Mende erdia eta lau egun

Gaur zortzi hasiko da 15. Animadeba jaialdia Deban, eta lehen euskal animazio lanak sortu zituztenetik mende erdi pasa joan dela oroituko dute. Hamar bilduko ditu Sail Nagusiak

Animadeba jaialdiko antolatzaileak eta babesleak, atzo, jaialdia aurkezteko Donostian egindako prentsaurrekoan. JON URBE /FOKU.
Leire Perlines Apalategi.
Donostia
2022ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Mende erdi pasa beteko du aurten Euskal Herriko animazioak, eta ibilbide hori nabarmendu nahi izan du Animadeba Nazioarteko Animazio Jaialdiak aurten. Irailaren 7tik 10era, lau eguneko programa antolatu dute, eta garrantzia eman nahi izan diote euskal animazioaren historiari. Deba (Gipuzkoa) izango du erdigunea jaialdiak, eta Kutxa Zuria aretoan eta herriko kultur elkartean egingo dituzte proiekziorik gehienak. BERRIA da festibalaren babesleetako bat.

MENDE ERDIA, HIRU SAIOTAN

Jose Antonio Sistiaga margolariak 1968an sortutako De la luna a Euskadi film laburra jotzen dute zinema historialariek Euskal Herriko lehen animazio pelikulatzat, eta erreferentzia hori hartu dute antolatzaileek ere euskal animazioaren hastapentzat. Aitor Oñederra Animadebako zuzendariak gogoratu duenez, ordea, galduta dago Sistiagaren lana, eta inork ez daki haren kopiarik badagoen ere. Horregatik, Rafael Ruiz Balerdi margolariak 1970ean sortutako Homenaje a Tarzán film laburrarekin irekiko dute jaialdia, eta hura proiektatu zenetik 2020ra arteko euskal animazioaren errepasoa egingo dute 50 Urte Euskal Animazioa sailean.

Balerdiren lanaz gain, denbora tarte horretan sortutako beste hamabost lan ikusteko aukera ere izango da jaialdian: besteak beste, Juanba Berasategiren Kukubiltxo, Bego Vicarioren Zureganako grina, Izibene Oñederraren Hezurbeltzak, Angel Aldarondoren Hondar Ahoak eta Jon Garañoren Urrezko eraztuna izango dira ikusgai. Eta hiru saiotan bildu dituzte lan horiek guztiak. Asteazkenean hasi eta ostiralera bitarte egingo dituzte proiekzioak, Kutxa Zurian, eta beti 21:30ean.

PARTE HARTZE TXIKIAGOA

Animadebak gero eta ikusle gehiago biltzen dituela baieztatu du jaialdiko zuzendariak, baina apaldu egin da aurten bertan parte hartzeko jasotako eskari kopurua. Koronabirusaren eraginez gertatu da hori, Oñederrak dioenez, eta, ondorioz, 1.057 film aurkeztu dira jaialdira. Izan ohi dituztenak baino gutxiago. Eta multzo horretatik hautatutako lanekin osatu dute programa. Jatorrizko bertsioan egingo dituzte proiekzioak, eta azpitituluekin.

SAIL NAGUSIA

Guztira, hamar lan labur izango dira lehian jaialdiko Sail Nagusian. Eta bi nabarmendu nahi izan ditu Oñederrak haien artean. Iaz, Bilboko Zinebi jaialdian Euskadiko Sari Nagusia jaso zuen Mel Arranz zinemagilearen Azaletik azalera animazio labur esperimentala da haietako bat, eta Diego Porral zuzendari espainiarraren bost minutuko Leopoldo el del bar da bestea.

Hiru kidek osatuko dute sail horretako epaimahaia: Lourdes Villagomezek, Cord Dueppek eta Alberto Vazquezek. Eta, hain zuzen ere, Vazquez izango da aurtengo gonbidatu berezia. Omenaldia egingo diote horregatik, eta atzera begirakoa antolatuko dute bere film laburrekin.

WORK IN PROGRESS

Beste sail batzuk ere baditu jaialdiak. Hamar labur proiektatuko dituzte Zuzendari Berriak izenekoan, esaterako, eta beste zazpi lan labur bilduko ditu Panorama sailak, eta lau film luze ere hautatu dituzte.

Work in Progress atala ere nabarmendu dute antolatzaileek. Atal horretan hamasei film proiektatuko dituzte, eta gazte talentudunak sustatzea eta laguntzea izango da helburua. Hori dela eta, atal berri bat ere sortu dute aurten Work in Progress horren barruan: Talentu Berriak izenekoa, hain zuzen ere. Kasu honetan, zinemagile gazteek beren filmaren aurkezpen bat egin beharko diote epaimahaiari, eta 1.500 euroko saria lortuko du hautatutako proiektuak.

KASU AZTERKETA

Animadebak Kasu Azterketak izeneko saila ere estreinatuko du aurten. Sail horretan, egileekin batera ikusiko dute filma ikusleek. Fermin Muguruzak Black is beltza II: Ainhoa Making of lana aurkeztuko du, esaterako, eta beren filmez arituko dira Isabel Herguera, Aitor Oñederra eta Alberto Vazquez. Azken urtean edo iaz sortutako lanak aurkeztuko dituzte haiek ere: El sueño de la sultana filma Herguerak, Ur azpian lore Oñederrak, eta Unicorn Wars Vazquezek.

MUSIKA EMANALDIAK

Proiekzioez harago, egunero izango da zuzeneko musika Animadeban. Saband izango da lehen taldea 7an, eta bi saio izango dira hurrengo egunetan: 20:00etan lehena eta gauerdi aldera bigarrena, DJ formatuan. Espagueti arituko da 8an lehenik, eta Sara Zozaya eta Honeyboy DJ Set ondoren. Miren izango da 9an, eta Feten izango da gauerdian DJ modura. Jo & Swissknife 12:30ean arituko dira 10ean, eta Inesek itxiko du jaialdia, azkenik.

Musika izango da itxiera ekitaldiko ardatza ere. Larunbatean, 10ean, Amorante musikariaren emanaldia ere hartuko baitu sari banaketak.

TAILERRAK ETA HITZALDIAK

Animazio tailer sorta bat ere eskainiko du Animadebak, eta baita hitzaldi berezi bat ere. Donostiako San Telmo museoan izango da azken hori, eta, jaialdia hasi baino justu astebete lehenago, ostegun honetan bertan. Hainbat belaunalditako emakume zinemagileen animaziozko film laburrak erakutsiko dituzte, eta hizketaldia izango da ondoren bertaratzen diren sortzaileekin.

SARRERAK ETA BONUAK

Sarrerak eskuragarri daude jada animadeba.com webgunean, eta Kutxa Zurian bertan ere eros daitezke, bestela. Hiru euroren truke daude denak, sari banaketakoa izan ezik, horrek zortzi euro balio baitu. Jaialdi osorako abonu bat ere egongo da, 25 euroren truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.