Donostia eta inguruak turismoaren eremuan sustatzeko tresna garrantzitsua izan zen kartelgintza. XIX. mende amaieratik XX. mendeko 70eko urteetara bitarteko kartelen eta irudien hautaketa bat jarri dute ikusgai hirian orain, San Telmo museoan, Klima paregabea.Udako kartelak izenburupean. Urriaren 15era arte egongo da ikusgai, eta hainbat hitzaldi eta tailer egingo dituzte zabalik dagoen bitartean.
250 pieza inguru bildu dituzte, poster, liburuxka eta programa artean. Kartel baten gaztelerazko izenetik hartu dute erakusketaren izenburua; 1934an egin zuen irudi hori Manolo Prieto artistak. Termometro bat irudikatu zuen, garai haietako Donostian udan zeuden 22 graduak erakusteko, eta Espainiako leku batzuetako muturreko tenperaturen alternatiba gisa aurkezteko hiria.
Mikel Lertxundik egin ditu erakusketaren komisario lanak, eta, haren ustez, esloganen indarraz baliatu izan dira urteetan Donostiaren publizitate kanpainak sortzeko: «Argazkigintzaren bultzadak marrazkiari lekua kendu aurretik, giro ezin egokiagoa zegoen diseinu turistikoa garatzeko. Eskaria, talentua eta ekoizpen baliabideak bateratu izanak ondare baliotsu hori bultzatu zuen, eta horri esker daukagu orain hautespen zabal hau».
Asko falta dira, dena den. Lertxundik esan duenez, kartelak sustatu zein ekoitzi zituzten erakunde eta inprentetako asko jada desagertu egin dira, eta beste batzuen artxiboak lekuz aldatzeak, denboraren gorabeherekin batera, «biziraupen zaila» ekarri die lanetako askori: «Espainiako gerran, esaterako, asko galdu ziren. Gaur San Telmon ikusgai dauden lanak hondoratze baten hondakinak besterik ez dira».
Giroaren kontakizuna
Bizirik iraun dutenek «faktore konbinazio batengatik» iraun dute, eta horien artean «pertsona gutxi batzuen sentsibilitatea funtsezkoa» izan da, komisarioaren hitzetan. «Sentiberatasun handiz babestu zituzten kartelak, zeukaten sormen balioa emanez; horregatik dira, egun, garai baten gogorarazleak». Norbanako soilek egin zuten antzera, hainbat artistak ere beren gain hartu zuten zeregin hori: «Haien sorkuntzei eusteaz gain, noizean behin, gainontzeko kideenak ere bildu izan zituzten hainbatek».
Lertxundik zehaztu du erakusketak ez duela biltzen Gipuzkoako kartelgintzaren historia. Besteak beste, bertan ez baitago ikusgai merkataritza nahiz politika ardatz duen materialik. Izan ere, helburu nagusi bat dute irudiek: «Haiek sortzea eragin zuten testuinguruen kontakizuna dira, aro hartako marrazkilari onenen eskutik irudikatuak».
Pieza ezagunetatik hasi, eta ia mende batez argitaratu gabe egon diren beste lan batzuetara artekoa da erakusketarako prestatu duten aukeraketa. Eta, Lertxundiren ustez, guztiak «batera ikusita, nortasun turistiko baten eraikuntza nabarmentzen dute». Halaber, komisarioak gehitu du diziplina askotako 90 artista ingururen lanen berri ematen duela bildumak. «Horiei zor diegu gaur egun ondare horretaz gozatzeko aukera izatea».
Ekitaldien iragarle
Hautatutako pieza gehienak San Telmo museoaren bildumarenak dira. Gainerakoak norbanakoek lagatakoak eta euskal erakunde zein elkarteenak dira. RAC Hego Euskal Herriko Automobil Klubarena da horietako bat. Elkarte hori aurten ari da ospatzen bere mendeurrena, eta, hark maileguan emandako lanei esker, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) zirkuituko auto lasterketen aldi guztietako kartel sorta estreinakoz jarri ahal izan dute ikusgai.
Donostia ikusmiran jartzeko, kartel turistikoez harago, udan bisitarien eta bertakoen dibertimendurako egiten ziren ekitaldi ugariak iragartzeko ere, hainbat kartel egin zituzten garai hartan. Horiek ere ikusteko parada dago erakusketan: kasinoko festetakoak, auto eta zaldi lasterketenak, estropadetakoak, arte erakusketenak, eta uso-ehiza zein tenisari lotutako lehiaketenak, esaterako.
Hala ere, turismoa bultzatzeko plan orotan bezala, hiriaren balio eta alderdi erakargarri denak ez dira aintzat hartzen, Lertxundiren ustez: «Batzuk berariaz baztertzen dira, eta, horregatik, zenbait joera jakinetan oinarritutako eta itxuratutako nortasuna dago islatuta karteletan». Diseinuaz gozatzeko eta hiriko historia ezagutzeko aukera eskaintzen du hautaketak, baina baita turismoa sustatzeko atzo eta gaur erabili izan den narratibaz eta moduaz gogoeta egiteko ere.
Mende bat karteletan irudikatua
'Klima paregabea. Udako kartelak' erakusketa ireki dute San Telmo museoan. Donostia turistei iragartzeko egin ziren irudiak biltzen ditu. 1887tik 1970era sortutako ia 250 pieza ikusi ahal izango dira, urriaren 15era bitartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu