Duela gutxi artisten eskubideei buruzko testu interesgarri bat irakurri dut. Artelanen erreprodukzioak egiterakoan artistek kobratu behar dutela aldarrikatzen du, hala nola erakusketa bat antolatu, edo bestelako edozein lan sortzaile egiten dutenean. Hain zuzen, egileak adierazten du eskubide indibiduala izateaz gain, betebehar kolektiboa dela ordain hori eskatzea, ez eginez gero, guztien ordainsariak zalantzan jartzen direlako, eta profesio osoaren egoera ekonomikoari kalte egiten zaiolako. Ospearekin ordaintzearen tranpan ez erortzeko esaten die artistei, alegia, ez dezatela ezeren truke euren lana erakutsi ospea lortuko dutelakoan.
Harritu nauena ez da testuak esaten duena, noiz idatzi zen baizik: Lu Märten arte kritikari eta teorialari marxistak ondu zuen 1915ean, Lehen Mundu Gudaren erdian. Lehen aldiz eman dute gazteleraz Märtenen eta Hannah Höch artistaren zenbait idazlan biltzen dituen Dos mujeres con gato liburu ederrean. Irakurri bitartean batek zalantza du orain dela mende bat edo atzo idatzi ote zen.
Hain zuzen, gogora etorri zitzaidan 2012 inguruko pasarte bat. Krisiaren ondorioak oraindik pil-pilean zeuden eta erakustoki askoren aurrekontua bortizki moztuz zihoan urtero. Testuinguru hartan, galeria bitartez nahikotxo saltzen duen artista bati erakusketa bat dohainik egitea eskaini zion erakustareto publiko batek, eta berak serioski baloratu zuen aukera. Ordaina ospea izango zen, noski: lanaren prezioa merkatuan igotzea da ospe horren esanahia. Merkatu kapitalista batean, ospe horrek gutxi batzuentzat onura handiak dakartza, gehienak bazterrean uztearen truke.
Bazterrean geratzeko arriskuan zeudenak bere lagunak zirenez, argi utzi zioten ordaindu gabe erakustearen irizpidea finkatzen bazuen, eurek diru sarrera nagusi bat galduko zutela, ez baitzuten lana salduko zien galeriarik. Merkatuaren kontrako pentsamenduak ez, baina lagunak galtzeko aukerak konbentzitu zuen artista hura, eta erakusketa ez zen baldintza horietan gauzatu. Beldurgarria da, hala ere, mende bat pasatu eta gero, eta guda egoeran egon gabe, artisten arazoak hain antzekoak izaten jarraitzen dutela ikustea.
Hauei aurre egiteko (eta merkatuaren eskuetan panpina bat ez izateko) kulturgileek praktika onen kodeak aldarrikatu dituzte, eta baita zenbait hobekuntza lortu ere, nahiz eta oraindik asko dagoen egiteko. Märtenek erakundeengandik hain mendeko ez izateko beste proposamen bat egiten zuen 1915 hartan: artisten elkarlaguntzarako elkarteak. Sindikatuak bezala, artistek lanak emango zituzten, elkarteek hauek kudeatu eta kide guztien artean banatuko zuten ateratako dirua. Arazoen antza ikusita, agian garai horretan proposatutako konponbideak kontuan hartzea ez da ideia batere txarra.