Francisco Zurbaran artista barrokoa eta Maurizio Cattelan garaikidea. XVII. mendeko margolanen eta artelan garaikideen «elkarrizketa» sortzen da Barroko neurrigabea: Cattelanetik Zurbaranera. Bizitza ezegonkorraren adierazpideak erakusketan, Bice Curiger komisarioaren ustez. Atzo ireki zuten Bilboko Guggenheim museoan, eta urriaren 6ra arte egongo da ikusgai museoko hirugarren solairuko aretoetan.
Kunthaus Zurichek eta Bilboko Guggenheim museoak elkarlanean antolatu dute. Horren bitartez, artearen historiari begirada berritzailea eman nahi izan diotela adierazi du Curigerrek: «Unibertso bakoitzari bere espazioa eman diote, errespetu berarekin tratatu dira». Komisarioaren iritziz, helburua ez da «maisulanen jaialdi bat eskaintzea», baizik eta duela hainbat mendetako artea «hurbiltzea eta ulergarri egitea». Gaur egungo lanek antzinako artearen interpretazio berriak aurkitzen lagun dezaketela uste du, gainera. Artelanak bereizteko, jute telaz estalitako paretaren gainean jarri dituzte XVII. mendekoak. Tela «merke» bat erabili dute, ohiko setazko oihalaren ordez, konbentzionalismo horiekin apurtu nahian, eta «fetixe batzuk zalantzan jartzeko». Garaikideak, berriz, horma zurian daude.
XVII. mendeko artistak, Francisco Zurbaran, Simon Vouet, Alessandro Magnasco. Eta egungoak, Maurizio Cattelan, Glenn Brown, Rebecca Warren... Ehun artelan baino gehiagok osatzen dute erakusketa, eta hainbat kapitulutan banatuta daude. Muntaketa zinematografikoaren teknika erabiliz, gaika sailkatu dituzte obrak. Barrokoan oso ohikoak ziren, besteak beste, landa giroa, eszena bukolikoak, vanitas-a, baldartasuna, erlijioa eta gehiegikeriak. Kunthaus Zurichek maileguan utzitako artelanak daude, baita Europako antzinako arteari buruzko museo nagusiek — besteak beste, Madrilgo Prado, Vienako Kunsthistorisches Museum eta Frankfurteko Städel Museum—utzitakoak ere.
Gai garaikideak
Eszena bukoliko eta komikoek, tentazio sentsualez beteriko egunerokotasuna erakusten dute. Juergen Tellerren argazki batean Charlotte Rampling eta Raquel Zimmerman ageri dira biluzik, Louvre museoan dagoen Mona Lisa margolanaren aurrean. Argazki apurtzailea da, ez baititu marrak errespetatzen. Marmolezko figuren biluztasun klasikoarekin talka egiten du.
Gai mitologikoa duten margolanak ere badaude, literatur erreferentziaz eta erotismoz betetakoak. Esaterako, Nicolas Poussinen Satiroek Venus ezustean harrapatzen dute eta Simon Voueten Europaren bahiketa. Parean, Paul McCarthy artistaren lanak daude ikusgai. «Kaliforniako alderik ilunena irudikatzen du McCarthyk», Curigerren esanetan. Walt Disney «gorroto» du, «hipokrisia eta amerikar puritanotasuna» irudikatzen duelako. Disneyren Edurnezuri filmeko ipotxak margotu ditu, eta hainbat aldizkaritako argazki pornografikoen zatiak ditu inguruan itsatsiak.
Erlijioaren alde ilunei buruzko aretoan, XVII. mendeko inkisizioaren aztarnak daude ikusgai. Galdeketa espetxean margolanean, Alessandro Magnascok kartzelan egindako galdeketa bat irudikatu zuen, Jainkoaren izenean torturatzea agintzen zenean inkisizioak zekarren beldur eta izugarrikeria erakusteko. Iluntasun horrekin lotuta, Cristina Lucas artistaren Basati alderantz hamasei minutuko bideoa dago.
Barrokoan oso ospetsua zen gai bat izan dute inspirazio iturri erakusketaren azken atalean: vanitas-a. Natura hilak esanahi berezi bat hartu zuen, moztutako frutak, hildako hegaztiak, baita lore ederrak zein baliozko objektuak ere. Objektu horiek guztiek bizitza laburra dela gogorarazten diote ikusleari. Aluminioaren gaineko esmaltezko lau irudi hiperrealistaren bidez, neurrigabekeria eta oparotasuna irudikatzen saiatu da Marilyn Minter. «Glamour-aren patologia» deitu diote hainbat arte kritikarik.
Mende bi, aurrez aurre
XVII. mendeko artisten margolanak eta arte garaikideko sortzaileenak parean jarri ditu 'Barroko neurrigabea' erakusketakUrriaren 6ra arte egongo da ikusgai Bilboko Guggenheim museoko hirugarren solairuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu