«Maitasun mirari bat». Hala definitu zuen PEN International Paul Valeryk, 1925ean. «Ahots independenteak gero eta gehiago zapaltzen dituzten mundu batean, PEN ez da luxu bat, premia bat baizik», ohartarazi zuen Margaret Atwoodek, 1984an. Eta PEN horren funtsa hala azaldu zuen Orhan Pamukek, 2006an: «Idazle bat tokiren batean aske ez denean, idazle bat bera ere ez da aske. Horixe da, hain zuzen ere, mundu osoko idazleek PEN klubari dioten elkartasuna adierazten duen espiritua». Hiru idazleen esanek balio dezakete PEN zer izan zen eta zer den azaltzeko. Asmo batekin jaio zen nazioarteko erakundea, 1921ean: literatura eta adierazpen askatasuna babestea. Eta horretan aritu da ordutik hona, mende betez. Urteurrenaren harira, bere ibilbidea errepasatzen duen liburu mardula ondu du. Ehunka irudiz jantzitako 320 orrialdetan jaso du bere historia, eta bere hiru hizkuntza ofizialetan —ingelesa, frantsesa eta gaztelania— argitaratu du lana. Zenbait klubek beren hizkuntzara itzuli dute. Hala, Euskal PEN klubaren ekimenez euskaratutako edizioa plazaratu du Txalaparta argitaletxeak.
Carles Tornerrek eta Jean Martensek editatu dute liburua, eta Ginevra Avalle, Jennifer Clement, Peter McDonald, Rachel Potter, Laetitia Zecchini zein Torner izan dira egileak. Ikerketa historikoa egiteko, gutunak, dokumentu ofizialak, argazkiak, artelanak eta oroitzapen pertsonalak baliatu dituzte. Euskarazko edizioak, halaber, Euskal PEN klubaren historia jasotzen duen atala dakar. «2017 inguruan hasi ziren mendeurrenari begirako kontuak prestatzen, eta liburua zen asmo horietako bat», azaldu du Laura Mintegi Euskal PENeko lehendakari, idazle eta EHUko irakasleak. Liburuan parte hartzeko proposamenaren aurretik, nork bere taldearen historia biltzeko eskatu zieten tokian tokiko zentroei Londresko egoitzatik, gero guztia erakundearen webgunean jartzeko. «Zentro asko etxean zutena arakatzen hasi ziren, eta bolumen handia hartzen joan zen. Orduan ohartu ziren Londresen altxor ikaragarria zegoela hor, eta nola edo hala jaso beharra zegoela». Euskal PENeko kideak beren dokumentuak bildu ahala ere jabetu ziren «oso artxibo polita» zutela esku artean. «Hala, bi helburuk bultzatu gintuzten liburua egitera: batetik, Euskal PENen historia kontatzea; eta, bestetik, liburu osoa euskal irakurleari eskaintzea».
Duela urte eta erdi inguru, nork bere hizkuntzan ateratzeko aukera proposatu zieten zentroei. «Eta nire harridurarako, oso hizkuntza gutxitara itzuli da», dio Mintegik. PENen hiru hizkuntza ofizialetan ez ezik, soilik euskaraz, katalanez eta alemanez plazaratu da osorik; suedieraz eta japonieraz ere ateratzekoak dira; eta Tibeteko zein Esloveniako zentroek beren atala soilik idatzi dute beren hizkuntzan. Maddalen Subijanak, Sara Arregik eta Maia Ossak egin dute euskarazko itzulpena.
Zuzendaritzako kideek bilera luzea egin zuten liburua itzultzeko interesa zuten zentroekin, euskal ordezkariekin tartean. Mintegi: «Liburua oraindik proiektua zenean, egitasmoa erakutsi ziguten, eta liluratuta geratu ginen». Liburuaren bi gakok «harrapatu» zuten Mintegi: «Alde batetik, ez zela besterik gabe liburu kronologiko bat, baizik eta tematikoa». Izan ere, erakundearen lehen urteetako historia aletu ostean, PEN klubaren hiru ardatz nagusien arabera azaldu dute bere ibilbidea: idazle jazarriak; hizkuntza gutxituak; eta emakumeek idatzitako literatura. «Horiek dira, hain zuzen ere, gure jardueraren ildoa, hiru ardatz horien inguruan egiten dugu lan gehien. Eta gustatu zitzaidan ikustea ez zela besterik gabe kronologia bat, baizik eta hiru ardatz horien gainean bazegoela kontakizun bat».
Erakundearen xehetasunetan bainoago, egindako lanean fokua jartzea izan zen liburutik erakarri zuen beste ideia. «Zalantzarik gabe, harrapatu ninduena izan zen ikustea hau ez dela erakunde baten historia; hemen ez da hitz egiten erakunde bati buruz, hemen hitz egiten da munduan idazleek izan dituzten erasoei eta lorpenei buruz. Norbaitek jakin nahi badu nola egin zaion eraso adierazpen askatasunari munduko edozein lekutan eta edozein formatan, liburu honetan topatuko du». Hori guztia jasotzea da liburuaren ekarpen nagusia, Mintegiren ustez. «Hau da gaion inguruan dagoen dokumentazio sendoena».
Londrestik mundu osora
Catharine Amy Dawson Scott eleberrigile eta poetak sortu zuen PEN, 1921eko urrian, Londresen. Idazle talde bat bildu zuen afari batean, hirian idazleak elkartzeko klub bat sortzeko. Baina hasieratik nahi izan zuten mundu osoan zentroak izango zituen klub bat sortu. Lehen Mundu Gerra bukatu zela urte gutxi ziren, eta arazoak hitzaren eta elkar ulertzearen bidez konpondu ahal zirela pentsatzen zuten. Hala, idazleen arteko adiskidetasuna, lankidetza eta hartu-eman intelektuala sustatzea xede hartuta, laster hasi ziren beste zentro batzuk osatzen. Hamarkadaren bukaerarako, 45 hiritan ireki zituzten klubak.
Bere asmoen adierazpen gisa, PEN Gutuna landu zuten kideek. Zerk elkartzen zituen azaltzen zuten printzipioak jaso zituzten idatzian: literaturak ez duela mugarik ezagutzen; edozein egoeratan —gerra garaian bereziki— sorkuntza lanek ez luketela kalterik jasan behar;nazioek elkar errespetatzearen alde egingo zutela; eta adierazpen askatasuna edozein eratan mugatzearen aurka egingo zutela. Egun, milaka kide biltzen dituzten 150 zentro daude munduan, eta guztiek gutuna sinatu behar dute. PEN siglek, jatorrian, Poets, Playwrights, Essayists, Editors eta Novelists (poetak, gidoigileak, saiakeragileak, editoreak eta nobelagileak) hitzak biltzen zituzten; egun, kazetari, itzultzaile edo literaturaren edozein arlotako profesionalak ere izan daitezke kideak.
PEN Internationalek hasieratik zehaztu zuen «politikoki independentea» zela. Baina tokian tokiko egoera politikoak erabat baldintzatu ditu bere jarduna eta izaera. Horren lekuko dira idazle erbesteratuen zentroak, hastapenetan bertan sortzen hasi zirenak. Alemaniakoa izan zen lehenetarikoa, nazien alderdia nagusitzeaz bat ihes egin zuten hainbat idazle alemanek Londresen sortu zutena. Gerora, beste hamaika erbesteko zentro eratu dira munduan. Izan ere, zentroek beren kideak ordezkatzen dituzte, ez herrialdea. Eta bada zentro bat baino gehiago duen herrialderik ere.
Ibilbide horri errepasoa eman ostean, PEN klubaren jardun ildo nagusiei heltzen die liburuak, eta hor ageri da urteotan egin duenlanaren mamia.Urteekin lan esparru bakoitzerako batzorde espezifikoak sortu ziren, zeinak lau diren egun. Idazle Espetxeratuen Aldeko Batzordea izan zen lehena sortzen, 1960an, nahiz eta hastapenetatik aritu zen PEN hitza erabiltzeagatik preso hartutakoen kasuak salatzen. Jacques Roumain, Ludwig Renn, Federico Garcia Lorca eta Artur Koestlerren kasuak izan ziren defendatu zituen lehenetarikoak, eta beste ehunka izan dira gerora. «Hori izan zen abiapuntua, eta egun ere batzorderik aktiboena eta garrantzitsuena da oraindik. 80 zentro daude bertan lanean», azaldu du Mintegik. Idazle askoren kasuei egin die jarraipena PEN klubak. Hainbat aske uztea lortu du, edo zigorra murriztea, baina beste hainbatetan kale egin dutela aitortu du Mintegik. «Badira hainbat izen oso mingarriak PEN familiarentzat». Adibiderako, Ken Saro-Wiwa, Anna Politkovskaia eta Hrant Dinken kasuak gogorarazi ditu.
Jaiotzen hurrengoa Itzulpenaren eta Hizkuntza Eskubideen Batzordea izan zen, 1978an. Bi xederekin sortu zen: hizkuntza gutxituetako literatur lanen itzulpena sustatzea, eta hizkuntza eskubideak babestea. Mintegi: «PENen dute jatorria une honetan hizkuntza eskubideen gainean munduan dauden dokumentu unibertsal garrantzitsuenek». Hizkuntza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak, beste askoren artean. Ildo horri buruzko atalean, Euskaldunon Egunkaria-ren auziaren inguruko bi orrialde ere badakartza liburuak.
1984an Bakearen Aldeko Idazleen Batzordea sortu zen, eta gatazka egoeretan zubiak eraikitzearen alde egiten dute ordutik. Urteetan Israel eta Palestinaren arteko auzian jardun direla jarri du adibidetzat Mintegik. Eta 1986an sortu zenetik lanean segitzen du Emakume Idazleen Batzordeak ere. Mintegiren hitzetan, «garai batzuetan aktibitate gehiago izan du, baina gehienetan kostatu egin zaio ibilbide bat izatea, eta pena da, ze badauka zeregina».
Urteotan PEN barruan «eztabaida handiak» izan dira, azken batean, «NBE txiki baten modukoa» baita, Mintegiren hitzetan, eta ikuspuntu ezberdinak agertu izan dituzte zentroek adierazpen askatasunak izan ditzakeen mugei buruz kasu askotan. Edonola ere, ehun urteotan ekarpen nagusi bat egin du, haren ustez: «errespeturako gune bat» sortzea. «Gorabeherak gorabehera, eta tentsioak badaudela ukatu gabe, komunitate handi batek sinisten du hitza askea izan behar dela eta edozein adierazpen errespetatu behar dela. Hain komunitate handiak —eta horren eragin handikoak— hori sinistea oso lorpen handia da».
Mende betez hitzak babesten
Ehun urte bete ditu PEN International erakundeak, eta literaturaren eta adierazpen askatasunaren alde eginiko lana liburu batean bildu du. Euskal PEN klubak euskaratu du, eta Txalapartak argitaratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu