Aurten, hiru astez aritu dira Aranzadi zientzia elkarteko arkeologoak Auritz eta Aurizberri artean indusketa arkeologikoak egiten, Zalduako aztarnategian (Nafarroa). 2017an harrizko eraikin baten iparraldeko aretoetan hasitako lana jarraitu dute, eta aurretik landutako hipotesia berretsi. Lehen mendeko 10. urtean jarri zen abian terma bat han, eta, gutxienez, 80-90 urte funtzionatu zuen. Hartara, mende bat inguruko terma bat azaleratu zaie, eta harekin batera agertu dira funtzionamenduarekin lotutako objektu ugari.
Ikerketan, gainera, ustekabe bat ere izan dute, Oihana Mendizabal indusketako buruak azaldu duenez: «Ikusi dugu termak bi garai izan zituela. Gune honen hastapenetan ireki ziren termak, Kristo ondorengo I. mendean, Augusto enperadorearen garaian. Gero, terma hori handitu egin zen: aurretik zegoen eraikinaren logika apurtu, eta berrantolaketa handi bat egin zuten». I. mendearen amaieran edo II. mendearen hasieran utzi zuten terma, bat-batean.
«Balorazio ona egingo nuke, material asko aurkitu baitugu eta objektu horiek interesgarriak baitira».
OIHANE MENDIZABAL Aranzadiko ikerlaria eta Zalduako indusketa burua
Hastapenetako froga gisa, garai hartako txanpon bat aurkitu dute. «Orain arte aztarnategian identifikatu den txanponik zaharrena da», esan du Mendizabalek. Augusto enperadorearen eta haren lagun min Marko Agripa jeneralaren irudiak ageri dira aurkian. Ifrentzuan, berriz, krokodilo bat ikus daiteke ozta-ozta, lausoturik. Hala baieztatu die Mikel Legorburu Aranzadiko numinastika adituak. Galia probintzia erromatarraren hegoaldean landu zen txanpon hori.
Aurtengo indusketa saioaren emaitza ezagutarazteko, agerraldi bat egin dute gaur Aranzadiko kideek, Unai Irigarai Aurizko alkatearekin batera. Ikuspegi zientifikotik, pozik daude: «Balorazio ona egingo nuke, material asko aurkitu baitugu, eta objektu horiek interesgarriak baitira. Horietako zenbaitek berretsi egin dituzte aurretik genituen hipotesietako batzuk, eta beste zenbaitek, berriz, zalantzan jarri, baina adierazgarriak zaizkigu aurrerago hipotesiak planteatzeko», esan du Mendizabalek.
Hainbat erakundek finantzatu dute indusketa. Horietako bat Aurizko Udala da; aterpea eta baliabideak jartzeaz gain, dirua ematen du. «Hasieratik ikusi genuen proiektu interesgarria zela», azaldu du Irigaraik. Aurten, Nafarroako aurrekontuetan zuzenketa bat onartu dute, eta astebete gehiagoz egin dituzte indusketa lanak; aurreko urteetan bi astez aritu izan dira, eta aurtez hiru astez.
Galderetan sakonduz
Asturica Augusta eta Burdigala hiriak —egungo Astorga (Espainia) eta Bordele (Frantzia)— lotzen zituen galtzada erromatarrak egituratzen zuen Zalduako aztarnategiko hirigunea, oraingo Auritz bezala. I. mendetik V.era arte egon zen zutik, eta haren bihotzean harrizko eraikin bat zegoen, 800 metro koadroko eremua hartzen duena.
2017tik, eraikini hori da Aranzadiko ikertzaileen jomuga, «erreferentzia bat» baita: herriak 400 urtez izandako aldaketetara egokituz joan zen eraikina, eta egokitzapen horien aztarnen bila dabiltza. Ez da lan erraza puzzlea osatzea.
Azken bi urteetan induskatutako eraikinaren iparraldeko eremua da horren adibide. Iaz, lurraren azaleran, azken garaiko aztarnak agertu ziren, eraikina burdindegi bat zenekoak. Aitzitik, lurrean sakondu ahala, lehen ehun urteetako aztarnak azaleratu dira aurten, terma bat izan zen garaikoak.
Termak egitura konplexuak ziren, eta funtzionatzeko beharrezko ziren osagaietako batzuk aurkitu dituzte ikerlariek. Tartean, gunea bero edukitzeko behar ziren adreilu eta hodi zatiak, eta teilak. Termetako marmol zatiak ere agertu dira: zuriak eta arrosak. Azken horiek Pirinioetako ustiategi batetik ekarri zituzten. «Ikusten dugu lotura bat zegoela Pirinioen artean, ipar eta hego isurialdean», esan du Mendizabalek. Tokiko zeramika zatien eta inperioan erabiltzen ziren zeramika landuagoen aztarnak ere aurkitu dituzte. Horrek erakutsiko luke galtzada erabiltzen zuten bidaiarien eta bertan bizi zirenen arteko harremana.
Bitxikeria interesgarrien artean, olio luzerna baten zatia aurkitu dute, Jason eta argonauten kontakizunean aipaturiko urrezko ahari larruaren irudi bat ageri duena, Erromatar Inperioan Greziako mitoak ezagun ziren seinale. Halaber, fibula bat agertu zaie osorik: arropan jartzeko metalezko kateorratz bat, alegia.
Hori guztia ikusgai izango da larunbatean Zalduan egingo den doako bisitaldi gidatuan. Euskarazko azalpena 11:00etan hasiko da.