Literatura

Mende erdia duen laranja

Berrogeita hamar urte beteko dira aurten Anthony Burgess idazleak bere eleberririk ezagunena kaleratu zuenetik: 'A Clockwork Orange'. Urteurrena baliatuz, ekitaldi bereziak antolatu dituzte Manchesterren.

Stanley Kubrick zinemagileak Anthony Burgess idazlearen Naranja mekanikoa izeneko liburutik abiatuta egindako filmeko irudi bat. Z / BERRIA.
Inigo Astiz
2012ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Batzuetan, irakurle bakar bat nahikoa izaten da nobela baten nondik norakoa aldatzeko. Hori da kasua, behintzat, irakurle bakar horren izena Stanley Kubrick denean eta liburua A Clockwork Orange deitzen denean (Laranja mekanikoa). 40 urte bete ziren iaz filma sortu zutenetik, eta 50 urte beteko dira aurten Anthony Burgess idazle, konposatzaile eta literatura kritikariak (1917, Manchester-1993, Londres) bere eleberririk ezagunena argitaratu zuenetik. Polemika ez zuen urrun izan Ingalaterra alternatibo batean biolentziak eta sexuak liluratutako gazte talde baten nondik norakoak kontatzen zituen liburuak, baina ongi zahartu da. Manchester izango da argitalpenaren urteurrenaren aitzakian egingo diren ekitaldien erdigunea; musikal bat egin zuten azaroan, kongresu bat antolatu dute ekainerako, edizio bereziak egingo dituzte... Argitaratu zituen liburu gehiago haren aurretik, eta kaleratu zituen gehiago haren ondoren ere, baina hark lortu zuen sona; sortzailearen hitzetan, bere lanik txarrenetariko bat zenak. «Hiru astean idatzi nuen, dirua behar nuelako». Maiz, ordea, liburuaren alde banatan bizi dira idazleak eta irakurleak.

Filmak sekulako bultzada eman ziola ez zuen sekula ukatu Burgessek. Zinemarako jauzi hura gabe agian ez zukeen sekula izango hari esker izan zuen besteko oihartzunik. 1986an egindako berrargitaralpenerako sarreran utzi zuen idatzita aitortza: «1962an argitaratu nuen Laranja mekanikoa, eta nahikoa denbora pasa da dagoeneko liburua munduaren memoria literariotik erabat desagertuta egoteko. Baina ez da desagertu, eta Stanley Kubrickek liburuaz egindako zinemarako bertsioarena da nagusiki ardura». Horrek ez du esan nahi, ordea, idazleak Kubricken interpretazioarekin guztiz bat egiten zuenik. Gorabeheratsua izan zen haien arteko harremana, eta Burgessen hitzak dira horren froga. «Filmak erraz eraman zituen irakurleak liburuaren gaia gaizki ulertzera, eta gaizkiulertu horrek jarraituko nau bizitza guztian, harik eta hiltzen naizen arte».

Kapitulu baten ezabaketa izan zen idazlearen ezinegonaren arrazoi nagusia: 21. kapituluaren desagerpena, zehazki. Alex pertsonaia nagusiaren aldaketa morala kontatzen du atal horrek. Nagusitu egin da, eta suntsiketaren sasoia atzean utzi duela sentitzen du. Bortxaren lilura gaindituta, eraikuntzaren alde lerratzen da: seme bat izateko asmoa azaltzen du. Horrek bereizten ditu, batez ere, liburua eta filma. Suntsiketaren alde ageri da Alex filmeko azken eszenan; suntsiketaz nazkatuta, aldiz, liburuko azken pasartean.

AEBetako ediziotik abiatu zen zinemagilea gidoia sortzeko, eta 21. kapitulurik ez dauka argitalpen horrek. Hogeigarrena da azkena. Ipar Amerikako editoreak proposatu zion mozketa Burgessi, eta hark onartu egin zuen aldaketa. Dirua behar omen zuen, eta argitaratu nahi izate hutsa nahikoa iruditu zitzaion. Idazleak ez zuen, noski, hautu horrek gerora izango zuen eraginaren susmorik. Baina filma heldu zen, eta haren itzalak lagundu egin zuen azken kapitulu horri garrantzia kentzen. Haren alde aritu behar izan zuen, horregatik, Burgessek. Bere pertsonaiaren bira etikoaren alde.

Nobela ala fabula

Patua ala borondatea. Hori zen, Burgessen ustez, edizio baten eta bestearen arteko ezberdintasuna. Gizakia berez gaiztoa izan litekeela iradokitzen omen zuen Kubricken interpretazioak, eta onaren edo gaizkiaren artean aukeratzeko dugun gaitasunaren garrantzia azpimarratzen zuen harenak. «Fikziozko lan batek ez badu lortzen erakusterik aldaketa bat egon dela eta giza nortasuna ezarria, harrizkoa eta moldakaitza dela adierazten badu, ezin da kokatu eleberri bati dagokion alorrean; alegoriaren edo fabularen esparruan kokatu behar da. Fabula bat da Kubricken laranja, eta Amerikakoa; Britainia Handian eta munduko beste txoko batzuetan argitaratutakoa, aldiz, nobela bat». Eta nobela nahi zuen Burgessek bere liburua; ez fabula.

Liburua argitaratu eta gero ere, saiatu zen idazlea bere irakurketa ezagutarazten. Hamaika izan ziren antzerkirako egin zituzten moldaketak, eta nazkatuta-edo bere musikala osatu zuen idazleak: hark sortutako musika eta hitzekin. Bazuen esperientziarik halakoetan. Besteak beste, Carmen operaren liburuxka itzuli zuen. Laranja mekanikoa musikalaren gidoia prestatu zuen, baina ez zuen sekula taularatu, eta, gerora ere, antzerki konpainiek ez dute sekula osorik jokatu. Azkenean, joan zen azaroan eraman zuten agertokira Burgessek bere lanari buruz egindako bertsioa. Hor, idazlearen interpretazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.