenbait ekintza. Zenbait jarraitzailek traiziotzat jo zuten hori.
Nobel saria ere bai
Hil baino sei urte lehenago, 1962an, Literaturako Nobel Saria jaso zuen. Belaunaldi berekoak zituen William Faulkner (New Albany, Mississippi, 1897 - Oxford, Mississippi, 1962) eta Ernest Hemingway (Oak Park, Illinois, 1899 - Ketchum, Idaho, 1961), eta haiek ordurako jasoa zuten sari hori. Orduan. epaimahaiak nabarmendu zuen Steinbecken idatziak errealistak eta irudimentsuak zirela, eta oso ondo uztartzen zuela umore atsegina gizartearekiko ikuspegi zorrotzarekin. Orain bost urte, ordea, Suediako Svenska Dagbladet egunkariak zenbait dokumentu argitaratu zituen, urte hartako Nobel saria zeini eman erabaki behar zuen batzordearenak. Agiri horien arabera, beste aukerak baztertu zituztelako erabaki zuten Steinbeck saritzea. Nolabait esateko, txarren artean onena zelako. «Batzorde honen egoerak ez du batere inbidiarik ematen», zioen batzordeko kide batek, erabaki zaila hartu behar zutela nabarmentzeko.
Esaten da justu urte haietan ez zegoela literatura ibilbideko unerik gorenean, baina, Grapes of Wrath-ek ez ezik, Steinbecken beste liburu askok lortu dute sona. Hasieran, kosta egin zitzaion, eta oharkabean bezala pasatu ziren plazaratutako lehen lanak. Tortila Flat (1935) izan zen kritikari eta salmentari dagokionez arrakastatsuentzat jo daitekeen lana. In Dubious Battle, Of Mice and Men, East of Eden eta Travels with Charley etorri ziren atzetik.
27 liburu idatzi zituen guztira: hamasei nobela, ez-fikziozko sei lan eta bost kontakizun bilduma. 45 hizkuntzatara daude itzulita haren liburuak, tartean euskarara: Itsas izar bat zen, Perla, Zeruko Belardiak, Tortilla flat, Arthur erregearen egintzak eta Saguak eta gizonak. Era berean, asko izan dira zinemara nahiz antzerkira eramandako haren lanak, horiek ere hainbat hizkuntzatan.